ELKARRIZKETA

«Harreman estuak sortzen dira»

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 1a, 07:57

Xumai Aizpuru Zinkunegi alegiarra bigarren urtez ariko da hezitzaile lanetan. E. MAIZ

Uemak antolatzen dituen Salto! Gazteen Topaketetako udaleku ibiltarian bigarren urtez begirale moduan ariko da astebetez Xumai Aizpuru Zinkunegi alegiarra; esperientzia «izugarri» moduan du iazkoa.

Xumai Aizpuru Zinkunegi (Alegia, 2000) begirale lanetan ariko da Salto! Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketetan. Iaz bertan izan zen lehen aldiz, eta aurten errepikatu egingo du. Ekainaren 27tik uztailaren 3ra egingo dira Etxarri Aranaztik eta Tolosatik abiatuta, eta Leitzan bukatu dute bi adarrek. 

Uemak antolatutako Salto! Gazteen Topaketetako begirale izatera animatu zinen iaz. Nolatan? 

Beste lagun batekin batera ibili izan naiz aurretik beste udalekuetan, eta berak bidali zidan eskaintza hezitzaileak behar zituztela, hain zuzen ere. Biok bidali genuen curriculuma. Interesatzen zitzaidan euskara. Gehientsuena hemen horrela da, baina euskaraz zirenez, oso prest nengoen horretarako, eta hauek ibiltariak dira gainera. Egun batean toki batean hasten zara, eta bestean bukatu. Horrelakorik egin gabe nengoen aurretik, eta erakartzen ninduen. Askotan agian toki batera joan eta han egonda erosoago izango dela esaten da, baina beste xarma bat eduki behar zuela horrek, eta horregatik animatu nintzen.

Nolako esperientzia izan zen?

Lehengo urtekoa ederra. Gainera, koronabirusarekin kalean maskara jantzita ibili beharra zegoen, eta ez ditut gogoan zein betebehar gehiago genituen. Nik uste momentu batean duda egon zela egingo ote ziren ere. Toki desberdinetako jende asko joaten da; udalekuetan ez da eskola batetik hogei pertsona joaten direla, eta zirkulu itxia dela. Baina esperientzia izugarria izan zen. Hau jakinda, eta aurretik beldur horrekin joanda, oso ondo atera ziren. Ibiltaria zenez denbora asko ematen genuen kanpoan, eta oinez. Askatasun gehiago ere bagenuen lasaiago ibiltzeko, eta jendearekin hainbeste harreman ere ez genuen izan. Parte hartzaileekin, umeekin, eta beste begirale taldeekin dena oso ondo joan zen. Tratu oso ona eman ziguten.

Zein izan zen zure egitekoa egun horietan?

Hasi aurretik, egun batean, denok geratu ginen. Nik ez nituen ezagutzen beste begiraleak, eta erabat berria zen niretzako. Hiru batek elkar ezagutzen zuten, eta guztira zazpi bat begirale ginen. Iazkoa laugarren urtea zen, eta begirale batzuk aurretik ume bezala ibilitakoak ziren, baina praktiketan bezala zeuden, eta orduan ezagutzen ziren. Bi ziren praktiketakoak, eta haien begirale izana zen bat. Orduan, egun bat jarri genuen denok elkar ezagutzeko, eta pixka bat antolatzeko. Zer ibilbide egin behar genuen itxita zegoen.

Beste guztia antolatu behar?

Herri bakoitzean egoten ginenerako udaletxeekin edo elkarteekin egin beharreko ekitaldi edo egitasmoren bat bazen gutxi gorabehera lotuta eman ziguten, baina gero arratsaldeak lotzeko zeuden. Lotu beharreko asko, eta zer gauza egin genitzakeen lotu genituen. Gauetako gaubeilak ere guk egiten genituen, eta bidean zehar ere gainean egotea zen gure lana. Umeak ere ez ziren umeak. Nik umeak esaten dut, baina batzuk ni baino hiru urte gazteagoak ziren.

 

«Begirale izan behar duzu, eta momentu txarrak badaude, baina zuk ere oso ondo pasatzen duzu»

 

Lan asko eman zizueten?

Gazteak formalak ziren. Adina da, eta gauza batzuk egiten zituzten, baina egin behar zituztenak ziren.

