Lerroak argitaratzen dira jende ilustreen azken hitzekin. Inork ez du lehen hitzak zerrendatzeko lanik hartu, nik dakidala. Ez litzateke hain entretenigarria izango. Lehendabizikoak gertukoenentzat dira, (hitz soil bat poesia da hala entzun nahi duenarentzat); azkenekoak, munduarentzat. Irakurri dut nonbait azken hitzak jasotzeko ohitura Grezian hasi ote zuten, bizialdi hau ondo amaitzea, hitz egokiz despeditzea, hurrengo bizitzarako urrats garrantzitsua zelakoan.
Heriotzak bat-batean eta inpentsan harrapatuz gero, 'ostia' edo 'joder' baino hitz gehiago botatzeak lan nekeza dirudi
Gaur egun, azken hitzen zerrendak literatura dira, eta irribarrez irakurtzen dira gehienak.
Azken hitzak azkenekoak direla jakin behar du aurrena dagokionak. Eta hori ez da beti posible izaten. Heriotzak bat-batean eta inpentsan harrapatuz gero, ostia edo joder baino hitz gehiago botatzeak lan nekeza dirudi. Badatorrela jakitun izanez gero, barrena behar du pertsonak, eta ez nolanahikoa, zain dagoen bitartean hitz egokiak pentsatu, eta azken arnasaren unean esateko. Ez da ezinezkoa. Irudika dezaket bat edo beste azken momentuan inoiz ez ahazteko moduko zerbait esaten. Errazago ordea, egoera baretuko dion zerbait eskatzen, izan botika edo laguntzeko komunera.
Gogo onez irakurri dut bere azken hitzak jasotzeko asmoz inguratu zitzaiona haize hartzera bidali zuela Marxek «azken hitzak ordura arte nahikoa esan ez duten ergelentzat» direla argudiatuz. Edo Hegelek, koleraz gaixotuta, alboan zuen ikasleari esan ziola: «Zuk beste inork ez nau ulertu... eta ez duzu ezer ulertu». Denen artean belarriak gozatzen dizkidana, ordea, Pancho Villaren inguruan sortutako kondaira da. Tiro egin zioten eta hartatik ez zela aterako jabetu omen zen berehala. Lurrean etzanda, jendez inguratuta, bati paparretik heldu eta makurtu arazi omen zuen. Jarraitzaileak harrituta, ulertu ezinik zergatik aukeratu zuen gizon hura, eta ez gertuko leialen bat azken hitzen hartzaile. Kazetari bat omen. Hari agindu omen zion: «Idatz ezazu azken unean zerbait sakona esan nuela».