Hondakinen bilketa sistemari buruzko galdeketa egitea eskatu du Aurrera Alegia taldeak

Ataria 2022ko otsailaren 3a

Atez atekoa edo bost edukiontziko sistemaren artean galdetu nahi die alegiarrei; hondakin sistemaren inguruko informazioa ere zabaldu dute.

Aurrera Alegia taldeak sinadura bilketa abiatu du herrian, Alegiako alkateari galdeketa bat bultzatzea eskatzeko. Galdeketa horretan herritarrek ondorengo galderari erantzuna ematea nahi dute: "Zer hondakin sistema nahi duzu Alegiarako, atez atekoa edo bost edukiontzirekin?"

Aurrera Alegia taldeak esan duenez, "galdeketaren helburua ez da gaur egungo sistema aldatzea, baizik eta herritarrei gai honi buruz erabakitzeko aukera ematea". Horretarako, hondakin bilketaren inguruko informazioa banatu die herritarrei: "Datu objektiboak jarri ditugu eskuragarri, eta orain bakoitzak bere hausnarketa egin beharko du".

Aurrera Alegia taldeak zabaldu duen informazioan dio 2016 urteaz geroztik birziklatze tasa %9,56 jaitsi dela Alegian. "Urte beretik gaur egunera arte, etxebizitza bakoitzak %92 gehiago ordaintzen duen arren, sistema honek %30eko defizita du Alegian, eta 2021ean udalak 72.402 euro jarri beharra izan zituen zuloa estaltzeko", gehitu dute.

Alegiako datuak beste bi herrietakoekin ere alderatzen ditu Aurrera Alegia taldeak, Legorretakoekin eta Idiazabalgoekin, hain justu. Bi herri horiek bost edukiontzi dituztela, eta "Alegian baino birziklatze tasa hobea eta kostu txikiagoa dutela" azaldu dute. "Bi herri horietan zabor sistemak sortzen duen defizita Alegiakoaren herena da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!