Elkarrizketa

«Nahiz eta muga batzuk izan, bizitzak aurrera jarraitzen du»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 26a, 07:59

Gorka Zubeldia Letamendiak (Alegia, 1970) herrian bere bizipenen gaineko hitzaldia eskainiko du, gaur, 18:30ean, kultur etxean. Arantza du iaz Zegama-Aizkorri proba egitea koronabirusak zapuztu ziolako, baina gogotsu dago, berriz ere, kirol probetara itzultzeko. Zegama-Aizkorrin posible ez bada, Leitzako Euskal Herriko Mendi Erronkan parte hartzea du helburua jarrita.

'Non gogoa, han zangoa' hitzaldia eskainiko duzu herrian. Nolatan?

Nire ez zitzaidan bururatu. Udaletxeko dinamizatzaileak esan zidan ea prest egongo nintzatekeen hitzaldi txiki bat emateko nire bizipenak eta mendiko esperientzia kontatuz, eta emango nuela esan nion.

Zure bizipenak edo zure ibilbidea kontatuko duzu.

Gehienbat laneko istripuaren ondorioz bizi izan ditudanak. Lehenagokoaz ez dut asko kontatzeko egia esan.

2003an lan istripua izan zenuen, eta eskuineko hanka belaunetik behera moztua duzu. Nola gogoratzen duzu une hura?

Istripua ez dut apenas gogoratzen. Irudi txiki batzuk etortzen zaizkit burura ametsetan, baina ez dut irudi garbirik. Aurrera egin dut, eta ahaztua dut erabat.

Gogorra izango zen errekuperazioa.

Nahiko gogorra. Errehabilitazioak sei bat hilabete iraun zuen, eta hankaondo edo muinoia pixkana txikitzen joan zen, orain dagoen tamaina hartu arte. Ezin izan nuen ezer egin. Orkatilarik nola ez dagoen, muinoia eta belauna indartzeko ariketa berezi batzuk egin behar izan nituen. Behin muinoia indartuta posible izan nuen protesia jartzea.

Baina ez zenuen etsi.

Urte eta erdi bat edo izan zen. Lehengo lana utzi egin nuen, eta aurrera egin beharra neukala ikusten nuen. Zutik eta oinez ibiltzeko gai nintzen, eta nire urritasuna kontuan izanda Gureak-edo antzeko enpresaren batean aukera nuen, eta kasualitatez Katealegaia enpresa aurkitu nuen eta bertan hasi nintzen lanean. Beraien bitartez sartu nintzen Indar enpresan. Indarrekoentzat gustuko langilea nintzenez beraiek egin zidaten kontratua eta gaur egun Indarren egiten dut lan.

Protesiaren gainean erakutsi duzu gai zarela edozertarako.

Edozertarako hitz handia da. Istripua izan nuenean pentsatu nuen gauza asko ezingo nituela egin. 33 urte nituen, eta protesi batekin kirola ezingo nuela egin pentsatzen nuen. Orduko protesiak nahikoa zurrunak, gogorrak ziren, eta zailtasunak ematen zituzten. Oinez ibiltzeko nahiko ondo, baina korri edo edozein kirol egiteko ez zeuden prestatuta.

Gaur egun horretan ere aldaketa eman da, ezta?

Bai. Kausalitatez pasa den ostegunean egon nintzen ortopedian. Protesi bat jada zaharra daukat, eta seguruaren bitartez ea aldaketak eman ote diren galdetzera joan nintzen. Aldaketak eman direla, eta protesi berri batzuk badirela esan didate. Orain neurriak-eta hartuko ditut berria egiteko, baina ez korrika egiteko, baizik eta, egunerokoan erabiltzeko izango da.

Lanera bueltarekin batera, mendian ibiltzen ere hasi zinen.

