GOGORATUZ

«Nik ez dut sekula bokaziorik izan liburutegirako»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko abu. 24a, 07:59
91 urte betetzear da Agirre, eta oraindik lanean jarraitzen du. E. MAIZ

Jendeari laguntza emateko dagoela dio Juan Jose Agirre alegiar, beneditar eta artxibozainak, eta horrek betetzen du. Baten bat dokumenturen baten bila Lazkaora gerturatu eta baduela esateak ematen dio pozik handiena: «Zerbait baliagarria egin dudala, hori da inportanteena». Harrotasunik gabe ordea. 

Egunero-egunero egiten du artxiboko lana, eta sasoiko mantentzen du. «Burua argi mantentzea ere honek eman dit». Data ia guztiak oraindik buruan ditu, eta duela hogei urteko bizimodu bera daramala aitortu du, lan gutxiagorekin. Lanak zatituta eta behar berriei erantzunez.

Gogoratzen dituzu monasterioan sartutako lehen asteak?

Bai, ni gustura. Pozik, eta ez nuen etxekoen faltarik izan. Talde bat ginen, eta Alegian baino elkartuago bizi ginen. 24-25 bat gazte izango ginen eta elkarrekin oso ondo moldatzen ginen. Elkarrekin jolas egiten genuen. Baloia asko gustatzen zitzaidan, eta gustura ibiltzen nintzen. 

Bazenuen alboan beste alegiarren bat?

Lau ginen. Laurok batera etorri ginen, eta bizilagunak ginen gainera. Gu bi anai eta Balerditarrak, beste bi anai.

Monasterioan sartu, eta zer?

Sei urtez ikasketak. Orain batxilergoa esaten den hori apaizgaitegian giza zientzia klasikoak zen. Sei urte eta gero nobiziotza, hau da, sartu bai edo ez, eta sotana ematen ziguten. Urtebetean egiten zen nobiziotza edo fraidegaitza. Ohiturak, sanbenitoen erregela, elizako salmoak... ikasten genituen. Formazio kultural erlijiosoa zen. Hori bukatuta profesioa egiten zen hiru urtetarako, eta hiru urte horietan filosofia ikasten zen. Gutxienez 21 urte beteta eduki behar zenituen. Nik 22 edo banituen, eta hor erabatekoa edo betikoa etortzen zen, garai bateko ezkontzen moduan. Gero teologia ikasten zen bere zati guztietan. Grekoa eta latina hizkuntzei ere garrantzia handia ematen zitzaien.

«Hamalau urte irakasle lanetan aritu nintzen. Azken zazpi urteak zuzendari. Neronek hartu nuen ardura, eta izugarrizko lanak egin nituen»

Asko ikasi behar, beraz.

Bai, orduan unibertsitaterik ez zen, baina heziketa ona hartzen zen.

Lapurdira, Belokera ere joan zinen.

Bai, bitxikeria moduan izan zen. Teologiako irakasle bat tarteko izan zen, lan guztietara ez zela iristen-eta. Hartu-emanak baditugu iparraldeko komentu beneditarrekin, eta hain justu, Lazkaokoa sortu zutenekin. Aldi berean, musika ere asko ikasten genuen, eta sei urte pianoan eginak nituen, eta ordurako organoa jotzen ere hasita nengoen. Organista behar zutela, eta teologiaren azken bi urteak han egin nituen.

Eta Baionan bertan apaiztu zinen.

Bai, eta bukatzean handik hona etorri nintzen. Eta bizimodua aurrera nola atera pentsatu behar. Apaizgaitegia bagenuen, eta autonomoak garenez gero, gure bizimodua gure eskulanetik edo buru-lanetik atera behar dugu. Apaizgaitegia zenez, eskola ere bagenuen, eta apaizgaiei klaseak ematen hasi nintzen.

