Txintxarriak Martxan ekimena urriaren 14an hasiko da

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko irailaren 30a

Alegiako Udalak, berriz ere, adinekoei begirako Txintxarriak Martxan ekimena abiaraziko du. Parte hartu nahi duten adinekoek izena eman beharko dute.

Iazko martxotik geldirik egon eta gero, Alegiako Udalak martxan jarriko du Txintxarriak Martxan ekimena. Ikasturte berria, urriaren 14an hasiko dute, eta herriko adinekoak etxetik atera eta elkartzea dute helburu, ibilbide ezberdinak eginez. 

Urriaren 14an hasi, eta ostegunero elkartzeko aukera izango dute Alegiako adinekoek. 10:30ean plazan elkartuko dira. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute, eta horretarako azken eguna urriaren 6a, asteazkena, izango dute. Izena osasun etxean, udaletxeko gizarte zerbitzuetan edo elizan eman dezakete. 
Bestetik, taldean laguntzaile izan nahi dutenek ere izena eman dezakete.

Motorrak berotzeko
Urriaren 6an, asteazkenean, herriko adinekoei eta zaintzaileei zuzendutako Elikadura osasuntsua hitzaldia eskainiko dute. 10:30ean izango da, zineman. Hitzaldian, besteak beste, COVID-19aren inguruko zaintza aholkuak emango dituzte. Adinekoei bertaratzeko deia egin diete udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!