Mendian ibiltzen 2010. urtean edo hasiko nintzen. 2003tik 2010a bitarte nahikoa burumakur egon nintzela esango nuke. Oinez ibiltzen nintzen eta lan egiten nuen, baina ez nuen uste gai nintzela mendian ibiltzeko. Asko jota zortzi ordu lanean zutik egoteko, baina 2010ean lanean zortzi ordu egoteko gai banaiz, neure buruari oinez ibiltzeko ere gai izango nintzela esan nion. Bidegorrian hasi nintzen. Orduan bidegorria zabaldu berria zen, eta Tolosara joan-etorrian moldatzen nintzen. Gero gertuko mendietan probatzen hasi nintzen bi makilekin. Gai nintzela ikusi nuen, eta poliki-poliki aurrera egin nuen. Eta orduan ez nuen uste inondik inora horrelako gauzarik egingo nuenik ere.

Baina zure bi oinekin Mont Blancera ere iritsi zara.

Mont Blancekin uste dut oso zorte handia izan dudala. Dena lotuta joan zen. 2016an Goierriko Bi Handiak egin nuen, eta batek esan zidan Hiru Handiak ehun kilometroko proba bazegoela eta hura errazago egingo nuela. Hiru Handiak egin, puntuak bildu eta Mont Blancera joateko aukera nuela, eta kasualitatez zozketan zortea izan nuen eta horrela joan nintzen.

Denek ez dute lortzen proba bukatzea, eta zuk bukatu egin zenuen.

Orduz kanpo amaitu nuen. Azken jaitsieran erori egin nintzen, eta muinoian min hartu nuen. Antolakuntzatik inongo trabarik ez zidaten jarri bukatzeko, eta nire moduko batek proba bukatzen duela ikustaraztea ere interesgarria iruditzen zitzaien.

Proba amaieran ateratako argazkia esanguratsua da.

Mont Blanc Ultra Trail probako lehenengoak baino lehen iritsi beharra neukan, eta 40 bat minutu lehenago helmugaratu nintzen. Sekulako argazkilari eta jende pila zegoen helmugan zain, eta ni iristean jendea nahikoa txundituta geratu zen. Lehen erabiltzen nuen protesia haragi kolorekoa zen, eta jendea ez zen hainbeste konturatzen, baina oraingoa karbonozkoa da eta bistakoa da.

Zure kabuz entrenatu zara, edo izan duzu laguntzarik?

Nire kabuz. Gaur egun Internet daukagu, eta liburuak irakurtzen hasi nintzen. Kemeneko bazkide egin nintzen, urritasun fisikoa duten pertsonen elkartea da, eta bertan anputatu gehiago daude, eta besteek nola egiten zuten ikusi nuen. Nire lehen intentzioa korrika egitea zen. Eta lehenengo aldiz, Behobia, 20 kilometro korrika egitea lortu nuen. Hori lortuta mendian ere egin beharra neukala ikusi nuen. Asfaltoan gai banaiz, mendian zergatik ez!

Eredu zara.

Ez dakit. Nik egin dudana lortzeko pertsona arrunt batek orduak pasa behar ditu, eta nire mugak ikusita, oraindik ere ordu gehiago pasa behar izan ditut entrenatzen. Nik anputazio bat dut eta beste pertsona batek beste mota bateko mugikortasun arazoak izan ditzake, baina lortu daiteke. Ez da erraza, eta orduak sartu behar dira, eta ez du zertan mendian izan, igeriketa izan daiteke, baina nahiz eta muga batzuk izan, bizitzak aurrera jarraitzen duela da mezua.

Herritarren aurrean emango duzu hitzaldia.

Txundituta nago. Ez dakit zein jende gerturatuko den, eta gehienek ezagutzen naute. Alegia herri txikia da. Orduak pasa ditut entrenatzen eta jendeak badaki zertan ibili naizen. Ez dut uste inor harrituko dudanik.

'Non gogoa, han zangoa'. Hitzaldiaren izenak asko esaten du.

Ternuako kamisetetan irakurtzen nuen, eta duela hilabete dezente Ternuakoekin hitz egin nuen ea lelo hori erabiltzerik izango ote nukeen jakiteko. Ez zidaten inongo arazorik jarri eta nahi nuen bezala erabiltzeko baimena eman zidaten. Gainera, kamiseta batzuk oparitu zizkidaten probetan erabiltzeko, baina koronabirusa tarteko ezin izan ditut erabili. Lelo hori nirekin bat doa; zangoa falta, baina gogoa ikaragarrizkoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!