BASO ERTZETIK

Katuzarkeriak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2022ko urt. 10a, 07:57

Gure etxean bi motatako katuak bereizten ditugu. Lehena, katu arrunta eta betikoa da, katu polita, ile distiratsu eta leuna duena, aurpegi pottoloarekin, begi haundiekin eta «miau» goxo bat egiten duena. Denok etxera eramango genukeen katutxo polita!

Baina bada beste katu mota bat, gure etxean «katuzarra» deritzona, eta behin baino gehiagotan topatu izan garena berarekin. Katuzarra, urte dezenteko katua da, esperientzia duen katua. Ile latza du, argala da, mutur luzea du, beti ezkutuan dabil katuzarkeriak egiten, eta gutxien espero dugunean auto baten azpitik lasterka ziztu bizian irteten da berebiziko atzazal soinua ateraz asfaltoaren gainean. Batzuetan katuzarrak ez du ihes egiten... zoko batetik burua atera eta guri zorrotz begira geratzen da, katuzar begi horiekin, urteetako bizitza gogorra islatzen duten begi horiekin...

Katuzarrak ez du pentsua edo etxeko katuen zizka-mizka gozorik jaten, katuzarrak edukiontzi barreneko hondakinak jaten ditu eta erdi usteldua dagoen oilasko bular zatia, gogotsu defendatuko du bere katuzar marruekin. Gure etxeko katua suziri batekin aztoratu egiten den heinean, katuzarrak martxan dauden kamioien motorrean igarotzen du gaua. Eguerdiko siesta zalea dugu gure katuzarra, baina katuzarrak ez du siesta sofa bigun batean egiten, katuzarrak siesta asfalto beroaren gainean egiten du, begi bat erdi irekita duela. Katuzarra bizirauten espezialista da, gosearen funanbulista, heriotzaren trapezista eta arazo larri bat gaur egun gure inguruko faunarentzat.

Katuzarrak edukiontzi barreneko hondakinak jaten ditu eta erdi usteldua dagoen oilasko bular zatia, gogotsu defendatuko du bere katuzar marruekin

Imajina dezagun katuzar arrunt bat bere egunerokoan, katuzar honi, Felix deituko diogu. Felix gure katuzarra, Tolosaldeko herri txiki bateko etxe batean bizi da. Etxe honetako jabeek Felix etxezuloan triste ikusita, atean katuentzako atetxo bat eraiki dute, Felix nahi duenean irten eta sar dadin. Gainera, Felix kanpoko birusetik babesteko, beharrezko txertoak ipini dizkiote eta galdu ez dadin, txip bat jarri diote lepo atzean. Felix etxe-katua prest dago mundua ezagutzeko.

Hasiera batean gure Felixi ez zaio ate madarikatu hura atsegin, mugitu egiten da eta beste aldean, etxeko lasaitasunetik urrun dagoen mundu zaratatsu bat ikusten da. Baina Felix katu bat da eta bere odolean, milioika urtetan zehar garatu duen harrapariaren sena darama eta senak bultzatuta kanpora irten da. Kanpoan Felixek mundu berri bat ikusi du, sofa, telebista, janari ontzia eta iturrietako uraz aparte, mundu ikaragarri bat deskubritu du. Aukeraz betetako mundu honetan murgildu da eta pareta batean, sekula ikusi duen tximeleta handi bat ikusi du geldirik. Felixek, bere katutasunari so eginez, jauzi batean ehizatu du eta ehizatzea zer den deskubritu du, eta ehizatzea ona dela ikusi du. Tximeleta handi bat, sugandila txiki bat, sagutxo ertain bat, hormatxori bat, txepetx habia bat, musker berde bat, xoxo beltz bat…

Katuzar guztien modura, Felix ez da gose, Felixek bere jabeen etxean sabela ederki betetzen du egunero, beraz bere ehizaren helburua ez da egunero bizirautea. Felixentzat ehizatzea ez da kontu handiz egin beharreko energia gastu zehatz eta neurtu bat, Felixek energia soberan baitu ematen dioten katu-pentsuagatik, ehizatzea jolasa da berarentzat. Horregatik Felix katuzar berriak ez du egunean bizitzekoa ehizatzen, parean jartzen zaion edozein animalia basatik ehizatzen du, hegazti, sagu edo intsektu. Nahi adina saiakera egin ditzake, egun osoa du horretarako, hormatxori bat ehizatzera joan eta honek ihes egin diola? Lasai, aurrerago satitsu bat topatuko du, eta azken hau ere ez badu ehizatzea lortzen… beste batean izango da. Gainera Felix ez ehizatzera oso urrun joango, kale bat edo bi aurrerago joango da, hori bai, kale hauek bizidunez erabat soilduta utziko ditu gure katuzarrak

2014an egindako Espezie Inbaditzaileen Aditu Taldeak egindako ikerketa batean, katuak munduko ehun espezie inbaditzaile arriskutsuen taldean sartu zituzten, horrez gain, Erresuma Batuan egin zen beste ikerketa batek zioenez, katuek urtean 60 milioi ugaztun txiki eta 27 milioi hegaztien heriotzaren errudun dira. Ameriketako Estatu Batuetan, fauna basatiaren desagerpenaren eragile nagusitzat hartu dira kale katuak, eraikinetako kristal, trafikoagatik izandako heriotza eta pozoiaren gainetik, beraz broma gutxi katuekin!

Zuen etxean etxe-katu bat baduzue beraz, jarrai dezala etxe-katua izaten, behin katuzarra bihurtzen bada ez baitago atzera bueltarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!