Urte hartan, hain justu, pixka bat irabazte arren, maisu moduan hasi nintzen; zuzendariak eta nagusiak laguntza behar zutela eta. Hemen inguruan ez zegoen araututako ikastetxea moduan ezagutzen zen eskolarik. Orain eskola bakoitzak batxilergoko bere ikasturtea egiten du. Orduan, Tolosan eskolapioetan edo Donostian izaten zen, eta dirudunek bakarrik egiteko aukera izaten zuten. Gu Goierrikoei kultur maila erakusten hasi ginen; giza zientziak bakarrik ez, Donostian erakusten ziren programak hona ekarri eta horiek erakusten hasi ginen. Hasiera batean bi talderekin hasi ginen batxilergoa erakusten. Jendearen aurrean gure ikasketek ez zuten baliorik, eta urtean behin Gipuzkoako herri guztietatik Donostiara joaten ginen azterketak egitera. Peñaflorida zen orduan, eta hara joaten ginen. Egun batean urte guztiko lana egin behar izaten zen, zirt edo zart.

Irakasle ere izana zara orduan.

Hamalau urte irakasle lanetan aritu nintzen, eta urtero joaten ginen Donostiara azterketak egitera. Azken zazpi urteak zuzendari izan nintzen. Neronek hartu nuen ardura, eta izugarrizko lanak egin nituen. Egunean hiru eta lau klase ezberdin ematen nituen, eta gero gai libreak ere baziren. Maria deitzen zitzaien: gorputz heziketa; marrazketa; politika, hau da, hezkuntza eta heziketa nazionala... Orduan kontuan izan behar da Frankismo garaia zela. Behartuta geunden falangeko batek guri erakustera. Pentsa zein ideologia zen. Irakasgaiak prestatzeko oporretan ikasten aritzen nintzen. Programak lortu, ikusi, ikasi nola egin,...

«Gu izan ginen euskara sartzen lehenengoak. Euskarazko irakasgai bat jarri genuen. Astean hiru klase behartu genizkien»

Mutilak bakarrik ziren zuen ikasleak?

Bai. Hemen mutilak bakarrik.

Eta euskarak bazuen tokirik?

Gu izan ginen euskara sartzen lehenengoak, baina azterketarik gabe. Euskarazko irakasgai bat jarri genuen. Astean hiru klase behartu genizkien. Azterketak guk bakarrik egiten genizkien. Gramatika, itzulpen bat egin,... hasiera zen, baina behartu genituen, eta behartu ere gure artean euskaraz hitz egitera. 

Eta zu apaizgai zinen garaian euskara erabiltzen zenuten?

Bai. Aita nagusia, Aita Alberto zena-eta, guk beti izan ditugu abertzaleak. «Euskaldunak gara, eta guk euskara erabili behar dugu» esaten ziguten. Guri euskaraz egiten ziguten. Jolasean euskaraz aritzen ginen eta mezak ere euskaraz izaten ziren. Batzuk baziren Nafarroatik etorriak ez zekitenak, baina oso ondo ikasi zuten gurekin euskara.

Eta Lapurdin?

Euskaldun asko ziren, baina joera frantseserakoa zen. Guk esan behar da frantses heziketa izan dugula. Izan ere, frantziarrak, desamortizazioa izan zenean, handik hona etorri ziren, eta haien formazioa izan genuen. Formazioa gure maisuengandik. Hemengo monje guztiak han ikasitakoak ziren, nahiz euskaldunak izan. Bai hangoak eta bai hemengoak, denak hemen elkartu ziren. Bi osaba banituen, eta haiek beraien artean ere, batzuetan, frantsesez egiten zuten. Mutil kozkorrak zirenean, behartuta, denek frantsesa egiten baitzuten. Nahiz eta euskaldun batzuk izan, joera dena frantsesa zen. Guk jantokian ere frantsesa egiten genuen, txandatuz, batzuetan gaztelania, eta bestetan frantsesa. Oinarri ona nuen, eta Teologia ere frantsesez egin nuen Belokeko monasterioan Ahurti, Lapurdi. Maisu onak izan genituen.

«Arduratuko nintzela, baina baldintza batekin: nik nonbaitera ikastera joan behar nuen. Ez nekien liburu bat zer zen»

Eta zergatik bukatzen da Lazkaoko monasterioan zuen irakasle lana?

