Alegiako gazteek Mendi Ginkana antolatu dute hilaren 22rako

Ataria 2022ko api. 12a, 11:58

Alegiako gazteek antolatuta Mendi Ginkana egingo dute herrian. Haur, gazte eta helduentzat izango da, eta egun ezberdin bat pasatzeko aukera izango dute. Herriko plazan elkartuko dira, eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute.

Udazkenean Alegiako Mendi Asanbladak eta Mattin Gizarte Abenturak elkarlana abiatu zuten, gazte ekintzailetza eragiteko asmoz. Elkarlanak lehen fruitua eman duela adierazi dute mendi asanbladatik, eta hasi dela mugimendua: "Gazteek mendi ginkana bat antolatu dute, haur, gazte eta helduentzat".

Alegiako gazteek antolatu dute egun osorako izango den ginkana. Egun desberdin bat pasatzera animatu nahi dituzte herritarrak. Hilaren 22an, ostiralean, izango da Mendi Ginkana eta herriko plazan elkartuko dira, 10:30ean. Kirola egiteko arropa jantzita joan beharko da, eta bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du.

izena emateko unean, taldearen izena eta taldekide kopurua ipini beharko da, hau da, ginkana taldeka izango da eta ezingo da banaka izen eman. Parte hartu nahi duten taldeek izena eman beharko dute galdetegia betez, eta 2 euro ordaindu beharko ditu bakoitzak. Bizum bidez egin beharko da ordainketa 608 97 16 40 telefono zenbakira. Bestela, egunean bertan ere aukera emango dute izena emateko. 09:30ak aldera irekiko dute izen ematea plazan bertan, edota kultur etxean ere apuntatzeko aukera izango da hilaren 20a bitartean.

Behin egunean talde guztiak elkartuta hiru talde ezberdinetan banatuko dituzte, eta herri osotik zehar egingo den ginkanari hasiera emango diote. Langaurren amaituko dute ginkana, eta behin talde guztiak bertara iritsita bazkaldu egingo dute parte hartzaile guztiek. Bazkaldu ostean, eta Langaurren daudela aprobetxatuz jolas desberdinak egingo dituzte. Behin jolasak amaituta denak batera jaitsiko dira herrira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!