'Hauts' dokumentalaren emanaldia, hunkigarri

Ataria 2022ko otsailaren 4a

Hauts. Amiantoaren kalteak, kaltetuen hitzetan dokumentala ikusteko aukera izan dute aste honetan alegiarrek, Intxurre elkarteak antolatuta. Harrera "bikaina" izan zuen Celestino Tolosa herritarraren gainean egina den dokumentalak.

Intxurre elkartearen 50. urteurrenaren barruko emanaldia izan zen, asteartean, Hauts. Amiantoaren kalteak, kaltetuen hitzetan dokumentala. Asbestosiak hildako Celestino Tolosa alegiarraren prozesu osoa kontatzen du Otsanda Tolosa alabak lan horretan, eta Alegian bertan izan zen.

Antolatzaileak "gustura" geratu ziren: "Oso ondo atera zen. Celestino bertakoa izanik hunkigarria izan zen". 50 bat pertsona gerturatu ziren kultur etxera dokumentala ikustera. 

Behin dokumentala ikusi eta gero, Otsanda Tolosa alabari, Intxurre elkarteko zutabe eta oinarri den oroigarri bat eman zioten Intxurre elkarteko ordezkariek.

Dokumentala ikusten izan zen Jesus Uzkudun Asviamie elkarteko arduradunetako bat,  eta "oso gai interesgarriak" aipatu zituela adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!