Neguan ere ez dute hutsik egingo kultur ekitaldiek

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko urt. 19a, 11:57

Alegiako kultura batzordeak kultur ekitaldi sorta aurkeztu du, eta besteak beste, Olatz Salbadorren kontzertua eta Kimua kolektiboaren 'Generoa' ikuskizuna izango dira.

Alegiako Udaleko kultura batzordeak ez du atsedenik hartu, eta aurkeztu du neguko ekitaldien eskaintza. Urte berezia da alegiar askorentzat herriko elkartea den Intxurrek 50 urte betetzen dituelako. Elkarteak herritar asko ukitzen ditu, eta urte hasierarekin urteurrena ospatzen hasi baziren ere, atzo eskaini zuten lehen aldiz Intxurre elkartearen gaineko dokumentala.

Elkarteari lotuta dauden herritar ezberdinak elkarrizketatu dituzte dokumentalerako, eta 50 urte horiek eman dituzten istorioak bildu dituzte. Elizpe zineman estreinatu zuten, atzo.

Bestalde, herriko txikienek ipuin kontaketa saio bat baino gehiago izango dituzte datozen asteetan, eta gaur bertan izango dute lehenaz gozatzeko aukera. Kontu konta kantaldia ipuin kontaketa eskainiko du Itziar Saenz de Ojer-ek, kultur etxean. Hurrengo saioak otsailaren 17an eta martxoaren 22an izango dituzte. Egun gutxi barru, hilaren 28an, aldiz, Ekain pailazoaren eskutik Alejop! 2.0 emanaldia izango dute, kultur etxean.

MUSIKA ETA DANTZA

Santa Ageda bezpera egunez Alegiako Txintxarri abesbatzak aspalditik du ohitura herriko kaleetan barrena, makilak eskuan hartuta, kantuan aritzeko, eta aurten ere kalera aterako dituzte Santa Agedako doinuak.

Musikari lotuta Olatz Salbador donostiar bakarlariak hartuko du Elizpe zinemako oholtza. Otsailaren 11n, ostiralean, 22:00etan eskainiko du kontzertua.

Dantzak ere izango ditu bere egunak, eta Kimua dantza kolektiboaren eskutik Generoa ikuskizuna ikusteko aukera izango da Elorri pilotalekuan. Horrez gain, herriko Sutarri dantza taldeak bi saioa eskainiko ditu. Alde batetik, martxoaren 20an, Elkarrekin dantzan! egingo dute herriko plazan, eta bestetik, apirilaren 8an, ostiralez, Elizpe zineman eskainiko dute emanaldia.

Alegiako Udalak ekitaldien berri eman badu ere, gogorazi du unean uneko osasun egoeraren arabera ezarritako neurrietara egokituko dituela ekitaldiak. Hori horrela, aldaketarik balego horien berri aldez aurretik jakinaraziko lukete.

NEGUKO KULTUR EGITARAUA

Gaur, hilak 19
17:00. Kontu konta kantaldia ipuin kontaketa, Itziar Saenz de Ojer-ek eskainita, kultur etxean.

Hilak 23, igandea
08:00. Intxurre taldearen mende erdiaren ospakizunen barruan, mendi irteera egingo dute. Langaurrera bisita egin, eta ondoren elkartean hamaiketakoa egingo dute.

Hilak 28, ostirala
17:00. Alejop! 2.0 pailazo emanaldia Ekain pailazoaren eskutik, kultur etxean.

Otsailak 4, ostirala
18:30. Santa Ageda bezpera eguna izanik, Txintxarri abesbatza kantari aterako da, eta kaleetan barrena ibiliko da kantuan.

Otsailak 11, ostirala
22:00. Olatz Salbador bakarlariaren kontzertua izango da, Elizpe zineman.

Otsailak 17, osteguna
17:30. Kontalari bi ipuin kontaketa izango da, liburutegian.

Martxoak 8, asteartea
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dute.

Martxoak 11, ostirala
22:00. Kimua dantza kolektiboaren Generoa ikuskizuna izango da, Elorri pilotalekuan.

Martxoak 20, igandea
12:00. Sutarri dantza taldeak Elkarrekin dantzan! saioa eskainiko du, herriko plazan.

Martxoak 22, asteartea
17:00. Dorleta Kortazarren ipuin kontaketa saioa izango da, liburutegian.

Apirilak 8, ostirala
22:00. Sutarri dantza taldeak emanaldia eskainiko du herritarren aurrean, Elizpe zineman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!