Zor guztiak kenduta ekonomikoki osasuntsu dago Alegiako Udala

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 13a, 07:59

2.260.861 euroko aurrekontuarekin ari da lanean Alegiako Udala; zorrik gabe, itxaropentsu da udala, eta Larraitz auzoko ekialdeko irisgarritasun obrei ekin nahi die.

Iazko azaroan onartu zuen Alegiako Udalak aurtengo aurrekontua, eta zehazki zein diru sarrera izango zituzten ziur jakin gabe. 2.260.861,26 euroko aurrekontua da. «Altxortegian dirua genuen, eta Foru Funtsa ere %16,6 igo dela ikusita, genituen zorrak kentzea erabaki dugu», esan du Arantxa Irazusta alkateak. Gipuzkoako Foru Funtsetik 1.347.903 euro jasoko dituzte. «Oraintxe bertan, beraz, ez dugu zorrik», dio.

2021ean baino 183.069,70 euro gehiago ditu Alegiak, hau da, %8,81 handitu da aurrekontua. Maileguak kitatzea erabaki dutela eta, «egoera fiskal berriak honelako gauzak egitea baimendu du», zehaztu du. «Orain, jada ikusten dugun dirua errealitatea da», dio alkateak. Larraitz mendebaldean egin zituzten obrei zegozkien bi mailegu zituen oraindik ordaintzeko udalak. Larraitz auzoaren zati batean, 2018. urtean irisgarritasuna hobetzeko lanak egin zituen Alegiako Udalak eta orain auzoaren beste aldera begira jarri dira.

«Egin behar asko dago, eta egin beharko litzatekeen guztirako dirurik ez dugu», azpimarratu du Irazustak. «Baina berriz ere errealitate batetik hasiko gara, eta Larraitz ekialdean saiatu nahi dugu obrak egiten», aurreratu du. Ur saneamenduari lotuta ere berritzea aurreikusten dute, eta guztia aprobetxatu nahiko lukete lanekin hasteko. «Nola eta zer egin, auzoko bizilagunekin konpartitu eta bilerak egiten hasi beharko gara pixkana», dio. Aurreproiektu asko dituztela dio, eta horiek landu egin behar dituztela.

Lehentasun artean dituzte, gizarte zerbitzuak, osasun publikoa eta hezkuntza: «Lehen baino diru gehiago jarri dugu». Gizarte zerbitzuetara 239.297 euro bideratu dituzte. Osasun Publikoaren Babesera 11.695 euro, eta hezkuntzara, 184.756,23 euro.

«Larrialdi egoeraren bat baletor ere, kreditu globalaren atalean diru gehiago jarri dugu», azaldu du. «Babesa badugu, baina baita egiteko lan ugari ere», nabarmendu du.

«Mantenuaren» legegintzaldi moduan du Irazustak beraiena; «baina ez dugu lortuko nahi genuen mantenu guztia egitea», aitortu du.

Diru laguntzei adi daude Alegiako Udalean, eta aurreproiektuak kontuan izanda begiratzen dituzte diru laguntzak. Dena den, horiek ondo dauden arren, «zenbaterainoko lanketa» eskatzen duten begiratu beharra dagoela esan du. «Gastu handi bat egin behar baduzu, eta ehuneko oso zati txiki bat jasotzen baduzu laguntzen bidez, diru laguntza hori lantzeak duen lana ere begiratu beharra dago, iritsi ezinik ibili behar badugu ez baitu merezi».

OSASUNA ETA HEZKUNTZA

Bestalde, Osakidetzak Alegiako anbulatoriorako baduela plan bat adierazi du Alegiako alkateak; «baina, plana erabat gure gain uzten du. «Diru laguntza izango dugula esaten digute, baina oraindik ez da agertu diru laguntzarik, eta iazkoa ikusita oso laguntza eskasa da». «Guk milioitik gora behar dugu hori konpontzeko, irisgarria egiteko, eta beraiek behar duten guztia bertan izateko», zehaztu du. Zalantzak dituzte eta galdera luzatu du: «6.600 pertsona inguru artatzen dituen anbulatorioaren proiektua guk egin behar al dugu? Alegiak egin behar du ahalegin hori?». Hamaika herri eta Tolosako bi auzoko bizilagunen osasun etxea da. «Heltzen badiogu oso ondo, baina nondik heldu dirutza horri? Eta agian aurten eskainiko duten diru laguntza ikaragarria izango da».