Beasainen institutua egin zenean, gure egitekoa bukatu egin zen. Gure barneko apaizgaiei ere esan genien itxi egin behar genuela. Berez, irakaskuntzarako ez geunden eginak, gure bizitza ez da irakasle izateko. Bokazioa zutenak, batzuk, apaiztegira joan ziren eta gutxi batzuk Arantzazura. Monjeok gure eskulanarekin atera gara, eta autonomoak garenez, jende asko etortzen zen ikastetxera eta hortik diru pixka bat lortzen genuen. Goierriko herri askotakoak etortzen ziren, eta dirua irabazten genuen. Irakasleak denak etxekoak ginen, eta bat-batean dena moztu, eta zertan hasi? Guk erabakiak demokratikoki hartzen ditugu. Kontzilio ondoren, batzuk komentutik atera, eta apaiz izateari utzi, edo fraide zirenak apaiz bezala joan, eta orduan pixka bat jaitsi egin zen. 

Beste bizimodu bat aurkitu behar?

Baratzea ondo lantzen hasi ginen. Ferian ere saltzen ziren, eta asko ematen zigun, baina horretarako ere prestatu egin behar zen eta jendea behar zen. Negutegiak ondo egin eta garrantzitsuenetakoa izan zen oilategi bat egitea. 22.000 oilo edukitzera iritsi ginen. Hori guztia guk egiten genuen. Gerora jendea zahartzen ere bai, eta errentan utzi genuen. Hori izan zen bizimodua.

Asmatu zenuten beraz.

Bilera horretan atera zen beste bat, inprenta txiki bat jartzearena izan zen eta kanpoko lan txikiak egiten hasi ginen. Eta liburuak azaleztatzen ere hasi ginen. Komentu guztietan izan dugu ardura liburuak azaleztatzeko. Kanpoko lan asko egiten genuen. 

Eta zuk ezagun egin zaituen liburutegiaren ardura hartu zenuen.

Ni ezer gabe geratu nintzen, eta batek esan zuen beste monasterio guztietan liburutegiak ere, kultura aldetik eta, sonatuak zirela. Guk pixka bat baztertuta genuen. Nik ez dut sekula bokaziorik izan liburutegirako. Inork ez bazuen arduratu nahi, ni arduratuko nintzela, baina baldintza batekin: nik nonbaitera ikastera joan behar nuen. Ez nekien liburu bat zer zen. Hartuko nuela esatean, aita nagusiak, nahi nuen tokira joateko aukera eman zidan.

«Eusko Jaurlaritzak 1936an atera zuen lehen buletina erakutsi zidan, Jose Antonio Agirrerena. [...] Hori izan zen drogaren hasiera»

Zabalik utzi zizuten bidea. 

Bai. Urteetan irakasle moduan gurasoekin hainbeste borroka egin ostean, nik lasaitu egin nahi nuen eta beste norabait joan. Gurasoekin arazo asko izaten genituen, eta eztabaidak. Beraien semeak beti azkarrak ziren.

Denbora bat zuretzat hartu nahi izan zenuen.

Urte bat edo bi. Ahaztu eta beste bizimodu bat hasteko, eta nik neronek aukeratu nuen Bartzelonako Montserrat unibertsitatea. Han hasi nintzen pixka bat liburutegia nola eramaten den ikasten eta fitxak egiten. Makinaz eta eskuz egiten ziren orduan. Suertea izan nuen. Bertako zuzendaria, Vatikanoan liburutegiko arduradun izan zen monje bat zen. Vatikanoan digitalizatzen hasiak zeuden, eta asko ikasi nuen, eta aberasgarria izan zen. Noizean behin Bartzelonan behera jaitsi eta Kataluniako liburutegi nagusira joaten nintzen, eta han ere, monje izandako beneditar bat zen zuzendari, eta hango ezagunekin ere primeran moldatu nintzen.

