Txintxarri abesbatzak Caceresen abestuko du, bihar

Ataria 2022ko api. 21a, 09:59

Argazkia: T. Gomez

Egun hauetan duela bi urteko pandemiak galarazitako bidaia egiten ari da Alegiako Txintxarri abesbatza.  Bihar Caceresko Hervas herrian eskainiko dute kontzertua.

Txintxarri abesbatzaren 60. urteurrena ospatzeko helburuarekin 2020rako antolatu zuten aspaldian egin nahi zuten bidaia. Koronabirusak, ordea, zapuztu egin zituen euren asmoak, eta bi urte geroago abiatu dute bidaia. Atzo abiatu ziren Caceresko Hervas herrira, eta igandera bitarte luzatuko dute egonaldia.

Bihar eskainiko dute emanaldia Caceresko Hervas herrian. Cine Teatro Juventud aretoan izango da, eta Hervasko abesbatzaren laguntzarekin antolatuko kontzertua da. Garbiñe Orbegozoren zuzendaritzapean abestuko dute alegiarrek eta Mariaje Rekondok lagunduko die pianorekin hainbat kantutan. Era askotako kantuak eskainiko dituzte. Haendelen Canticorum iubilo edota Mary Lynn Lightfoot musikagile estatubatuarraren Dona nobis pacem eta Pie jesu eskainiko dituzte. Leonard Cohenen Halleluia doinu ezaguna ere abestuko dute.

Estiloz erabat aldatuta, Françoise Hardy abeslari frantsesaren kantu ezagun bat abestuko dute euskaraz, Tous les garçons et les filles. Nola ez, euskal doinuak ere abestuko dituzte, besteak beste, Nerea izango zen edota Junkal Guerrerok moldatutako Mutil txaleko gorri.

Sefardien kantu herrikoi bat ere kantatuko dute, Durme, durme, eta Antonio Machado poetaren olerkian oinarritutako Cantares obrarekin amaituko dute kontzertua.

Baina kontzertua aitzakia hartuta, Txintxarri abesbatzako kideek hainbat herri bisitatuko dituzte: Salamanca, Hervas, Caceres hiriburua, Candelario, Granadilla, Plasencia eta Trujillo. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!