Euskaldun gisa kontzientziatzeko, indartzeko eta ahalduntzeko gune bezala antolatzen dituzte Salto! topaketa hauek. Euskararen erabilera aldetik zer esango zenuke?

Euskaraz. Euskaraz, denak. Ez zen atentziorik deitu beharrik izan. Berrogeita hamar gazte ziren, eta kasik denak euskaldunak ziren izatez, eta batzuk erdibide horretan zeuden, eta agian momenturen batean bi gaztelaniaz hizketan, baina atentzioa deitu behar izateraino beste ez. Ez zegoen esku-hartu beharrik. Euskaraz hitz egitea zen normala. Ni beste toki batzuetan egon naiz, eta zentzu horretan alde handia zegoen. Udaleku hauetan euskararen erabilera gehiago nabaritzen zen. Ez zen behartu behar, natural ateratzen zen.

Euskarak badu garrantzia udaleku hauetan.

Uemako bi pertsona etorri ziren udalekuetara. Uematik etorrita euskararen egoera zein den ezagutzera eman zuten, eta kontzientziazio lana egin zuten. Beharra dagoela, egin behar dela eta interesa badagoela euskaraz egiteko. Bi ekitaldi antolatu zituzten, eta zein ahulgune dauden eta zein esparrutan azaldu zieten gazteei. Lantzeko edo eragiteko modu ezberdina izan zen, ez zen bakarrik euskaraz egin behar dela esatea. Kasu honetan bi ekitaldiren bidez laguntzen edo bultzatzen zen.

Euskal Herri osoko gazteak ziren.

Bai. Eta hitz egiten aritu ginen aukeraketa egiten aritu zenarekin, eta esaten zigun, berez, Azpeitiko eta Larrabetzuko eskolatik berrogeita hamar plaza itxi zitzaketela. Jendea bazegoela, baina ez zela hori helburua. Asko jota herri bereko bi gazte zeuden, eta normalean bakarra. Gipuzkoatik, Amezketa; Nafarroako Lesaka; baina baita Nafarroan hegoalderagokoak ere, Bizkaiko herri ezberdinetatik, eta Arabako Aramaiotik. Baldintzetako bat herriak Uemako partaide izan behar duela da, eta hori nabaritzen da.

Gazteek zer-nolako jarrera zuten euskararekiko edo bazuten kezkarik?

Kontziente ziren, eta bai euskara eta baita beste gai batzuekiko ere. Pentsarazten duten udalekuak dira. Apuntatzen zaren momentutik ere, badakizu nora apuntatu zaren. Orduan, interesa bazegoen euskararekiko, eta baita gaur egungo gazteen beste hainbat kezkarekiko ere. Adibidez, gogoratzen naiz Ondarroan geundela Ondarroako gaztetxean hitzaldi bat eman zigutela. Garai hartan Ondarroan bertan ludopatia arazoak zituzten, eta ludopatiaren inguruko kezka eta arazo asko zituzten. Horren inguruan gazteei nola eragiten dien aritu ginen, eta ekitaldi horietan asko parte hartzen zuten, eta interesa zeukaten. Bai euskararekiko, baina gehiagorako ere bai; hau da, gizarteko beste gai batzuekiko ere bai.

Zer eman zizun begirale lanetan aritzeak?

Aurrena lagun talde bat eman zidan. Agian ez da hainbeste denbora, baina egoten zarena trinkoa izaten da. Astebete da 24 orduz batera, eta, noski, antolamendu aldetik dena ez da ondo ateratzen. Nahiz eta taldea nahiko formala izan zen, beti daude momentuak eta ezbeharren batzuk, eta zaudenen babesa edukitzea asko eskertzen da. Harreman estuak sortzen dira. Era berean, gazte horiekin ibili izanaren poza ederra da. Begirale izan behar duzu, eta momentu txarrak badaude, baina orokorrean zuk ere oso ondo pasatzen duzu. Zu ere edozein ekitalditan beste bat zara. Zuk, gainera, normalean ez duzu jakiten zerbait kontatu behar badizute, zer kontatu behar dizuten. Leku desberdinetako hainbeste jende elkartzean, herri batzuk bazirenik ere ez nekien eta aniztasun horrek jakintza handia eman zidan. Kontzientzia maila handiagoa hartzen duzu.

Zerbait izango da; izan ere, aurten errepikatu egingo duzu, ezta?