Montserrat etxe handia da, eta beneditarren etxeetan beti izaten da bat kanpo harremanez arduratzen dena, hankarik ez sartzeko. Han dena katalanez egiten zuten, eta dena ulertzen nuen. Hark erakutsi zidan, gela handi batean, Kataluniarekin harremana zuen guztia jasotzen ari zirela, bertakoa eta diasporakoa. Eta tartean, Eusko Jaurlaritzak 1936an atera zuen lehen buletina erakutsi zidan, Jose Antonio Agirrerena. Arnasarik gabe geratu nintzen. «Zer da hau?». Guretzat, Jaungoikoaren hurrengoa zen Jose Antonio Agirre. Hori izan zen drogaren hasiera.

Monasterioan liburu asko dituzte 500 urtetik gora dituztenak. E. MAIZ

Harra piztu zitzaizun?

Eskutik eskura ibiltzen ziren altxor txiki batzuk baziren. Inor ez zegoen kontzientziatuta dokumentu edo gauza horiek gorde behar zirenik. Debekatuta zeuden eta aita nagusiak-eta ikusi gabe, gordeka ibiltzen genituen. Edo ikurrina txiki bat eta ezkutuan ibiltzen genituen. Gabonetan oporretara Lazkaora etorri nintzenean, nire lagun alegiar Balerdiri kontatu nion Kataluniakoa. Orain esaten den terrorismoaren apologia ziren esku artean ibiltzen genituen irakurri eta pasa esku-orriak. Frankismo garaia zen, eta barruan isilka ibiltzen ginen. Barruan erraztasun gehiago genuen kanpokoek baino. Harremana genuen Belokekoekin eta handik lortzen genituen, baina beti gordeka ibiltzen ginen, baina inor ez geunden kontzientziatuta eta inork ez zituen gordetzen. Liburutegi zaharrera sartu, eta Eusko Deiaren 12. zenbakia aurkitu nuen. Bakarren batek ahaztuta utzi, eta galduta. Eta lagun gehiago bazituela pentsatu nuen. Dagoeneko jendea hasita zegoen politikan, eta garai hartan denak ETAkoak ginen, hau da, Frankismoaren aurkako jendea zen. Orduan ere ez ginen konforme, eta gure etsairik handiena zen, eta haren aurka egitea zen, besterik ez zen. Isilpean ibiltzen genituen, eta horiekin harrapatuz gero... ETA geroago sortu zen.

«Gipuzkoar moduan, hemen egotea nahi dugu eta hemen geratuko da. Jarraipena izatea nahi genuen eta zaindua izatea»

Bartzelonatik etorri eta bilketa lanetan hastea erabakitzen duzu.

Batxilergoa nirekin ikasi eta Donostiako unibertsitatean historia ikasten ari ziren ikasleekin hartu-emanetan jarri nintzen: «Hi, hemendik aurrera ateratzen diren paper guztiak bildu eta niri ekarri». Erreferenduma izan zen, eta demokrazia bai ala ez bozkatu behar zen. Suarezen garaia zen. Paperak eta propaganda han eta hemen. Izugarria izan zen.

Ikasleen laguntzarekin hasi zinen, beraz. 

Bai. Orduan zertarako bildu esaten zidaten, eta begira orain! Gero, Ameriketako komentu beneditarrekin baditugu harremanak, Venezuela, Argentina, Mexiko, eta baita euskal etxe guztiekin ere. Hemengo jendea, kultur lanean aritzen zirenak-eta, gerra hasi zenean, ahal bezala salbatu behar, eta muga pasa eta Ameriketara ihes egiten zuten. Gainerakoan, hemen fusilatu egingo zituzten. Adibidez, hemen, Joxe Miel Barandiaranek eskerrak alde egin zuela, bestela, Aitzol bezala fusilatuko zuten. Orduan, Euskal Etxe guztietan bandoak zabaldu zituzten, eta euskaldun asko ziren eta monjeek zein lan egiten zuten eta bazekiten, eta erantzuna ikaragarrizkoa izan zen. Bidaltzen hasi ziren aldizkariak-eta. Hemen debekatuta zeudenak: Eusko Deia de Argentina, Mexiko, Kolonbia. 36ko gerra dela eta, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Parisera ihes egin behar izan zuen, eta lehen Eusko Deia Parisen argitaratu zen, formatu handi-handian. Gernikako bonbardaketa eta... pixkana-pixkana, dokumentu guzti horiek biltzen hasi nintzen.

