Astelehenean egingo du Kultura batzordeak ikasturteko lehen bilera

Ataria 2021eko irailaren 9a

18:00etan kultur etxean egingo dute bilera Alegiako Kultura batzordeko kideek. Herriko kultur eskaintzari bultzada eman edota ekarpena egin nahi duten guztiak gonbidatu dituzte bilerara.

Alegiako Udaleko Kultura batzordea pandemiaren eraginez geldirik egon bada ere, astelehenetik aurrera martxan jarriko da.  Ohiko moduan, batzordeko ateak herritar guztientzat irekita daudela gogorarazi dute udaletik, herriko kultur eskaintza aberastea dute helburuen artean. Horretarako, herritar guztiei zabaldu dizkiete ateak, eta ideia, proposamen edo ekarpenen bat duen guztiei dei egin die, astelehenean, hilaren 13an, 18:00etan kultur etxean egingo den bilerara joateko.

2022a kulturalki urte berezia izango dela Alegian aurreratu dute. Inaxio Begiristainen jaiotzaren mendeurrena izango da, eta Intxurre elkartea sortu zela ere 50 urte beteko dira. Hori kontuan izanda, udalak herriko eragileekin lehen bilerak egin dituela eman dute jakitera. Data seinalatu horiek kontuan izanda programazio kultural "zabal eta berezi bat" antolatu nahi dute.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!