Txintxarri abesbatza entseguekin hasiko da bihar

Ataria 2021eko irailaren 15a

Urte eta erdiko etenaren ostean, Txintxarri Txiki eta Txintxarri abesbatzak entseguak egiten hasiko dira bihartik aurrera.

COVID-19a dela eta, urte eta erdiko etena egin behar izan dute Txintxarri eta Txitxarri Txiki abesbatzek. Bihar, ordea, entseguei ekingo diete berriro bi abesbatzek, neurriak malgutu direla kontuan hartuta.

Ez dela urte erraza izan bi abesbatzentzat adierazi dute, orain dela gutxi arte ez baitute jakin noiz iritsiko zen kantura itzultzeko eguna. Orain, Garbiñe Orbegozo herritarraren zuzendaritzapean, segurtasun neurriak hartuta hasiko dira. Taldeko txikienek 19:30etik 20:30era izango dute entsegua. Helduenek, berriz, 21:00etatik 22:30ak arte ariko dira kantuan.

Abeslariek segurtasun protokoloa bete beharko dute; eskuak ondo garbitu, tenperatura hartu, musukoa erabili eta entsegu bakoitzean erabilitako materiala desinfektatu beharko dituzte.

Abesbatzatik aipatu dute aurrerago jakinaraziko dituztela zein emanaldi eskainiko dituzten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!