Iristen hasi ziren?

Bai, eta dena isilka. Iparraldean gorde, eta tarte bat zenean, pixkana ekarri egiten genituen. Zenbat aldizkari, eta orain bilduma osoak hemen ditugu. Balio handia dute, eta garai hartan inork ez zituen biltzen eta horregatik egin zen ezagun. 36ko gerratik Munduko gerra bitartean, bost urtez isilik egon zen Eusko Deia, eta gero berriz jarraitu zuten, baina den-denak bildu nituen.

Inkisizio garaian testu zatiak ezabatu zituzten liburuetako bat. E. MAIZ

Izugarrizko altxorrak bildu dituzu.

Altxorra bai, baina norbaitek egin behar zuen. Bartzelonatik bueltan kontzientziatu nintzen, eta Euskal Herriaren kulturaren alde zerbait egin behar nuen buru-belarri, eta nire barnean hori eduki dut beti. Kultura salbatu egin behar da, hori gabe ez dago historiarik. Doktoretzak ere egiten dituzte.

Dena txukun jasota duzu.

Orain dena oso ondo jarrita daukagu. Laguntzaile onak ere baditut.

Aldizkariez gain, pegatinak, kartelak,... dena bildu duzu. 

Bai, euskararekin eta Euskal Herriarekin zerikusia duen guztia. Gaztelaniaz, frantsesez, eta alemanez ere badira. Kartelak ere niri bururatu biltzea, eta 21.000 kartel ditugu informatizatuta. Lan asko dugu egiteko, eta denera 70 edo 80 mila baditugu. Eta pegatinak ere asko ditugu. Doktoretza eta era askotako ikerketa eta azterketak egiteko baliatzen dituzte. Jende asko pasa da. Eta nik, berez, medikuntza ikasi nahi nuen, eta Mari Karmen Garmendiak doktoretzaren zati bat nirekin egin zuen, eta behin esan zidan eskerrak ez nuela medikuntzarik ikasi, bestela, guztia hau galduta egongo zelako.

2005. urtean pasarte latza bizitu behar izan zenuen. ETArekin ustezko kolaborazioa egitea egotzi zizuten. 

Koldo Mitxelenako lagun bat goiz askotan bezala etorri zen. Elkarri laguntzen genion eta fotokopia batzuk ateratzera etorri zen. Berak esan zidan bisita bat nuela, eta bi gizon etorri zirela, beste asko etortzen diren moduan. Atea ireki eta biek plaka erakutsi zidaten, eta momentu horretan atxilotuta eta inkomunikatuta nengoela esan zidaten. Ez dakit, hotz-hotzean, nolatan ez nintzen erori lurrera.

Dokumentu asko dituzte artxibatuta; tartean, ETArekin zerikusia dutenak. E. MAIZ

Harrituta geratuko zinen.

Guztiz harrituta. Manifestazioak hasi ziren inguruan handik eta hemendik, oihuka. Barruan hamabost gurdia zibil ibili ziren kaleko jantziz. Aurrena batetik bestera dena bisitatu zuten, eta gero galdeketa. Baina korridoreetan, bidean, galdera zorrotzak egiten zizkidan. Badakite zer galdetu. Batzuetan uste gabeko galderak egiten zizkidan, eta ez nekien zer erantzun; bai edo ez. Nik ez nekien, Beloken, nire lagun bat, Marcel Etxandi ere atxilotuta zegoela. Nobiziotza elkarrekin egin genuen. Hari gogor egin zioten, niri ez.

Zeren bila joan ziren. 

