BASO ERTZETIK

Armiarma bat ikusi zuen irakaslea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2022ko mar. 14a, 07:57

«Xomorro bat da eta zortzi hanka ditu!», esan zuen irakasle hark deiadarka bere xomorroak harrapatzeko potetxoari zur eta lur begiratuz. Deiadarri so, beste lauzpabost irakasle hurbildu zitzaizkion, batzuk liluratuta eta beste batzuk urrunetik begira beldurrarekin. 

Xomorro handi eta arraro hark zortzi hanka zituen bai, etengabe mugitzen ari zen potetxoaren barruan eta ia zentimetro bat neurtzen zuen xomorrotzarra zen. Askok mugikorrarekin argazkiak atera zizkioten, eta ausartenek, «non topatu duzu?», galdetzen zuten eta inguruan beste zortzi hankako xomorro beldurgarri haietako baten bila abiatu ziren bere xomorroak harrapatzeko gailuekin.

Eta gezurra badirudien arren, gertaera xelebre hau, behin eta berriz gertatzen da, irakasleak natur inguruneetan askatzen direnean. Gertaera hau ez zen Hego Amerikako oihan ilunak esploratzen ari ziren irakasle abenturazale batzuei gertatutakoa, Gipuzkoako edozein herritako eskola bateko edozein irakasle taldetan gertatzen da. Harrigarria dirudien arren, hamar urtez Haur Hezkuntzako irakasle lanetan ibili den esperientzia handiko eta pedagogian jakintza ikaragarria duen irakaslea, egun batean naturara irteten da eta beti hor egon den eremu naturala, beste begi batzuekin begiratzen hasten da eta mundu berri bat irekitzen zaio aurrean. Baso bat, zuhaitz multzo bat baino harago, zer den ulertzen du eta bertan barneratzen da, dauden zuhaitzei begira jartzen da, zuhaitz ezberdinak daudela konturatzen da, lurrean esertzen da eta basoa entzuten hasten da, hiruzpalau hegaztien kantu identifikatzen ditu. Gero lurrera begira hasten da, orbelaren karraska hotsa entzuten du, egur hil mordoa topatzen du, txotx txikiak, enbor handiak, motzondoak zulotxoz beteta.

Bat batean, kasualitatez irakasle taldeari lagunduz hortik zehar dabilen biologo batek, bizitzan egin duen zorakeriarik handiena egitera gonbidatzen du, harriak altxatzera. Irakaslea nazka apur batekin harriak altxatzen hasten da, eta harri bakoitzaren azpian hezetasuna eta iluntasuna topatu du, argiari iheska, inurri, kukurutxa, milazango eta bestelako ehunka xomorro ikusi ditu… Bat batean mundu berri bat deskubritzen du bere oinetatik bi zentimetrora! Estralurtarrez betetako mundu berri hura begira dagoela, parean duen biologoak, beste zorakeria bat egitera gonbidatzen du, tapadun potetxo bat eta pintzak batzuk eman eta «ea zer harrapatzen duzun», esaten dio. Irakaslea, lurrera begira, egiten ari denari zentzu bat bilatzeko edo, bere unibertsitateko irakasgaiak gogoratzen hasten da: hizkuntzaren didaktika, hezkuntzaren teoria eta historia, arte plastikoak haur hezkuntzan, practicum-a… egia esan, ez du inoiz natur zientzia eta xomorroei buruzko irakasgairik izan eta inoiz ez da baso batean bi minututik gora lurrera begira egon. Baina irakasle hau mendi zale eta kirolaria da, zer demontre, natura ezagutzen du! Asteburu oro Herniora joateko ohitura du mendi lasterketak prestatzera, bi orduko saioak egiten ditu, kronometroari begira eta denborak ongi neurtuz… natura bere albotik ziztu bizian igarotzen den bitartean… egia esan, natur inguruneari buruz gutxi daki.

Bere buruan natur jakintzarik gabeko irakasle esperimentatu eta natura-kirolzale bat dela ondorioztatzen ari den bitartean… Bat batean armiarma bat pasatzen zaio paretik eta eskuin eskuan pintzak eta ezkerrean tapa irekia duen potetxo bat duela, biologoaren esan zoroei kasu eginez, armiarma hura ehizatzera joaten da beldur handiz. Armiarma uste baino azkarrago mugitzen da, bere mugimenduak oso irregularrak dira, zail da aurreikustea nora doan, eta hamar minutuko ehiza ostean armiarma pintzekin emeki hartu eta maitasun eta miresmen osoz, potetxoan sartzen du eta izaki bizidun hura aldi berean, zoragarria, beldurgarria eta magikoa dela iruditzen zaio. Egia esan ez dago ziur armiarma bat den ala ez, hanka askoko xomorro bat da! Deiadarka hasten da bere ehizakia beste irakasleei erakutsiz. Zorakeriak planteatzen dituen biologoak armiarma bat dela dio, araknido bat dela eta ez intsektua, zortzi hanka dituela, gainera irakasleak aurkitu duena ar bat dela, buru aurrean dituen bi luzakin borobil ikusiz gero nabari daitekeela.

 

Gertaera hau ez zen Hego Amerikako oihan ilunak esploratzen ari ziren irakasle abenturazale batzuei gertatutakoa, Gipuzkoako edozein herritako eskola bateko edozein irakasle taldetan gertatzen da.



Irakasle esperimentatuak ez zekien xomorroen artean mota ezberdinekoak zeudenik, ezta ere armiarma bat bereizteko hankak zenbatzea nahiko zela, ezta ere hauetan ar eta eme bat bereizteko gai izango zenik. «Baina armiarmek ez al dute ba sarea egiten?», galdetzen du atzean, ehizatu berri den armiarma puska urrunetik izututa begiratzen duen irakasle gazte batek. Biologoak «ez beti» dio, gainera harrapatu duten armiarmak konkretuki sarerik gabeko ehiztaria dela, eta ongi begiratuz gero bere zortzi begi handiak ikusi ahal dituztela, aurreraka kokatuta, bere harrapakina ongi ikusi, distantziak kalkulatu eta bere gainera lehoi bat bailiren salto egiteko diseinatuta. Gero eta irakasle gehiago hurbildu dira armiarmaren zortzi begi eder horiek ikustera, armiarmaren gorputz eredua mirestera. Armiarma higuingarri hura bat batean ehizarako makina perfektu bat bihurtu da eta irakasle hauek, natura, haur hezkuntzako ikasle baten inozentzia berarekin begiratzen duten pertsonak bihurtu dira eta xomorro gehiago ehizatzera eta mirestera abiatu dira… Hamar minututan, beraien begirada aldatu da, hamar minututan soilik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!