Elkarrizketa

«Sendabelarrak liluratik ikusita arriskuak hartzen ari gara, eta jakin gabe»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 4a, 07:59
Argazkia: Dani Blanco / Argia

Garbiñe Larreak hilaren 10ean, 18:30ean, 'Sendabelarrek dakitena' hitzaldia eskainiko du Alegiako kultur etxean; osasunaz ari dela eta, «zentzuzko irakurketa eta erabilera» egitea eskatzen du.

Nahiz eta Zuzenbidean lizentziatu, Garbiñe Larrea Iturralde (Urnieta, 1976) naturopata da. Argiarekin Sendabelarrek dakitena liburua argitaratu du, eta liburuari tiraka, hilaren 10ean, 18:30ean, hitzaldia emango du Alegiako kultur etxean.

Zein mezu jasoko dute hitzaldira doazenek?

Hitzaldiak bi zati ditu. Konturatu nintzen ez zuela zentzu askorik idatzitako liburuari buruz bakarrik jarduteak. Liburuaz aritzen naiz, eta nola izan den Argiak egin didan proposamena, prozesuaren idazketa, zergatik 45 landare, nola planteatzen dugun sendabelarrekin lan egitea, baina bigarren zatian, tokian tokira noala, han zein sendabelar dauden, zein garaitan gauden eta zer egin dezakegun lantzen dut. Bertaratzen denari baliabide batzuk eman nahi izaten dizkiot, eta lanean has dadila. Horrela planteatzea dut, entzulea ez dadin hartzaile pasibo bakarrik izan. Erronka sendabelar horiekin zerbait egitea da, eta bigarren zatia ia beti praktikoa da.

Parte hartzea aberasgarri suertatzen da?

Oso-oso aberasgarria izaten da. Hitzaldi hauetara emaile bezala noa, baina hartzailea ere banaiz neurri handi batean. Jendeak bere ekarpenak egiten ditu eta ez dira zerotik abiatzen; asko bai, baina beste asko ez. Askok denbora bat edo beste askok bizi guztia daramate sendabelarrekin lanean. Aberastasun handi baten jabe ere badira, eta orduan, askotan gertatu zait parez pareko elkarrizketak izatea.

'Sendabelarrek dakitena' da liburua. Asko dakite?

Bai. Berez oso zaila da sendabelarren liburu bati izena jartzea. Lan taldeko bileran liburu mordo bat jarri genituen mahai gainean, eta inpresioa genuen izenburu guztiak asmatuta zeudela. Hasieran izenik ez zuen proiektuak, eta neure buruari hutsetik hastea eskatu nion. Berriro behetik begiratzea. Harrigarria da zertarainoko gaitasunak dituzten; guk oraindik ere ez ditugu ondo ezagutzen, oro har landareak eta baita sendabelarrak ere. Apur bat probokatzailea ere bada. Badirudi jakitea gizakiaren monopolio bat dela eta nik esan ohi dut jakintza maila ezberdinak daudela, eta sendabelarrek eta landarediak baduela guk oraindik ere ezagutzen ez dugun jakintza maila bat. Hau azken urteetan egin diren ikerketetan oinarrituta esaten dut.

Sendabelarrek lagundu edo sendatu dezakete?

Lagundu dezakete bai eta ez, hau da, lagundu dezakete nik bihotz errea edo azaleko azkura baldin badut, baina nik etxean, esaterako, bi diabetiko ditut, eta diabetikoen kasuan oso gutxi lagundu dezakete. Lagundu diezaiokegu zirkulazioa hobetzen, neurri aringarri batzuk ipintzen, baina hainbat kontu oso garbi izan behar dira, eta non dauden mugak. Noski, sendabelarrekin lan egin dezakegu, lagundu dezakete, eta batzuentzat lehenengo aukera terapeutikoa dira, eta bakarra. Hori posible denean oso ondo, baina ez da beti posible. Nik ere horretan egiten dut lan, eta ez daukat inorekin gaizki konpontzeko inolako asmorik, eta sinisten dut osagarritasunean. Eta sinisten dut gaur egungo bideak medikuntza integratiboa izan behar duela; guk nahi ezta ere, praktikak hori erakusten digu. Jendeak gero eta gehiago jotzen du honen bila erantzun bat behar duelako. Askotan ikusten dugu benetako tratamendu onik ez daukalako jotzen duela sendabelarretara. Beste batzuetan sendabelarra da lehenengo aukera eta bakarra. Galderari berari erantzutea ez da erraza konplexutan handia dagoelako.

Sendabelarretarako joera handitu da, beraz.

