Intxurre taldeak Berria Pilota Txapelketaren atarikoa jokatuko du

Ataria 2022ko martxoaren 18a

Iaz Herriarteko Txapelketa jokatu zuen Alegiako Taldea. Bertan daudenetik bi pilotarik jokatuko dute Berria Txapelketa Intxurrerekin: Aratz Irazustabarrena (ezkerretik hirugarrena) eta Jon Zabala (ezkerretik zazpigarrena).

Alegiak emango dio hasiera aurtengo Berria Pilota Txapelketari. Igande arratsaldez jokatuko dira partidak Elorri pilotalekuan, eta bertan Intxurre taldeak Ortuellako Danok Lagunak taldea izango du aurkari. Sarrera doan izango da.

Pandemiaren ondorioz bi urteko etena izan eta gero dator bueltan kluben arteko txapelketa eta bertan 27 taldek hartuko dute parte. Euskal Herriko 23k, Errioxako hiruk eta Bartzelonako batek. Finalak datorren ekainaren 26an jokatuko dira, Hernanin.

 

Kadete, gazte eta nagusien mailatan jokatuko dira partidak. Hiru partida jokatuko dira, beraz, igandean, 17:00etan hasita, eta bi neurketa irabazten dituen elkarteak egingo du aurrera. Baina lehen bi partidak elkarte berak irabazten baditu, tanto sistemak aginduko du.

 

Intxurreri dagokionean, erabakita du klubak zein pilotari lehiatuko diren: kadeteetan Harkaitz Murua eta Mikel Iturriotz, jubeniletan Jokin Onsalo eta Jon Zabala, eta nagusietan Iker Zubeldia eta Aratz Irazustabarrena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!