Kezka batetik sortutako elkartea da EIBE. 2017an hasi ziren lanean, eta elkarteak eta boluntarioak herriaren garapenean ezinbestekoak direla du oinarrian. Elkarteen lana balioan jarri nahi dute. Zaindu egin nahi dituzte eta formakuntza eskaini, eta aldi berean, herritarren parte hartzea sustatu. Igande eguerdian, Elkar+ekin Gara, elkarrekin dantzan ekimena izango da eta Euskal Herriko 50-70 plazetan jarriko dituzte herritarrak dantzan. Tartean dira Alegia eta Tolosako dantza taldeak, eta kalera aterako dira dantzatu eta bideoz grabatzeko. Dantza taldeaz gain, herriko elkarteak gonbidatuko dituzte.
EIBE, elkarteen ikerketa eta berrikuntzarako ekosistemako presidentea da Unai Lizaso zestoarra, eta elkarteen eta boluntarioen lanak Euskal Herrian balorea duela adierazi du. «Altxor bat da», dio, eta «azkenaldian gainbehera bat ikusten ez ote garen ari» kezka azaldu du.
Hori horrela, «zer egin liteke?» galderari tiraka hasi ziren lanean. Gizartea asko aldatzen ari dela esan du Lizasok: «Indibidualizazio bat ematen ari da, beste aldetik sare sozialak daude. Nolabait bizitza bizkortzen ari da, eta beste zentzu batean harreman sozialak murrizten ere bai; beste modu batzuetara egiten ditugu gauzak, eta hori eragina izaten ari da». Egoera ikusita aukera ezberdinak aztertzen hasi ziren. «Diskurtso bat eraiki beharra geneukala ikusten genuen», dio, eta «ikuspegia aldatzeko balorean jarri behar zela elkarteen lan hori; hau da, ikusarazi egin behar zela egunerokotasunean gure herrietan eta gure bizitzetan zein inportantea den lan hori». Askotan, «maite ditugun pertsonak falta direnean konturatzen garen moduan, elkarteen lanaz ere ez gara konturatzen», zehaztu du. «Ondoan ditugu elkarteak egunero, eta ez dute hutsik egiten eta hortxe daude».
Kirol elkarteak, kultur elkarteak, euskara, feminismoa, ingurumena, gaixotasun arraroak, ondarea, memoria,... «Dozenaka eta dozenaka eremu ditugu elkarteetan», esan du Lizasok. «Modu batera edo bestera, hor daude guri zerbitzua ematen».
«Denak gainera gure bizitza hobetzeko asmoz ari dira, eta horrela egiten dute», azpimarratu du. «Bizitza hobetzen dute. Eskubideengatik borrokatzen dute, zerbitzuak eskaintzen dizkigute, baina batzuetan ez gara kontziente».
Hori guztia kontuan hartuta, egin beharreko lehen gauza hori guztia balorean jartzea izan dute, ikustaraztea: «Guztiok dakiguna, baina konturatzen ez garen hori mahai gainera atera, eta milaka pertsonek lehen eta orain egiten duten lan hori azalerazi».
Egoera gizarteratzeaz gain, ordea, garrantzitsutzat jo dute formakuntza: «Elkarteetako kideak formatu egin behar dira. Gauzak asko aldatu dira», dio. «Gaur egun ez da nahikoa borondatea izatea, kirol elkarteko kide izan eta kirolaz jakitea, baizik eta jakin behar duzu diru laguntzak aurkezten, komunikazioaz, diruaz, harremanez, kudeaketaz... Gauza asko jakin behar dira», azaldu du. Gaur egungo beharretara egokituz formakuntza behar-beharrezkoa ikusten dute. «Zaindu egin behar ditugu kalitatezko elkarteak izan daitezen eta kalitatezko zerbitzuak eman ditzaten».
Bakoitzak astean, ordu eta erdi
«Imajinatu zer gizarte egin genezakeen, zein komunitate, zein herri izan ditzakegun, denok, gure %1a gure komunitatearekin, gure bizilagunekin partekatuko bagenu», nabarmendu du EIBEko presidenteak. Borobildu egin dute, eta bakoitzari astean ordu eta erdi eskatzea izango litzateke: «Mundiala litzateke».
Hiru helburu jarri dituzte eta hiru helburu horiekin elkarteen lana, eta herrigintza suspertzeko lehenengo pausotxoak eman nahi dituzte. Modu alai batean egin nahi dute, eta igandean dantza izango da protagonista. «Aldarrikapen bat egin nahi dugu, baina modu alai batean, eta dantzak beti izan du bere garrantzia kultura ezberdinetan», kontatu du. «Momentu garrantzitsuetan, komunitatea sendotzeko momentuetan, dantzak badu bere magia», zehaztu du.
Mikel Laboaren Martxa baten notak aukeratu dute «Neurrira egindako letra du». Elkarlanak «handiago» egiten gaituela dio, eta «ni ez naiz libre izango, beste bat lotu den bitartean edo ez naiz aseko beste bat gose den bitartean», azpimarratu du abestiaren letrari errepasoa eginez. Nitik gurako bidea egin nahi dute: «Elkarteetako kide asko ez dira bere buruari begira aritzen, orokorrera begiratzen dute». Elkar+ekin Gara, elkarrekin dantzan ekimenak, «diskurtso eraikitze ekimen honen lehenengo pausoa izan nahi du», argitu du.
Era guztietako elkarteak batzen ditu EIBEk eta era guztietako elkarteak jarri nahi dituzte balorean hasitako ekimenarekin: «Zentzurik zabalenean herri aberatsagoak izan ditzagun». Erakunde ezberdinen babesa ere jaso nahi dute, eta manifestu bat osatu dute Gotzon Barandiaranek idatzia.