Erreka eta bere inguruak garbituko dituzte ikasleek ostiralean

Ataria 2021eko urriaren 5a

Alegian, Oria ibai ertza hondakinez beteta.
Alegiako Udalak hondakinen pilaketak prebenitzeko proiektua du martxan jarrita, eta sentsibilizaziorako ekimenaren barruan, ostiralean, Alegiako Herri Eskolako ikasleek erreka garbituko dute Urzain taldeak dinamizatuta.

Aurten herrian zehar sakabanatutako hondakinen pilaketa fokuak prebenitzeko eta zuzentzeko proiektu bat jarria du martxan Alegiako Udalak. Alegiako natur guneen garbiketa izenburupean, Oria ibaiko, eta Aritzaga eta Txubiritxo erreken ibilguetako hondakin solidoak kentzen ari dira modu sistematizatuan Urzain taldeari esker. Garbiketa horiez gain, ordea, isurketa berriak prebenitzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko helburua du proiektuak, eta horrela udalak gaztetxoei zuzenduriko sentsibilizazio jardunaldi bat antolatu du.

Haurrekin egingo duten saioa ostiralean, hilak 8, izango da. Urzain taldeak dinamizatuko du, eta Alegiako Herri Eskolako 5. mailako ikasleek hartuko dute parte. Lehenik aurkezpena eta material banaketa egingo dute, eta ondoren ikasleek Amezketa ibaia eta inguruak garbituko dituzte Franconitik futbol zelaira bitarteko zatian. Azkenik, hondakinen sailkapena egingo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!