Elorri Aldapak igoera faseko finalerdia jokatuko du larunbatean Arrasaten

Ataria 2022ko maiatzaren 11

Autobusa antolatzea pentsatzen ari dira eta interesatuek taldearekin harremanetan jarri behar dute posta elektronikoz edo Instagram bidez.

Elorri Aldapak saskibaloi taldeak igoera faseko finalerdia jokatuko du larunbatean, Arrasateko Musakola kiroldegian, 16:15ean hasita, Mondragon Unibertsitatea taldearen aurka. Iragan larunbatean asko sufritu behar izan zuten Elgoibarko Modelos Modelberri taldea kanporatzeko. Joaneko partidan lortutako hiru puntuko errentari esker lortu zuten sailkapena alegiarrek. Itzulerakoa 55 eta 57 galdu zuten baina puntu bakarreko alde horrengatik bada ere, aurrera egitea lortu dute eta finalerdietan dira. Azken jabetza Elgoibarkoena izan zen baina alegiarrek defentsa lan bikaina egin zuten eta aurkarien saskiratzea ekidin zuten. Finalerdia partida bakarrera jokatuko da.

Taldeko kideek eskerrak eman nahi dizkiete zaleei. Larunbatean asko izan ziren Elorri pilotalekura hurbildu ziren zaleak eta etengabe taldea animatzen aritu ziren, kanporaketa ihes egiteko arriskuan izan zenean taldea bultzatuz.

Autobusa Arrasatera

Elorri Aldapak autobus bat jarri nahi du larunbatean Arrasatera joan nahi duten zaleentzat. Gauzak horrela, partidara autobusez joan nahiko luketen zaleei taldearekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie. Elorri Aldaparen Instagram kontuaren bidez edo elorri.aldapa@gmail.com helbidera idatzita jarri daitezke taldearekin harremanetan zale horiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!