ERREPORTAJEA

Intxurreko beteranoen ostikadak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko martxoaren 30a

Alegiako Intxurre elkartearen 50. urteurrenaren barruan, Intxurre futbol taldeko beteranoek Real taldeko beteranoen aurka jokatuko dute partida, apirilaren 9an, Alegiako Elorri futbol zelaian.

Alegiako Intxurre elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da, eta apirilaren 9an, Intxurre futbol taldeko jokalari ohiek Realeko beteranoen aurkako partida jokatuko dute. «Ilusioz beteta, eta konpromisoz» ari dira prestatzen partida.

Urteurrena dela eta, elkarteko kideen talde bat elkartzen da urteurrena prestatzeko. Garbi ikusi zuten futbol taldeak eta pilota taldeak bakoitzak bere ekitaldia egin behar zutela. Pilota taldeak Oinatz Bengoetxearen partida antolatu du etzirako, eta futbol taldeak, berriz, beteranoen partida. Intxurre Futbol Taldeak aurten 26 urte bete ditu.

TOLOSALDEKO ATARIA-k beteranoen taldeko hiru kiderekin hitz egin du. 59 urterekin beteranoetan beteranoena da Joxe Manuel Garaialde. Imanol Aizpuruak 44 urte ditu eta Asier Ezeizak, 39. Intxurreko beteranoen taldea 34 eta 59 urte arteko jokalari ohiak osatuko dute.

Logikaline enpresarekin jarri ziren harremanetan Realeko beteranoen partida antolatu ahal izateko. «Logikalinekin dena lotu zutenean, Patxik Renobales Aitor Altunari eta niri pasa zigun ekipoa osatu, antolatu eta entrenamenduak egiteko ardura», kontatu du Asier Ezeizak.

«Jendeari deika hasi ginen, eta batzuek kalabazak eman dizkigute, besteek baietz esan digute eta beste asko gogoarekin geratu dira, baina ez dago denentzako tokirik», dio Ezeizak. «Orokorrean jendeak baietza eman du, eta ezezkoa eman duenak, minen bat duelako izan da», azaldu du, eta gaineratu: «Fisikoki jokatzeko moduan dagoen guztiak baiezkoa eman du».

Zailagoa suertatu zaie zeni esan erabakitzea. «Jende asko pasa da Intxurretik», zehaztu du Imanol Aizpuruk.

«Poteoan geunden egun batean esan zidan Asierrek, eta animatu egin nintzen», dio Jose Manuel Garaialdek. «Proba batzuk egin ditut, eta nire adinean pixka bat gogorra da», gaineratu du, baina «hemen gaude behintzat».

Ez dira bi hilabete entrenamenduekin hasi zirela, eta asko eta askok, aspaldian futbolean jokatu gabe egonik, lesioak izan dituzte. Saiatu arren ezin izango dute partida jokatu. Hori horrela, jokalari beteranoek animoak eman nahi izan dizkiete bidean geratu direnei.

«ONDO PASATZERA»

Orain dela 26 urte sortu zuten Intxurre futbol taldea erregional mailan, eta talde horretako atezaina izan zen Garaialde. «Gipuzkoako Kopa irabazi genuen», ekarri du gogora. «Intxurre hasi-hasi Balentin Arraieten bidez hasi zen playerotan jolasten duela 32 bat urte, Donostiako Kontxan. Urtebetera hemen futbol zelairik ez zegoelako Tolosan hasi ginen», argitu du Aizpuruk. Hiru edo lau urte egin zituzten Tolosan, futbol zelaia egin bitartean, eta gazteagoa den Ezeizak ere gogoan du Intxurreren izenean jokatu arren Andoainen jolasten zutela umetan. Infantil, kadete, jubenil eta erregional mailan taldeak izan arren zelaia izan zuten faltan urte batzuetan.

Ostean etorri zen urtez luzez ezaguna izan den harri txintxarrez eginiko zelaia.

Beteranoen taldea osatzeko ezaugarri ezberdinak hartu dituzte kontuan. «Ekiporik onena egitera ere ez gara joan», dio Ezeizak. Inguruko herrietako jende asko biltzen du Intxurrek. Entrenatzaile lanak Santos Irazustabarrenak eta Eneko Garmendiak egingo dituzte, eta arbitro lanak, berriz, Jose Iglesiasek.

Jokalari ohiak osasuntsu ote dauden galdetuta, Aizpuruk aitortu du: «Lehen entrenamenduan bertan lau bat lesionatu ginen». Lesioena astero-asteroko kontua izan dela argitu dute. «Horrenbeste urte geldirik egon eta gero kosta egiten da», esan du Aizpuruk. Garaialdek, «nahiko zorrotz eta fuerte hasi ginen», eta segituan hartu du hitza Aizpuruk, «indartsuegi hasi, eta erritmoa jaitsi egin behar».

Oroitzapen «oso onak» dituzte hirurek, eta kirolari baino gehiago kuadrilla giroari begiratzen zioten, zehazki, lagun arteari.

«Ondo pasatzeko» antolatutako partida dela argitu dute, eta bertaratzen direnek «barre batzuk» egingo dituztelakoan daude. Herrian zer esana sortu du. Partida ikusi nahi duenak sarrera 3 euro ordaindu beharko du. Sarrerek zenbakia izango dute, eta zozketa ezberdinak egingo dituzte.

ELKARLANEAN, GIZARTERATUZ

Abaltzisketako Logikaline Real Sociedad Fundazioaren babeslea da, eta «futbol profesionaletik aparte fundazioak beste kolaborazio batzuk bilatzen ditu», azaldu du Logikalineko Iñaki Gorostidik. Ekimenari Txikitik handira izena jarri diote: «Reala Gipuzkoako taldea izanik eta jarraitzaile mordoa dituela kontuan izanda gure helburua bitartekari izatea da, eta Reala Gipuzkoako herri txikietara gerturatzea».

Intxurrerekin egin duten kolaboraziaz, «estimatzekoa da, eta gogo handiz hartu dute eta eskuzabalik, eta gogo horrekin gauzak errazago antolatzen dira». Festa giroa eta familia giroa jartzeko, eta afizioa sortzeko haurrei zuzenduta puzgarriak jarriko dituzte kanpoan.

Inoiz baino haur eta gazte gehiago dabilela Intxurre futbol taldean eman dute jakitera, eta "gustura" dira Intxurre kideak. Jendea futbolerako gogoz dagoela esan dute, eta maila guztietan osasuntsu dago taldea. "Neskak ere geroz eta gehiago ari dira animatzen", adierazi dute, eta batez ere, neskak animatu nahi izan dituzte futbolean jolastera.

ETZI JOKATUKO DU ALEGIAN, OINATZ BENGOETXEAK

Bengoetxea VI.ari agur esateko aukera izango dute alegiarrek, ostiralean. Oinatz Bengoetxeak Aratz Irazustabarrenarekin osatuko du bikotea, eta bi zizurkildar izango dituzte aurkari: Jon Erasun eta Julen Alberdi. Eskuzko partidaren aurretik, Intxurreko nesken arteko palazkoa jokatuko da: Uxue Olano eta Oneka Karrera, Anne Agirre eta Nagore Muruaren aurka ariko dira. Jaialdia 19:00etan hasiko da, Elorri pilotalekuan.

Sarrerak Errotatxo okindegian eta Iskiña tabernan erosi daitezke. Hamar euro balio du eta 16 urtez azpikoek ez dute ordaindu beharrik izango. Sarrerarik geratzen bada, egunean bertan ere erosteko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!