Elkarrizketa

«2021 urtea polita izan da, eta espero dut 2022a ere horrela izatea»

Imanol Garcia Landa 2021ko abe. 23a, 07:59

Urtarrilean Valentzian egingo den hamar kilometroko lasterketa du begiz jota Ander Garinek, bere marka hobetzeko. Bitartean, Euskadiko Txapelketetan emaitza oso onak lortu ditu.

Urterik onena izan da Ander Garin (Alegia, 1997) Tolosa CF Atletismo taldeko atletarentzat. Euskadiko Krosean hirugarrena izan da, errepideko hamar kilometroko Euskadiko Txapelketa irabazi du, eta baita distantzia bereko aire libreko pistako Euskadiko Txapelketa ere. Korrikalarien munduan abizen nabarmena du, Garin anai ezagunetako bat bere aita delako, Juan Mari, hain justu. Korrikalarien familia bateko kide izan arren, orain gutxi arte ez da hasi atletismoan.

Azken emaitza nabarmenena Amurrioko krosean lortu zenuen. Sailkapen orokorrean seigarren izan zinen, eta bertan jokoan zegoen Euskadiko Txapelketan hirugarren.

Ez nuen espero emaitza hori lortzea. Ni batik bat asfaltoan eta pistan aritu naiz entrenatzen eta krosa ez dut asko sartu. Amurrioko krosa nire baldintzetako ez zen hain egokia, lokatza zegoelako eta bihurgune asko zituelako, eta niri ahalik eta zirkuitu azkarrena komeni zaidalako. Beraz, oso harrituta nago lortutakoarekin. Orain arte lortu dudan emaitzarik onena da krosean. Beti izan dut arantza krosean; atletismoan hasi nintzenetik beti parte hartu izan dut, baina ez dut nire maila eman. Alde horretatik, arantza txiki hori kendu dut, eta oso gustura nago.

Azaroaren bukaeran irabazi zenuen hamar kilometro Euskadiko Txapelketa asfaltoan, Donostiako Maratoiarekin batera antolatzen den proban. Hori espero zenuen?

Denboraldiko lehen lasterketa izan zen, nahiz eta denboraldiaurrean pare bat probatan aritu asfaltoan, eta egia esan oso sentsazio onak izan nituen. Eguraldi txarra egiten zuen, haizea eta euria, eta lasterketa nahiko taktikoa atera zen seigarren kilometrora arte. Gero hiru lagunek alde egin genuen, eta azken kilometroan indarra izan nuen errematea emateko. Lehen postuan amaitzea zaila da. Korrikalari on batzuk falta ziren, baina baziren beste hainbat korrikalari on, eta horiei irabazi eta txapeldun geratzeak ilusioa egiten dizu.

Apirilean lortu zenuen aire libreko pistako hamar kilometroetan Euskadiko Txapelketa irabaztea. Nola duzu hori gogoan?

Aurreko denboraldia, 2020-2021ekoa, nahiko arraroa izan zen, COVID-19aren ondorioz lasterketa gutxi antolatu ziren, eta guretzako denboraldia beti entrenatzen baina lehiatu gabe joan zen. Aukera hau atera zen, apirilean txapelketa antolatu zutelako, eta ni 10.000 metro pistan inoiz korritu gabe nengoen; banekien batik bat psikologikoki asko sufrituko nuela, pistari 25 buelta ematea gogorra izaten delako. Baina, egia esan, oso sentsazio onarekin geratu nintzen.

Atletismoan denboraldiak ikasturteak bezala hartzen dituzue, baina urte naturalei begiratuta, esan daiteke 2021a izan dela orain arteko zure urte onena?

Bai, hori da. Denboraldia irailean hasten dugu eta otsaila-martxora bitarte ibiltzen gara krosean edo asfaltoko lasterketa batzuk egiten ditugu, eta beste batzuk pista estalian aritzen dira. Gero, udako denboraldia izaten da, otsailetik uztailera arte, eta hor aire libreko pistan zentratzen gara. Nire kasuan, 3.000, 5.000 edota 10.000 metroko probetan. Eta, zure galderari erantzunez, 2021 urtea polita izan da, eta espero dut 2022a ere horrela izatea.

Hemendik aurrera, zer proba dituzu gorriz azpimarratuta egutegian?

Denboraldi honetako nire helburu nagusia urtarrilaren 9an Valentziako hamar kilometroko asfalto lasterketa da. Maila handiko jendea joaten da. Horrelako karrerak bi-edo izaten dira, Valentziakoa eta Laredokoa, markak egin ahal izateko. Horregatik, eman dudan prestaketa asfaltoan eta pistan izan da. Beraz, krosean izandako emaitzak pixka bat harritu ninduen, lokatzetan eta aldapetan ez naizelako asko ibili. Baina ematen du sasoi puntu ona harrapatu dudala eta ea urtarrilean horri errematea ematen diogun. Gero, Euskadiko Kros Txapelketaren emaitza dela eta, urtarrilaren bukaeran Espainiako Kros Txapelketara joateko txartela izango dudala pentsatzen dut, eta hor bukatuko genuke neguko denboraldia.

Noiztik hasi zinen atletismoan?

Orain lau urte edo hasi nintzen. Ordura arte futbolean aritzen nintzen, Alegiako Intxurren. Gasteizen, unibertsitateko bigarren urtean edo, futbolerako indar pixka bat galdu nuen, kiloak ere galdu nituen, korrika hasi nintzen, eta futbolak ez ninduen hainbeste betetzen. Han hasi nintzen nire gisara korrika egiten, eta gustatu egin zitzaidan. Familia korrikalari batetik nator, eta asteburuko elkarrizketa guztiak korrika mundukoak ziren. Nahiz eta gaztetan ez zitzaidan har hori sartu, 19 urte nituela etorri zitzaidan gogoa, eta orain inoiz baino gusturago nabil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!