Guk hartu-emana ba ote genuen mugaz gaindi ETArekin jakin nahi zuten. Nire izena aurkitu zuten ETAko baten etxean paper batzuk niri emateko idatzita. Mikel Antzaren etxean zen. Hori zen kontua, eta esan nien nik denbora neramala iparraldera joan gabe. Frantziar bat bazen tartean, eta espainieraz ondo egiten zuen. Tarte batean aparte hartu eta zoriondu egin ninduen bakarrik egina nuen lanagatik. Poza eman zidan.

Politikako kontu konfliktokoak nituen aldetik ez nuen pasa nahi baina beraiek bai. Zutabe eskatu zidaten, eta erakutsi egin behar izan nien. Hori ETAkoa zela konturatu ziren, eta beraiek HABEk ateratzen zuen Zutabe nahi zuten erakustea. [Barreak]. Esan nien nik gordetzen nuen %75a baino gehiago nire ideien kontrakoa zela, baina errespetatu beharra neukala. Eta garbi esan nien ez ni eta ezta haiek ere ez zirela nor hori guztia erretzeko. 

Eraman zuten zerbait?

Ez. Donostiako epaile baten zain egon ginen akta jasotzeko. Epailea iristean, aurretik egin genuen itzulia egin genuen liburutegitik eta gero galdeketa egin zidaten epailearen aurrean. Galdera batean ETArekin lotutako zati bat genuela liburutegian esaten zuen, eta nik kontra egin nion, ez zela horrela. Horrek ez zidala konbentzitzen, denetik bainuen; EAJ, eta eskuin eta ezker aldeko guztia nuela. Eta epaileak arrazoia eman zidan, eta aldatuarazi zion. Bukatzean, guardia zibilari aktaren kopia bat edukitzea gustatuko litzaidakeela esan nion artxibatu ahal izateko. Sekretupekoa zela eta nolatan eskatzen nion... [Barreak].

Zuk lanean jarraitu zenuen eta jarraitzen duzu, baina 2011. urtean fundazioa sortu zenuten. Zer dela eta?

Gu komunitate txiki bat gara, eta dena murrizten eta zahartzen joan gara. Zeinek eraman aurrera? Zeinen eskuetara joan behar du? Jende bat arduratu zen zer gertatuko ote zen artxibo honekin eta noren eskuetara joango ote zen. Komunitatearen baimenarekin, baina nik sortu dut, eta beneditar moduan, nahi genuen Euskal Herrian ondo gordeta egongo den leku batean geratzea. Ez dadila ordenaren esku geratu. Horretarako laguntza behar genuen eta obra ere egin behar zen. Doktoretza jende askok egin du hemen, eta askok esaten ziguten izugarrizko altxorra genuela, baina ez genuela baldintza honetan.

Obra egin zenuten.

Fundazio bat da, eta horren bidez eginda, eta gu desagertzen garenean ez dadila desagertu. Independenteak gara eta azken hitza guk daukagu, eta edozein tokitara eraman dezakegu. Gipuzkoarrak gara, ordea, eta gipuzkoar moduan, hemen egotea nahi dugu eta hemen geratuko da. Jarraipena izatea nahi genuen eta zaindua izatea. Liburu zaharretan eta balio handia dago.

Hiru lankide dituzu orain.

Bai, hiru. Eta gure komunitateak, nahiz eta zaharrak izan, ordezkari bat jarri behar du.

Zure lana saritua ere izan da.

Bai, eskertua sentitzen naiz, baina lotsa ematen dit joateak. Nik horiek lortze arren ez dut egin. Nik beti esaten dut Euskal Herrian kultura beste inon baino gehiago dagoela, eta hori nuen buruan, eta hori dena salbatu nahi nuen. Instintuz izan da.

 

SARIAK

 

· Sabino Arana Fundazioa. Urrezko domina (1995).

· Durangoko Azoka. Argizaiola (1998).

· Euskal Pen Kluba. Luma (2007).

· IX. Manuel Irujo Saria. Eskultura eta urrezko domina (2009).

· Diario Vasco. Goierriko sariak (2009).

· Galtzaundi Euskara Taldea. Eskerrak zuri (2009).

· Alegiako Herriak Juan Joxe Agirreri, esker onez (2012).

· Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Ohorezko adiskidea (2015).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!