Bihartik aurrera ikastaroetan izena emateko aukera izango da

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 14a, 09:33

Alegiako Udalak prest du ikasturte berrirako ikastaroen eskaintza, eta izen ematea bihartik aurrera egin ahalko da udaleko webgunearen bidez. Izena emateko epea irailaren 24an amaituko da.

Alegiako Udalak prest ditu 2021-2022 ikasturteari begira Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxean eskainiko dituen ikastaroak. Iaz pandemiak jarduera eskaintza bertan behera utzi ostean, aurten hiru ikastaro eskainiko ditu: aerobik, pilates eta hirugarren adinekoentzako gimnasia. 

Aerobika 16 urtetik gorakoentzat eskainiko da. Astelehenetan eta asteazkenetan izango dira saioak 19:30etik 20:30era, eta urriaren 4an hasiko dira klaseak. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean eta bazkide ez direnek 50 euro.

Pilates saioak ere egun berean, urriaren 4an, hasiko dira. Kasu honetan bi ordutegi eskainiko dira. Alde batetik, astelehenetan eta asteazkenetan 16:45etik 17:45era eta bestetik, asteartetan eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara. Izena ematen dutenek bi txandetako bat aukeratu beharko dute. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dute hilean, eta bazkide ez direnek 50 euro.

Hirugarren adinekoentzako gimnasia saioak ere eskainiko dituzte. Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dira saioak 11:00etatik 12:00etara. Urriaren 1ean hasiko dira, eta izena ematen dutenek hilean 15 euro ordaindu beharko dituzte.

Bihar irekiko da izena emateko aukera

Ikastaroetan izena eman nahi dutenek irailaren 15etik 24ra izango dute horretarako aukera. Hilaren 15ean, bihar, 09:00etan zabalduko dute epea. Izena emateko alegia.eus helbidean sartu beharko da, eta interesatuek webgunearen lehen orrian bertan aurkituko dute izena emateko orrira joateko lotura. Ikastaroekin lotura duen informazio guztia webgune horretan zintzilikatuko dute, baina modu horretara lortu ezin dutenek, kultur etxean jaso ahal izango dute orria. Kultur etxera 10:00etatik 12:30era eta 18:30etik 20:30era joan ahal izango da. Informazio gehiagorako edo zalantzak argitzeko, kultur etxera deitu daiteke 943 65 46 98 telefono zenbakira edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi.

Izena ematerakoan, eskaerak jasotzen diren hurrenkeraren arabera banatuko dituzte plazak. Unean uneko baldintzen arabera, ikastaroetako parte hartzaile kopuruak aldatu daitezkeela aurreratu dute udaletik. Hori dela eta, itxaron zerrendak mantendu egingo dira eta egoerak ahalbidetzen badu, zerrendako kideak onartu ahal izango dituzte. Era berean, ikastaroen prezioak 2021eko abenduaren 31ra bitartean egongo direla indarrean adierazi dute. Udalak 2022ko prezioek igoera bat izatea aurreikusten du. Prezio berriak 2021a amaitu aurretik ezagutaraziko dituzte, eta prezio aldaketarekin norbait ados ez balego baja emateko aukera izango duela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!