45 kilo hondakin bildu dituzte Amezketa ibaian

Ataria 2021eko urriaren 11

Alegiako Herri Eskolako ikasleak aritu ziren zaborra jasotzen, ostiralean; gehienbat plastikoa atera zuten baina baita freskagarri lata, burdin eta maskara ugari ere.

Alegiako Herri Eskolako LH 5. mailako ikasleek Amezketa errekako zati bat garbitu zuten ostiralean. Alegiako Udalak sakabanatutako zaborren pilaketa fokuak prebenitzeko eta zuzentzeko aurten martxan jarritako Alegiako natur guneen garbiketa proiektuaren barruan, Franconitik hasi eta futbol zelaira bitarteko ibai zatian aritu ziren garbiketa lanetan, Urzain taldeko kideek dinamizaturiko saioan.

Guztira 45 kilo hondakin atera zituzten ibaitik. Udalak esan duenez, "plastikozko hondakinak izan ziren gehienbat atera zituztenak, baina freskagarri latak, burdina eta maskarak ere atera zituzten". Sentsibilizazio jarduera horretan parte hartu zuten gaztetxoak taldetan banatuta aritu ziren ibaiko zati ezberdinak garbitzen eta amaieran, "harridura erakutsi zuten hain denbora tarte laburrean atera zuten hondakin kopurua ikusita".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!