Hilaren 26ko Artisau eta Barazkien Azoka Berezian postua jarri nahi duenak izena eman beharko du

Ataria 2021eko irailaren 15a

Alegiako Udalak hilaren 26an Artisau eta Barazkien Azoka Berezia egingo du, eta Alegiako edo herriarekin lotura duten ekoizleek eman dezakete izena postua jartzeko. Apuntatzeko azken eguna, astelehena, hilak 20, da.

Irailaren 26an, igandean, Alegiako Udalak XIV. Artisau eta Barazki Azoka Berezia. egingo du. Segurtasun neurri guztiak hartuta, herriko ekoizleen postuak ikusi eta bertako produktuak erosteko aukera izango da azokan. 11:00etatik 14:00etara bitartean egingo dute, baina postuak jarri nahi dituztenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Azokaren kokapena datozen egunetan zehaztuko dute, izena ematen duten postuen arabera.

Alegiako ekoizleek edo herriarekin lotura edo harremanen bat dutenek izango dute erakustokiak jartzeko aukera. Interesatuek hilaren 20ra bitartean eman ahal izango dute izena 943 65 46 98 telefono zenbakira deituta edo kultura@alegia.eus helbide elektronikora idatzita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!