Intxurre elkartearen mende erdia ospatzen hasi dira

Tolosaldeko Ataria 2022ko urt. 3a, 11:06

Urteurrenaren ikur izango den i50 logotipoa aurkeztu zuten elkartean, joan den urtarrilaren 1ean.

Alegiako Intxurre kultur eta kirol elkarteak 50 urte betetzen ditu aurten, 2022an. Elkarteko kideek urte berezia izatea nahi dute, bazkideentzat, herritarrentzat eta inguruko guztientzat. Iragarri dutenez, ekitaldiz betetako urtea izango da.

Gaur egun Intxurrek dituen futbol eta pilota taldeetatik abiatuta, garai batean izandako antzerki, bertso, mendi eta txirrindularitza taldeak gogoan izango dituzte urte osoko ospakizunetan. Urteko lehen egunean, elkarteko balkoian zintzilikatu dute i50 logotipoa, urteurrenaren irudia izango dena, eta bertaratutako bazkideek urte berezi honengatik topa egin dute.

Intxurre elkartearen 50 urteetako historia dokumental batean bildu dute eta bertan elkartean protagonista izandako hainbatek elkartearen ibilbidea gogoratu dute. "Lehenengo lehendakaria emakume bat izan zela, antolatutako Langaurre Egunak, Aralarren dolmen eta trikuharrien markatzea, euskaraz funtzionatzeko apustua, antzerki taldea, Inaxio Begiristain, bertso eskola, kultur astean eta kirol ekimenak.... horiek denak jaso ditugu dokumentalean".

Urtarrilaren 18an herriko zinema aretoan eskainiko dute dokumentala 18:30ean eta bertan emango dute urteurreneko ekitaldien berri. Bildutako bazkide guztiek elkarrekin argazkia egingo dute ekitaldi horretan. Urtean zehar izango diren ekimenak pixkanaka iragarriko badituzte ere, aurreratu dutenez urtarrilaren 23an, mendi irteera egingo dute Intxurre mendira, 08:00etan abiatuta. Langaurrera bisita egin eta ondoren elkartean hamaiketakoa egingo dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!