ELKARRIZKETA

«Ikuskizuna kalean txertatu eta publikoa bertan sartzea gustatzen zaigu»

Asier Imaz 2021ko uzt. 1a, 11:59

'Kale Gorrian' antzezlana eskainiko du, gaur, 19:30ean, Barsanti Teatro taldeak, Alegian; komediatik asko duela eta publikoak «oso ondo» pasatzen duela esan du Revueltasek.

Barsanti Teatro taldekoak prest daude gaur Alegiara etortzeko. 19:30ean eskainiko dute Kale Gorrian antzezlana herriko plazan, eta bertako zuzendaria eta antzezlea da Pako Revueltas. Juanjo Otero eta Aritza Rodriguez dira aitona-amonen paperean sartzen diren aktoreak, eta pasa den urtea lanik egin gabe egon ostean, lanerako gogoz daude. Alegian ikusteko aukerarik ez duenak, hilaren 18an Amasa-Villabonan izango du bigarren aukera.

'Kale gorrian' lanean antzezle izateaz gain, zuzendari ere bazara.

Bai. Nik zuzendu nuen ikuskizuna. Guk lana nahiko era kolektiboan egiten dugu, baina, bai, nik zuzendu nuen. Eta eszenan ateratzen naiz pixka batean, baina antzezlaneko pisua beste bi aktoreek eramaten dute.

Kalean antzezten duzue, eta herri horretako eraikinen batera egokitzen zarete, ezta?

Kale gorrian antzezlanak atso eta agure baten etxegabetze bat planteatzen du, beraz, beti erabiltzen dugu lehenengo pisu bateko balkoi bat. Balkoi bat behar dugu, eta balkoi hori agureen etxebizitza da. Hortik planteatzen dugu ikuskizuna. Balkoiaren azpian etxegabetzeen kontrako plataforma bat dago, eta ekintza bat egongo da etxegabetzea ekiditeko. Polizia agertzen da, eta hor hasten da nolabait ikuskizunaren gatazka. Hortik hasten gara, balkoian bikotea agertzen da, eta...

Kalean eta publikoarengandik gertu egiten duzue.

Kalean txertatzea gustatzen zaigu ikuskizuna. Lehenengo momentuan harresi moduko bat egiten dugu, eta publikoa asanblada batetik etortzen da gelditu garen tokira etxegabetzea ekidin ahal izateko. Kazerolada bat egiten dugu, leloak kantatzen ditugu, eta publikoa bertan sartzen ahalegintzen gara.

Etxegabetze bat da, baina umore asko eta jendeak barrez bukatzen du.

Hasiera batean bi helduren etxegabetzea ez da batere barregarria. Leku dramatiko batetik hasten saiatzen gara, eta gure antzezlaneko lana gaia beste toki batzuetara eramatea da, eta baita ikuskizuna bera ere. Tragikomedia bat dela esan daiteke. Komediatik asko du eta jendeak barre asko egiten du, baina beste aldetik ere badu.

Aitona-amona horiek soinean daramatzaten maskarak deigarriak dira. Benetakoak dirudite.

Maskarak oso ondo daude eginda, eta garestiak ere badira [barreak]. Gorka Arregi eta Agar Martinez de la Hidalgak eginak dira. Oso onak dira. Zinemarako-eta lan egiten dute. Honelako maskara errealista batzuk enkargatu genizkien, eta aktoreen aurpegietarako eginak daude espresuki. Aurpegira oso ondo itsasten dira, eta efektua oso polita da.

Arrakasta izan du antzezlanak.

Kritika eta sarietan lan honekin arrakasta izan dugu. Pasa den urtean, Malagan, Max sarietan finalistak izan ginen. Han egon ginen zeremonia ponposo hartan. Beste sari bat eskuratu genuen Leioako Umore Azokan estreinatu genuenean, eta abar... baina zoritxarrez coitus interruptus bat izan du pandemiarekin. Ikuskizunak lehenengo pisuko balkoi bat behar duenez, eta protokoloak kontuan hartuta, pasa den urtean lanik egin gabe gelditu ginen. Izugarrizko aurreikuspenak genituen espektakulu honekin lan egiteko, eta pasa den urte osoa txurian geratu ginen horregatik.

Maskarak garestiak direla eta urtebete geldirik egon zaretela diozu. Nola doa ogibidea?

Pasa den urtea oso-oso urte txarra izan zen guretzako. Oso gaizki pasa genuen, baina pasa dugu. Eta aurten badaukagu lan pixka bat. Baina Kale Gorrian antzezlanean agertzen diren bi polizia horiekin beste antzezlan bat egin dugu plazarako. Zergatik? Programazio guztiak ia plazakoak dira, protokoloa bete ahal izateko, distantzia,... Beste urte bat ezin genuen pasa ia lanik egin gabe, eta poliziekin beste espektakulu bat sortu dugu aurten. Legea gu gara deitzen da. 50 minutu inguruko saio bat da, eta protokoloak betetzeko aukera ematen duena. Horrekin ere hasi gara lanean, eta oso ondo funtzionatzen ari gara. Komedia bat da. Biekin ari gara eta uda salbatuko dugu pixka bat.

Baina hasi zarete berriz ere lanean.

Aurten jada hasi gara egiten. Bat egin genuen Ubiden Bizkaia, eta Alegiakoa izango da bigarrena. Uztailean beste lau dauzkagu, beraz, mugituko dugu pixka bat gehiago. Gehienbat publikoagatik. Ondo dago ikuskizuna, eta oso ondo pasatzen dute. Polita da.

Uztailean lau emanaldi, eta horietako bat Amasa-Villabonan.

Hori da, hilaren 18an egongo gara Villabonako Errebote plazan. Alegian ikusten dutenek gomendatu ahalko diete beste lagun batzuei Villabonara joateko. Eta ziurrenik egingo dute, ikuskizunak ondo funtzionatzen baitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!