«Pena handiagoa gero sentitu nuen, min hartu eta hilabetera edo»

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 21a, 18:03

Lau hilabete pasa dira Iñaki Artolak buruz buruko txapelketaren finalari uko egin behar izan zionetik, finalerdietan lesio bat izan ondoren. Alegiarrak asteburuan jokatu zuen bere lehen partida lesiotik osatu ostean.

Nola igaro dituzu azken lau hilabeteak?

Denetarik izan dut. Esango nuke aurreneko egunetan oso entretenituta, egunero eginbeharrekin, medikuarena joanez edo komunikabideekin egonez. Uste dut ondo hartu nuela gertatutakoa. Ez dut uste horrelako gauzekin zarata handia ateratzekoa naizenik. Saiatu nintzen erlatibizatzen eta ahal nuen ondoen hartzen. Kuriosoa dirudien arren, pena handiagoa gero sentitu nuen, min hartu eta hilabetera edo. Ikusten nuen lesioa ez zela txantxetarako kontua eta denbora pixka bat beharko nuela berreskuratzen, eta finalaren arantza hori nahiko presente zegoela. Beheraldi txiki bat izan nuen, eta gero, agian hitz indartsuegia da horrelako gauza baterako, baina dolua-edo pasa eta gero, gogoz nago eta motibatuta. Penarik handiena pasata nagoela esan daiteke, nahiz eta arantzatxo hori erabat kentzea kostako zaidan.

Asteburuan berriro kantxaratuta, nola sentitu zinen?

Gogo handiz nengoen, eta gustura nago, ez hainbeste partidarekin, baina helburu garrantzitsuena berriz bueltatzea zen, minik gabe bukatzea. Eta ondo joan zen, ez dut molestia handirik izan. Gaur [atzo] entrenatu ahal izan dut pixka bat, eta gustura nago. Konturatzen naiz oraindik beldurrez askatzen dudala besoa; oraindik normal ez dago, baina uste dut mina baino beldurra izango dela, eta kentzen joango dela pixkana. Igandean beste partida bat daukagu, eta horrek ere lagunduko du. Orain pixkana konfiantza hartzen goaz. 

Lau eta Erdiko Txapelketa ate joka dator.

Ez da nire helburu nagusia oraintxe, jokoa hartzea baitut buruan, berriro sentsazio onak bilatzea. Baina nahigabe ere, beti txapelketa baten atarian esperantza eta ilusio puntu hori izaten da; ahal den neurrian ere saiatu naiz lau eta erdian entrenatzen, eta fisikoa ere txapelketa horretara bideratuta landu dut. Egia esan, gogotsu nago. Kezka ere banuen, nola iritsiko naizen; nik gutxienez aurretik pare bat partida jokatzea nahi nuen, eta nahiko gustura nago epeak nola geratu diren ikusita. Oker ez banago niri txapelketako lehen asteburuan jokatzea tokatuko zait, final-zortzirenetan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!