Alegia App aplikazioa sortu du udalak komunikazioa errazteko

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 17a, 19:59

Alegiako Udalak Alegia App aplikazioa egin du herritarrekin duen komunikazioa erraztu eta azkartzeko. Mugikorretarako aplikazioa da, eta Arantxa Irazusta alkateak esan duenez, "herritarren informazio iturri izan dadin" sortu dute. Doakoa da zerbitzua, eta herritar guztiak beraien mugikorretan jartzera animatu ditu.

Alegia App aplikazioa jada erabilgarri jarri du Alegiako Udalak herritarrekin duen komunikazioa erraztu eta azkartzeko. Mugikorretarako aplikazioa da, eta Arantxa Irazusta alkateak esan duenez, "herritarren informazio iturri izan dadin" sortu dute. Doakoa da zerbitzua, eta herritar guztiak beraien mugikorretan jartzera animatu ditu.

"Egunero erabiltzen dugu mugikorra eta erarik zuzenena da herritarrengana iristeko", dio Irazustak. Udalaren eta herritarren artean zubi lana egitea espero du: "Bi noranzkoko informazioa ematen du; udalari herritarrena ematen dio, eta herritarrari udalarena iristen zaio". 

Aurkeztu berri duten aplikazioari esker, "digitalizazioaren aroan gaudenez, lan administratiboak edo egin behar diren dokumentazio aurkezpenak-eta digitalki egin daitezke webgune bidez, baina mugikor bidez ere egiteko ahalmena izango da hemendik aurrera", adierazi du. 

Albisteei eta agendari azpimarra jarri die Irazusta alkateak, "egunero edo maiz jasoko den informazioa izango da", baina dituen gainerako atal bakoitzean ere "informazio hori sakondu ahal izango da". Baina, argi utzi nahi izan du: "Beste komunikazio kanalak ez ditugu baztertzen, eta aurrez aurrekoa ere ez da inoiz desagertuko udal batean, edo ez gurean behintzat".

Kalea moztu behar dela, ur mozketa egin behar dutela edota argia kendu behar dutela herritarrei jakinarazteko, hau da, presazko abisuak emateko baliagarria izango zaielakoan daude udal ordezkariak. "Herri guztia animatzen dugu mugikorreko aplikazio hau bere mugikorrera jaistera", esan du alkateak. "Behin aplikazioa mugikorrean jarriz gero, ireki eta erabilera oso erraza da". Era berean, aplikazioa doakoa da eta gaurtik herritar guztiek dute eskura. Aplikazioa jada eskuragarri dago Android eta IOS sistemetan erabili daiteke, eta Google Play eta APP Storeren bidez deskargatu daiteke.

Edukiz osatutako aplikazioa egin dutela dio Irazustak, baina "beharrak sortu ahala osatzen joango gara, eta zerbait gaizki badago zuzendu genezake eta horretarako herritarren laguntza beharko dugu". Aplikazioak aukera emango die herritarrei, esaterako, ekitaldietarako sarrerak erosteko edota erreserbak egiteko, hau da, udalak dituen materialak erreserbatzeko.

Alegiako Udalak aplikazioa garatu ahal izateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du. Horrez gain, partaidetza taldeak emandako babesa eta laguntza ere eskertu nahi izan ditu, eta inguruetako udalei emandako laguntzagatik ere eskerrak eman nahi izan dizkie. Horrekin batera, ACV Multimediaren lana eta udaleko komunikazio eta IKT arloena ere eskertu ditu Irazustak. 

Herritarrengana iristeko herriko hainbat gunetan roll-up ezberdinak jarriko dituzte, eta herritar ezberdinen argazkiekin egin dituzte. Hori horrela, argazkietan ateratzeko prestutasuna izan duten herritarren jarrera eta borondatea ere aipatu gabe ez du gelditu nahi izan Irazustak. 

Bukatzeko, herritarren iritziak ere jaso nahi dituzte, eta ondo hartuak izango direla aurreratu du: "Zer dagoen ondo eta zer dagoen gaizki, eta zer falta zaion eta zer duen soberan".  

Aplikazioaren xehetasunak

Alegia App aplikazioa ACV Multimedia enpresarekin egin du udalak, eta aurkezpenean izan da Josean Telleria ACV Multimedia Garapen zuzendaria. Aplikazioak dituen atalen eta xehetasun teknikoen berri eman du. Albisteak, idatzi udalari, agenda, tramiteak, parte hartzea, garraioa, farmaziak, ezagutu, parekide, eragileak, bideoak eta erreserbak atalak ditu App-ak.

Honelako aplikazioak egiten esperientzia dute, eta Alegiakoa da azkena egin dutena, eta hobekuntzekin garatu dutela azaldu du Telleriak: "Udalari lanak erraztea izaten da gure helburua, eta herritarrei erraztea. Webgunera jo beharrik ez dute gauzak egiteko, eta modu eroso batean aplikazioan bertan guztia eskura izaten saiatzen gara". 

Idatzi udalari atalak "arrakasta" izan ohi duela kontatu du, eta asko erabiltzen dela: "Askotan dugun bizimoduagatik ez gara udaletxera gerturatzen, eta lehen esatera animatzen ez zen jende asko aplikazio bidez udalarekin harremanetan jartzen da". Erabiltzeko erraza dela gogorarazi du: "Argazki edo bideo batekin idatzi dezake nahi duenak bere eskaria, eta udalak zuzenean jasoko du". 

“Farmaziena bezalako informazio praktikoa eskaintzen duten atalak asko erabiltzen dituzte herritarrek” esan du Telleriak, eta herrira bizitzera etorri berri direnentzat ere informazio erabilgarria duela Ezagutu atalak azpimarratu du. 

Eragileen atalean herriko elkarte eta taldeekin elkarlanean aritu direla gaineratu du, eta eskertuta azaldu da Telleria, baina eragileen informazio osoagoa jaso nahiko lukete, eta eragile ezberdinei edo oraindik egin ez dutenei harremanetan jartzeko eskatu die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!