Bai. Kasu honetan, ez nuen curriculuma bidali beharrik izan. Aurten dinamika pixka bat aldatuta egin nahi dituztela, eta askoz ere handiagoan, baina lehengo urteko antzekoa izango da, eta interesa zuten. Hezitzaile moduan jende gehiago hartu beharra daukate, gazteak ere gehiago direlako. Gune bat eduki ahal izateko nola funtzionatzen duen dakien jendea nahi zuten, eta galdetu egin zidaten niri interesik banuen. Galdetu zidaten bezala, baietz esan nuen. Gainera banekien batzuk baietz esatekotan zirela, eta haiekin berriz egoteko aukera dut. Badakit atzetik zer dagoen ere, eta hori babesten dut, eta iruditzen zait honen alde egin beharra dagoela, eta horregatik izan da.

Aurtengorako jada izen-ematea bukatu da, baina hurrengo urteetara begira, zergatik parte hartu behar da topaketa ibiltarian? 

Gazte bezala, lehenengo eta behin, gazteentzat eskaintzen duten eskaintza nik ez dut besterik ezagutu hain helduentzat, 14-18 urte artekoentzat da. Askotan ematen du adin hori ez dela jada udalekuetara joateko, baina, benetan ikaragarri ondo pasatzen da. Agian pentsatu dezakete «niri esaten zer egin behar dudan», ez da horrela, ez da guztia nahi duten bezala, baina beraien askatasuna dute gauzak erabakitzeko eta entzun egiten zaie. Esango nuke joan ziren guztiek izugarrizko esperientzia eduki zutela; jende berri pila bat ezagutzen duzu, oso urrutiko jendea eta oso jende desberdina. Hitz egiteko moduan bertan ere izugarri nabaritzen zen zenbat hitz egiteko modu dauden, eta badakit, gerora ere beraien artean geratu direla, eta harremana mantendu dutela. 12 urterekin joaten baldin bazara harremana mantentzea zailagoa da, baina 16-17 urterekin, gero kanpoan ere, WhatsApp-a dela eta, harremanetan jarraitu dute. Zergatik? Momentu oso onak pasatzen dituzulako, eta lagun berriak egiten dituzulako. Eta gainera euskaldunen eta euskararen alde baldin bazaude, horretan laguntzen duzulako ere bai.

Eta begirale moduan?

Gauza askorengatik. Gauzak erraz jartzen dizkizuete begirale izateko, eta gutxi gorabehera bideratuta dago dena. Hemendik aurrera zer izango den ezin dut esan, baina begirale arteko giroa lehengo urtean behintzat oso ona izan zen. Denok ere euskaldun eta nahiko antzekoak ginen, eta elkarrekin ulertzeko erraztasun handia zegoen. Ondo pasatzen duzu eta begiraleak beraiek ere lagun egiten dituzu.

 

EHUN GAZTE EUSKARAK LOTUTA

Euskarak eta gozamenak elkartuko ditu Euskal Herriko ehun gazte ekainaren 27an. Zazpi egunez, Gipuzkoa eta Nafarroako lurretan ibiliko dira Salto! Udalerri Euskaldunetako Gazteentzako Topaketak udaleku ibiltarian. Aurten, bi zutabetan banatu dituzte topaketa ibiltariak, eta 50 gazte Etxarri Aranaztik abiatuko dira, eta beste 50 gazteak Tolosatik, gero guztiak, ekainaren 30ean, Leitzan elkartzeko. Uztailaren 3a izango dute elkarrekin egoteko azken eguna.

Gazte mordo batek emana du izena, eta Uemako udalerrietako herri ezberdinetako gazteek osatuko dute taldea. Horietatik 50 gaztek Tolosaldea ezagutzeko aukera izango dute. Lehen egunean Tolosatik Alkizarako bidea egingo dute. Bigarrenean, Alkizatik Leaburura, eta Leitzara iritsi aurreko azken etapa Leaburutik Berastegira bitartekoa izango dute.

Honela, topaketa hauei esker, udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko aukera izango dute. 2004 eta 2007 urte artean jaiotakoei zuzendua da, eta helburu nagusia euskaldun gisa kontzientziatzea, indartzea eta ahalduntzea dute. Udaren atarian, norbanakotik komunitatera salto egiteko bidea izango dute. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteek arnasestuetatik arnasguneetarako bidea egingo dute, eta inertziatik kontzientziara pasako dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!