Jolastokia eraberritzen ekaina amaiera bitarte jarraituko dute

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 12a, 07:59

Auzolanean egiten ari diren lanari esker Alegiako eskolako jolastokia itxura berria hartzen ari da; Iturri Zahar guraso elkarteak diru laguntzak lortu ditu.

Alegiako Iturri Zahar guraso elkartea orain urte batzuk jangela proiektuarekin hasi zenean sortu zen eskolako jolastokia eraberritzeko nahia. Martxan jarri zuten parte hartze prozesu bat tarteko, herriko eragile ezberdinen iritziak jaso, eta jolastokia eraberritzeko proiektua gauzatu zuten. Orain, jada auzolanean hasita daude itxura aldatzen.

«Betiko espazio bat zegoen, eta azken hamarkadetan ez da ezer egon jolastoki honetan», kontatu du Olatz Irazustabarrena gurasoak. Herri eskola eta Aralar institutuaz gain, herriko jolastokia da, eta herriko talde ezberdinak biltzen ditu. Hori horrela, parte hartze prozesu bat jarri zuten martxan. Eta orain hasi duten eraberritzeko auzolana, azken bi-hiru urteetan egina duten parte hartze prozesuaren ondorioa da. Aurretik, udalak, Haur Hezkuntzako jolastokiaren eraberritzeko ardura hartu zuen.

Genero ikuspegitik «kezka» zutela esan du Ainara Tomasena gurasoak, eta landu egin nahi zutela: «Zementuz betetako jolastokia da, aurrealdeko espazio garrantzitsuena futbol zelai bat zen, eta horretarako erabiltzen zen». Ariketa fisikoa futbolarekin bakarrik bultzatzen zutela ikusten zuten; «mutilek bakarrik hartzen zuten espazio hori, eta oso ume gutxi ikusten zen aurrealdean». Neskak, berriz, normalean atzealdean edo periferietan geratzen zirela zehaztu du Tomasenak.

Eraldaketaren atzean ez daude gurasoak bakarrik: «Gure kezka hasiera-hasieratik izan da zuzendaritzarekin partekatua, eta elkarlanean eginikoa izan da», azpimarratu du Irazustabarrenak. Irakasleek ere jolas garaian liskarrak ikusten zituztela eta generoarena oso nabarmena zela adierazi du.

Proiektua aurrera eramateko diru laguntzak eskatzeaz arduratu da guraso elkartea; «guk eskatu ditugu diru laguntzak eta gu mugitu gara, izan ere, askoz errazagoa da dauden laguntza batzuk guk lortzea». Hala, diru laguntza bat baino gehiago lortu dituzte: «Azkenean dirua behar da, eta gure erronka dirua lortzea da proiektua aurrera eraman ahal izateko». Proiektua gauzatu ahal izateko Auzolan batzordea dute eratuta, eta bertatik bideratzen ari dira.

Hasi, batik bat, margotze lanekin hasi dira. Osatua duten proiektua, «oso polita» dela diote, baina jolastoki osoa hartzen du, eta horrek diru asko eskatzen du. Honenbestez, lortua duten dirua kontuan hartuta lehentasunak markatu dituzte. Pareta batean frontoi bat margotu dute, eta baranda guztiak ere margotu dituzte. Futbol zelaiko ateak aldatu dituzte, hau da, jolastoki guztia okupatzetik, erdia okupatzera pasa da futbol zelaia: «Ateak margotu eta futbol zelai berri bat margotu dugu».

ESPAZIO EZBERDINAK SORTZEN

Proiektua bere osotasunean momentuz ezingo dutela gauzatu adierazi dute, baina ekaina bitartean, jolaslekuan elementu naturalak jartzea dute helburu. «Pixkana-pixkana espazio ezberdinak sortzen joango gara».

Lehen fase honetan, ekainaren amaiera bitarte, loreontziak, eserlekuak, toka,... jartzea falta zaie. Gerora, gauza gehiago egiteko asmoa dutela aurreratu dute. Bien bitartean, auzolanerako deialdiak zabaltzen joango dira guraso elkarteko kideak.

Aldaketa guztiek berarekin dakartzate aldeko eta kontrako iritziak, eta Alegiako eskolan ere horixe gertatu dela kontatu dute. Hala ere, helburua argi dute zein izan den: «Auzolanarekin baloreak transmititu nahi izan ditugu, ez da bakarrik nora iritsi nahi dugun, baizik eta prozesua; erantzunak era guztietakoak izan ditugu, baina pentsatzen dugu denborarekin jendea joango dela ikusten zergatik egin ditugun aldaketak».

Prozesua luze doa, eta bidean zehar lagundu dieten guztiei «eskerrak» eman nahi izan dizkiete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!