Asier Zabaleta eta Marian Gerrikabeitia ostegunean itzuliko dira Euskal Herrira

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2021ko aza. 30a, 11:04
Asier Zabaleta Maputon. Irudia: Berria

Mozambiken harrapatuta daude dantzaria eta kazetaria, omikron aldaera dela-eta mugak itxi dituztelako hainbat herrialdek. Espainiako Gobernuak antolatu die etxera ekarriko dituen hegaldia

Badute itzulerarako eguna Alegian bizi den Asier Zabaleta dantzariak eta Marian Gerrikabeitia kazetariak: abenduaren 2a, osteguna. Berez, gaur ziren Mozambiketik itzultzekoak, baina asteburuan jakin da koronabirusaren izurriaren omikron aldaera dela-eta han harrapatuta zeudela biak. Aldaera horren hedapena geldiarazteko hartutako prebentzio neurrien ondorioz zeuden hala; izan ere, hainbat muga itxi, eta hegaldi asko eta asko bertan behera utzi dituzte. Azkenean, Espainiako Gobernuak ostegunerako hegaldi bat antolatzea lortu dute, eurentzat eta antzeko egoeran zeuden 50 lagun ingururentzat.

Zabaletak bideo batean kontatu zuenez, atzo zalantzati izan ziren Johannesburgoko aireportura joan edo ez erabakitzeko, baina, azkenean, Maputon gelditu ziren. «Ez genuen argi ikusten hegaldiren bat hartzeko aukerarik izango ote genuen eta, ezin bagenuen, Maputora bueltatzerik izango genuen edo ez», adierazi zuen.

Dantzariaren esanetan, «asmatu» egin zuten Maputon gelditzen, aireportuetan gero eta jende gehiago pilatzen ari delako eta hegaldiak ere «barra-barra» uzten dituztelako bertan behera. Hala, albiste ona jakin aurretik ere «lasai» zeudela esan zuen, Espainiako enbaxadarekin harremanetan zeudela, eta «buru-belarri» lanean ari zirela irtenbide bat bilatzeko.

Koronabirusaren bilakaerari ere egin zion erreferentzia hedabideetara bidalitako bigarren bideoan. «Intzidentzia oso txikia da hemen, eta aldaera berria ez da iritsi ere egin», kontatu zuen. Horregatik, bitxi samarra iruditzen zitzaion «Europatik nola sailkatzen eta zaku berean sartzen diren Afrika hegoaldeko herrialde guztiak», eta hori, gainera, «baloratu ere egin gabe zer egoeratan dauden». Horren harira, azpimarratu zuen oraintxe bertan Mozambike Europako edozein herrialde baino hobeto dagoela. «Zaku berean sartu gaituzte guztiok, eta hementxe gelditu gara irten ezinda», gaineratu zuen.

Jarraitu irakurtzen Berrian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!