Hezkuntza alorrean, jolaslekurako erositako karpaz aparte, aurten, eskolako eraikineko beheko solairuan aldagela batzuk eta komun batzuk berritzeko diru laguntza jasoko dute.

IBAIA ETA BASOA

Diru laguntza bat tarteko, iaz hasi ziren Oria ibaiaren garbiketa lanekin eta aurten ere eutsi egingo diote Urzain taldearekin duten lan hitzarmenari. Ibaiaren garbiketaz gain, naturaguneen txukunketaz ere arduratuko dira: «Langaurreko mantenuaren zati bat ere beraien esku dago». Ibaien arloan, aldundiak herri arteko zatiak garbituko dituela jakinarazi die, baina herrigunea euren esku geratzen da, eta hori egin beharra daukatela dio.

Mendiarekin, berriz, «pixkana-pixkana» ari dira. «Adostu egin behar dugu zer egin nahi dugun gure mendiekin gutxienez datozen 50 urteetara begira». Talkak dituztela onartu du. Alegiak baditu herri lurrak eta «kaltetuta» daudela dio: «Bai haizeteengatik edota pinuen gaixotasunagatik». Batez ere, oraindik, «filosofatzen» ari direla adierazi du, eta gaiari buelta eman ezinik. Etorkizunera begira, «zer egin nahi den eta zer izango den onena» erabaki nahian ari dira, baina iritzi oso ezberdinak jasotzen ari direla esan du. Ez dute planifikazio garbirik: «Erabakirik hartu gabe gaude, ezerk ez gaitu guztiz konbentzitu, eta iristen zaizkigun gomendioak oso kontrajarriak dira».

Kultura eta festen arloari helduta, 2019. urteko kopuruetara itzuli dira, eta aurtengorako mantendu egin dute aurrekontua, eta euskararen alorrarekin ere gauza bera egin dutela aitortu du.

Gainerakoan, «lehengo moduan ia guztia dagoela martxan» azaldu du Irazustak. Hala ere, egoera egonkortu denaren «konfiantzarik» ez duela aitortu du, baina «ilusioa eta esperantza» baduela.

Adibidez, adinekoen kasuan, Memoria Tailerrean ari direnak edo Txintxarriak Martxan ekimenean parte hartzen dutenak hasiak dira: «Hamaiketakoa esaterako ez dugu oraindik berreskuratu, baina ikasturte amaierarako hori ere martxan jartzea lortuko da».

Ez dira aste asko pasa Alegia APP aplikazioa martxan jarri zutela, eta oraindik ere hobetzeko gauza batzuk badituztela onartu arren, herritarrak erabiltzen hasi direla kontatu du. Hizkuntzaren aldetik, azpimarra jarri du, euskaraz moldatzen ez direnei zuzenduz, App-a deskargatzean hizkuntza aldatzeko aukera badutela esanez.

2022 AURREKONTUA

SARRERAK                                         KOPURUA
Zuzeneko zergak                                              473.300
Zeharkako zergak                                              20.000
Tasak- bestelako zergak                                  217.104
Transferentzia arruntak                              1.549.257
Ondare sarrerak                                                  1.200

GASTUAK                                             KOPURUA
Pertsonal gastuak                                            791.504
Ondasun arrunt eta zerbitzuetan                 896.275
Finantza gastuak                                                         0
Transferentzia arruntak                                  430.781
Kreditu globala eta bestelako ustekabeak    70.000
Inbertsio errealak                                              72.300

GUZTIRA                                           2.260.861,26

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!