Bengoetxea VI.ak partida jokatuko du Elorri pilotalekuan

Ataria 2022ko martxoaren 16a

Intxurre Elkartearen 50. urteurrena dela-eta antolatu dute pilota jaialdia apirilaren 1erako herriko frontoian.

Intxurre Elkartearen 50. urteurrenaren harira, pilota partida bereziak antolatu dituzte Alegian, apirilaren 1erako. Bertan, Bengoetxea VI.ari kantxetatik agur esateko aukera izango dute inguruko pilotazaleek. Oinatz Bengoetxeak herritar batekin osatuko du bikotea, Aratz Irazustabarrenarekin, eta bi zizurkildar izango dituzte aurkari: duela gutxi arte profesionala izan den Jon Erasun eta Julen Alberdi. Eskuzko partida horren aurretik, nesken arteko palazkoa jokatuko da. Intxurre pilota eskolako lau kide izango dira lehian: Uxue Olano eta Oneka Karrera, Anne Agirre eta Nagore Muruaren aurka. Jaialdiari arratsaldeko zazpietan emango diote hasiera Elorri pilotalekuan.

Sarrerak dagoeneko salgai jarrita daude Alegian, Errotatxo okindegian eta Iskiña tabernan. Hamar euro balio du sarrerak eta 16 urtez azpikoek ez dute ordaindu beharrik izango.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!