Dupla taldearen rap doinuek jarriko dute dantzan Alegia

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 20a, 19:59

Udazkeneko kultur egitaraua martxan jarri du Alegiako Udalak; atzo ipuin kontaketa izan zuten, eta ostiral gauean Dupla talde arabarrak kontzertua eskainiko du, herriko plazan.

Alegiako Kultura Batzordeak urte eta erdiko etenaren ostean, berriz ere, kulturari hauspoa eman nahian udazkeneko kultur egitaraua antolatu du. Atseden egunak tartekatuz, abendura bitartean luzatu dituzte gustu guztietarako moduko ekitaldiak.

Murrizketa ugari bertan behera geratu ostean, Alegiako kultur eskaintza ere horren lekuko da. Pasa den astean ekin zioten egitarauari. Ikasturte berriarekin batera, Irakurle Taldea ostegunean elkartu zen, eta Mikel Ayllon idazlearen Zoriontsuak izatea aukeratu genuen liburu izan zuten hizketagai. Egitarauko azken ekitaldia ere Irakurle Taldearena izango da, eta abenduaren 16an elkartuko dira, liburutegian.

Etzi, 22:00etan, musika izango da protagonista eta Dupla talde arabarrak eskainiko du kontzertua plazan. Rap doinuak entzuteko aukera izango da.

Hilaren 26an, berriz, Gorka Zubeldia herritarrak hitzaldia eskainiko die herritarrei. Bere bizipenen berri emango duen hitzaldiari Non gogoa, han zangoa izena jarri dio. 18:30ean kultur etxean izango da.

Azaroaren 5a eta 18a haurrei zuzendutakoak izango dira. Lehen egunean haur antzerkia eskainiko dute zineman eta bigarren egunean, ipuin kontaketa musikatuaz gozatzeko aukera izango dute txikienek, liburutegian.

Musikariek gorriz markatua izan ohi dute Xexili eguna, eta Alegiako musikariek ospatu egingo dute, eta Loatzo musika eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute.

Azaroaren 26an, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai igoko dira Alegiako Elizpe zinema aretoko oholtza gainera. Luze edo motz ikuskizuna da eskainiko dutena. Azaroko hilabetea amaitzeko etxeko energia aurrezten ikasteko tailerra izango da ikasi eta praktikan jarri nahi duten guztientzat.

Abenduaren 10ean, berriz, Antton Telleria tolosarraren Nekatutak bakarrizketan barneratzeko aukera izango dute alegiarrek. 22:00etan hasiko da bakarrizketarekin, eta zinema aretoan izango da.

Bost egun beranduago, berriz, Ameli iritsiko da Alegiako liburutegira. Haurrei zuzendutako ipuin kontaketa musikatua da.

KULTUR EGITARAUA

Urriak 22, ostirala
22:00. Dupla rap taldeak kontzertua eskainiko du, plazan.

Urriak 26, asteartea
18:30. Non gogoa, han zangoa hitzaldia eskainiko du Gorka Zubeldia, Makro herritarrak, kultur etxean.

Azaroak 5, ostirala
17:00. Aioko haur antzerkia ikusteko aukera izango da Elizpe zinema aretoan.

Azaroak 18, osteguna
17:00. Kolorez Jantzia, ipuin kontaketa musikatua izango da liburutegian.

Azaroak 24, asteazkena
18:30. Xexili ospakizuna egingo dute, eta Loatzo musika eskolako ikasleen emanaldia izango da.

Azaroak 26, ostirala
22:00. Luze edo motz ikuskizuna, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairekin, Elizpe zinema aretoan.

Azaroak 30, asteartea
18:30. Argitu tailerra: Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!, kultur etxean.

Abenduak 10, ostirala
22:00. Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa, zinema aretoan.

Abenduak 15, asteazkena
18:30. Ameli ipuin kontaketa musikatua, liburutegian.

Abenduak 16, osteguna
18:00. Irakurle taldearen saioa izango da, liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!