ELKARRIZKETA

«Hutsunea dut, baina gauza pila bat egiteko gogoa ere badut»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 12a, 07:59

Ia 40 urte eman ditu ostalaritzan lanean Mari Jose Leundak, eta erretiroa hartu berri du; azken hogei urteetan Alegiako Erretirodunen tabernako ardura izan du.

Mari Jose Leunda Imaz hernialdetarra da jaiotzez, baina urte asko daramatza Alegian bizitzen. 19 urterekin hasi zen ostalaritzan, eta azken hogei urteak Alegiako Erretirodunen tabernan eman ditu lanean. Ateak ixteko garaia iritsi zaio, eta erretiroa hartu du.

Urte asko eta gero, Erretirodunen taberna utzi eta erretiroa hartu duzu. Zer moduz lanik gabeko lehen egunak?

Oraindik egia esan ez naiz gehiegi ohartu. Gauza bakoitza bere lekura eraman, eta bat eta beste nabil. Hutsune handia sentitzen dut. Falta handia. Urte pila bat dira.

Noiz hasi zinen ostalaritzan lanean?

Ia 40 urte dira. Urte pila bat dira, eta beti jendearekin egon naiz. Hutsunea dut, baina gauza pila bat egiteko gogoa ere badut. Lehen egiterik ez neuzkan gauzak egin nahi ditut. Gauza oso sinpleak. Adibidez, lehen tarterik ezin hartu egoten nintzen Altzotik oinez buelta bat egiteko, eta orain pixka bat lasaiago ibiliko naizela pentsatzen dut.

Orain arte egin ezin izan duzuna egiten saiatuko zara, beraz.

Eguna betetzeko gauzak badauzkat. Gurasoak direla, Lizarra aldera ere pare bat egun pasatzera gustura joaten gara,... baina hutsune handia dut.

Hutsunea jendearena da?

Jendearekin harreman oso-oso ona izan dut. Oso maitatua sentitu naiz jendearengatik, eta lagunarte handia egin dut.

Zein ibilbide egin duzu ostalaritzan?

19 urterekin Tolosako Orbelako sukaldean hasi nintzen Izaskuni laguntzen. Gero Aizpuruan aritu nintzen, eta bost urte egin nituen. Ezkondu egin nintzen, eta oso berandu iristen nintzen etxera, eta utzi egin nuen. Haurrak izan eta gero, Alegian bertan Gurian aritu nintzen hamalau urtez lanean. Barra eta sukaldeko lana egiten nuen bertan, eta Alegiakoa ixtean, Tolosan eskaini zidaten lana. Kasualitatez, Tolosan ere Guria tabernan aritu nintzen.

Eta nolatan ireki zenuen Alegiako Erretirodunen taberna?

Herrian bertan Erretirodunen taberna irekitzera animatu beharko nukeela esaten hasi zitzaidan asko. Bertatik bertara izango nuela lana eta... Alokatzeko jarrita zegoen taberna, eta berotu egin ninduten. Pixka bat pentsatu ostean ireki nuen.

Zenbat urte pasa dira ireki zenuenetik?

Hogei urte dira.

Zer moduzko esperientzia izan da?

Oso ona. Denetariko jendea dago, baina oso ona. Esan bezala oso maitatua sentitu naiz eta lagunarte handia egin dut.

Hogei urtetan, ordea, aldatuko zen tabernako giroa.

Aurreneko urteetatik hona asko jaitsi da. Garbi dago. Ohiturak aldatu dira, eta orain pandemiak gainera ipurdiko handia eman du. Nik ezin dut kexatu eta lan handia egin dut, baina bai esan behar da ordu pila bat sartu ditudala. Egunero-egunero 10-12 ordu inork ez zizkidan kentzen. Azken aldera agian pixka bat gutxiago, baina lan ordu askoko egunak izan dira.

Lan handia eta ordu asko eskaini beharreko lana da.

Lan handia ez dakit, baina ordu asko bai. Lana ere bai, eta sukaldearekin ere bastante ondo egin dut lana. Ezin dut kexatu.

Barran eta sukaldean egin behar izan duzu. Zer nahiago?

Bietan gustura. Sukaldean ere gustura sentitzen nintzen. Beharra ikusiz gero leku batean edo bestean, berdin zitzaidan.

Nolakoa zen zure egunerokoa.

Igandeetan ezik beste egunetan 08:30erako irekitzen nuen 22:00ak arte, eta igandeetan 09:00etan irekitzen nuen. Ireki eta normalean 19:00ak baino lehen ez nintzen ateratzen. Hasi berritan bakar-bakarrik hasi nintzen. Hasieran 00:00ak aldera arte irekitzen froga egin genuen, baina gero 22:00ak arte irekitzea erabaki nuen. Hartara, taberna itxi eta afari bat egitera joateko aukera ere banuen.

Goizetik izaten zen mugimendua?

Bai. Jendeak bazuen ohitura, eta langile jendea pintxo edo ogitarteko eske etorriz gero, inoiz ez diet esan ezezkorik. Beti izan dut sukaldea prest. Edozein garaitan zerbait eskatuz gero, prestutasuna izan behar zenuen egiteko. Ezin zenuen esan sukaldea itxita dagoela, eta hori asko zaindu dut.

Txikiteorako joerarik bada?

Lehen txikiteoa askoz ere gehiago egiten zen. Pandemia egoera albo batera utzita, orain datorren belaunaldiak ez daki txikiteorik egiten. Leku batean zentratzen dira, eta bertan egoten dira tragoak hartzen. Lehen sartu eta atera, sartu eta atera beti jende desberdina ibiltzen zen. Lan gehiago egiten genuen. Jendea eserita badago pintxoak ere gutxiago saltzen dira.

Lan gehieneko egunak herriko festetan?

Bai, baina lan egiteko errazenak beraiek dira. Guztia aurretik antolatuta izaten duzu. Arazoa hori da, aldez aurretik prestatu behar duzula, baina jende gehiago ere jartzen duzu lanerako. Lana egiten duzu, baina festak dira, eta jendea kontentu dago eta nire ustez erraz egiten da lana. Urte guzti hauetan festetarako jende oso ona eduki dut. Kuadrilla oso ona tokatu zait. Egunerokoan izan ditudan langileak ere oso onak egokitu zaizkit.

Edarien modak jarraitu behar izan dituzu?

Modak festetan izaten dira. Txupito klaseren bat, likoreren bat edo konbinatu arraroren bat. Gazteei probatzea gustatzen zaie. Gainerakoan betiko edariak eskatzen dira. Gainera, oraingo gazteek ez dakite ardorik edaten. Garagardoa, garagardoa eta garagardoa. Egunerokoa erraz egiten da.

Erraza izan da herritarrekin lan egitea?

Bai, eta psikologoaren lana egitea ere tokatu zait. Tragoa hartzera datoz, baina batik bat kontuak esatera. Askotan ez dizu asko axola dituzten arazoak edo sukaldean lana egin beharra daukazula duzu buruan, baina konpainia eginez entzuten ere jakin egin behar da. Hala ere, jendeari asko eskertu beharrean aurkitzen naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!