Alaitz Artolak etzi Alegian eskainiko du kontzertua

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 27a, 11:59

Alegiako Udalak Udaberriko kultur egitaraua osatu du, eta Alaitz Artola amezketarraren kontzertuarekin hasiko dituzte ekitaldiak. Ekainaren 16a bitarte luzatuko da kultur eskaintza.

Inguruko herrietako kontzertuen ostean, Alegiara iritsiko da Alaitz Artola amezketar musikaria. Alegiako Udaberriko kultur eskaintzari hasiera emango dio. Amezketar gazteak, gitarra eta pianoa izango ditu oholtza gainean lagun etzi eskainiko duen kontzertuan.

22:00etan hasiko da musika emanaldia Elizpe zineman, eta musikari gazteak bere kantuak eta beste hainbat bertsio eskainiko ditu. Kontzerturako sarrerak dagoeneko salgai jarrita daude kultur etxean bertan, eta sarrera bakoitza sei euro ordaindu beharko da. Aurrez saltzen ez diren sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai.

Ekainaren 16ra bitartean luzatuko dira Alegiako Kultura batzordeak prestatu dituen ekitaldiak, eta tartean izango dira, basogintzari edota sendabelarrei lotutako hitzaldiak; Langaurrera mendi irteera eta tailerra, edota Langaurre Eguna bera; Intxurre futbol taldeak denboraldi amaiera ospatuko du, eta Sutarri dantza taldeak ere ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du; edota irakurle taldearen saioa izango da ekainean.

Sendabelarren gaineko hitzaldiaz gain, tailerra egiteko aukera ere izango dute alegiarrek. Maiatzaren 23an hasi eta ekainaren 22ra bitarte luzatuko dira saioak, eta interesatuek izena eman beharko dute kultur etxean.

Kultura batzordetik jakitera eman dutenez, egunak gerturatu ahala, ekitaldi bakoitzaren inguruko informazio zehatza emango dutela aurreratu dute. Horien berri udalaren webguneko agendan zabalduko dute, edota Alegia APP aplikazioan ere eskuratzeko aukera izango da.

Inaxio Begiristain, 100 urte

Aurten Inaxio Begiristain jaio zela ehun urte betetzen dira, eta urte seinalatua kontuan hartuta, mendeurrena ospatzeko asmoa du Alegiako Kultura batzordeak. Ekitaldi ezberdinak antolatzeko lanean hasiak dira. Begiristainek euskal kultura herrikoian garrantzia izan zuen, tartean, antzerki lanak idatzi zituen, eta herritar batzuk prest agertu dira Begiristainen obra baten antzezpena egiteko, baina guzti hori lotzeko bilerak egiten ari dira.

Udaberriko Kultur Egitaraua

Apirilak 29, ostirala 22:00. Alaitz Artola amezketarrak kontzertua eskainiko du, Elizpe zineman. Sarrerak salgai daude sei euroan.

Maiatzak 3, asteartea
18:30. Etorkizuneko basogintza. Zer egin Alegiako herri lur eta basoekin? hitzaldia, Errez kooperatibaren eskutik, kultur etxean.

Maiatzak 10, asteartea
18:30. Sendabelarrek dakitena hitzaldia eskainiko du, Garbiñe Larreak liburua aurkeztuz, kultur etxean.

Maiatzak 22, igandea
11:00. Mendi irteera egingo dute Langaurrera eta habia etxeak egiten ikasteko Txoribox tailerra izango da.

Maiatzak 23-ekainak 22
Sendabelarren ikastaroa. Maiatzaren 23tik ekainaren 22ra izango da ikastaroa; astelehenetan eta asteazkenetan. 17:00etatik 19:30era izango dira saioak, eta izen ematea maiatzaren 9tik 20ra egin beharko da, kultur etxean.

Maiatzak 28, larunbata
Intxurre futbol taldearen denboraldi amaierako festa egingo da.

Maiatzak 29, igandea
Langaurre Eguna ospatuko dute.

Ekainak 3, ostirala
Alegiako eskolako festa eguna izango da.

Ekainak 10, ostirala
22:00. Sutarri dantza taldeak ikasturte amaierako emanaldia eskainiko du, Elorri pilotalekuan.

Ekainak 16, osteguna
18:00. Begoñaren itzalpean liburua aztertuko dute, irakurle taldean. Jose Inazio Basterretxea Polo idazlearena da, eta liburutegian elkartuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!