Baliteke pandemia ondoren izatea, baina lehendik ere bazetorren joera da. Gure herri ondarea izan dela ikusten dut. Askok esan didate galtzen ari dela, eta urte batzuetan horrela pentsatu dut. Orain kontrakoa dela iruditzen zait. Hau ez da galtzen ari, baina beste kontu bat da nola zabaltzen den, non kokatua dagoen, eta zein difusio maila duen. Jendeak ezagutza maila altua duela ikusten dut, eta erabilera maila ere handia da.

Belaunaldien arteko transmisioan informazioa galdu da?

Bai, dudarik gabe. Galdu egin da transmisioa, eta hori etxe askotan ikusi dugu. Ikastaroetara etorri izan zait jendea amorru handiz «amonak bazekien egiten, nire amak ez zuen ikasi nahi izan, eta nik jada ez dakit», esanez. Askotan entzuten dut kate hori eten dela. Pena du jende askok eta damua etxeko ondarea galtzen utzi izanaz, beste aukerak lehenetsi zituztelako.

45 sendabelar aukeratu dituzu.

Aukeraketa ez da erraza izan. Jada kargu hartu didate batzuk sartu ez ditudalako, eta bigarren liburu bat eskatu didate. Irizpide batzuk ezarri beharra zeuden, eta beti da arriskua motz geratzeko, nahiz eta, nire ustez 45 modu sakonean landu ditugun. Lehentasuna eman genion bertakoak izateari, erraz aurkitzeari eta arlo ezberdineko arazoak tratatzeko gai izateari, hau da, ez lerratzea arazo jakin batzuetara. Jendearen beharrei begiratuz aukera ematea, bai zer tratatu nahi dugun eta baita zer landaredi edo sendabelar erabiliko ditugun ere. Arruntak izate horretan asko dira oso bertakoak, oso ezagunak. Badirudi dena dakigula horiei buruz eta ez da horrela. Beste batzuk bakanagoak dira, gutxiago daudenak, baina berreskuratzea merezi dutenak dira, hain zuzen ere, ordezkapena gertatu delako eta kanpotik ekarritako sendabelar askoren lilurak jendea itsutu duelako, eta gero ez du pasmo belarra ezagutzen. Aldarrikatzeko ariketa bat da. Gureak ditugun horiei bere tokia emateko, eta baita erabilera seguru bat berreskuratzeko ere.

Guztiak erabili behar dira?

45ak ez dira behar, eta askotan dozena erdi nahikoa dira, eta bakoitzaren gorputzaren arabera, akaso, dozena bat. Asko oso ohikoak dira, norberaren begietan, memorian baditugun landareak dira, ez dira arrotzak, eta horiekin jada egin dezakegu etxerako botikina. Norberak bere buruari ahal duen neurrian eta posible den neurrian laguntzen hasteko. Niretzat balkoian bertan ereitea ere beste aukera on bat da.

Denentzat ez dute balio eta tentuz erabili behar dira ezta?

Tentuz dudarik gabe. Liburu askotan faltan bota izan dut kontraindikazioen edo toxikologiari buruzko atala. Badirudi sendabelarra izateagatik zoragarria dela dena, eta onurak besterik ez dituela, eta hori sendabelarrei gaizki begiratzea da. Sendabelarra bere osotasunean ikusi behar da. Niri ez dit balio esateak nire amonak horrela hartzen zuela, esaterako, egunero tiroideen pilula hartzen baldin badu; ez da ezkontzen sendabelar horrekin. Ez dit balio zure familiako kidearen proportzioak eta ezta zure osasun egoera harenarekin parekatzeak. Kontuz atala liburuan zailena izan den atala da; laguntza eskatu behar izan dut eta aholkularitza. Sendabelarrak liluratik ikusita, arriskuak hartzen ari gara, eta jakin gabe gainera. Niretzat oso garrantzitsua da modu seguru eta eraginkor batean erabiltzea, eta hainbat pertsonarentzat ez da posible izango erabiltzea. Pertsona batek tratamendu hormonala badu edo bihotzerako botika badu, ez da libre. Ezin du edozer gauza hartu eta hori jakin egin behar du.

Ez da komeni emozionatzea.

Zentzuzko irakurketa eta erabilera egitea gustatzen zait. Osasunaz ari gara eta garrantzitsua da jakitea nire gorputzarekin zer egiten ari naizen eta zer ari naizen ematen. Ezin zaio inongo tarterik utzi dudari edo arriskuari. Doctor google da azken urteetan ikusten dudan gauzarik arriskutsuenetarikoa, baita sendabelarretan ere. Batzuk gutxietsi egiten dute etxeko tradizioa. Konturatu naiz ahoz ahoko tradizioan ipinita dauden neurriak oso ondo transmititu direla, eta aldiz azken urteetako informazio betekadarekin gauzak ez gara ondo egiten ari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!