Nola bizitu duzu finala harmailetatik?
Nik ondo bizitu dut finala. Lehen esan dudana, aurreneko astean izan bazen oso ezberdina izango litzateke. Baina denbora izan dut onartzeko eta lasai jarraituko dut, beste partida bat bezala. Analizatzen aritu naiz, hori ezin izan dut saihestu. Beti xehetasunetan arreta jarri nahian kontra tokatzen zaigunerako.
Eta nola ikusi duzu partida, zer analisi egiten duzu?
Jokin faborito zen eta ez nuen uste inolaz ere hain erraz irabaziko zuenik, baina partida espero zen bidetik joan da. Sakatzen asko asmatu du eta gainera hasieran hartu du aldea, eta Jokinen aurka horrelako alde bati buelta ematea oso zaila da. Ez dakit zein izango zen Beñaten sentsazioa, ziur aski berak ez zuen denean asmatuko, baina Jokinen aldetik erakustaldi handia izan da.
Podiumera igotzea, egin duzun txapelketaren nolabaiteko errekonozimendua izan da, eta argazkia hor geratuko da betirako.
Egia esan une polita izan da bizitu dudana. Gainera zein hiru gauden ikusita, Jokin, Rezusta eta ni, umetatik elkar ezagutzen garenak, eta estimu handia diedan bi pertsona dira. Finala ez dut jokatzerik izan, eta gertatu den bezala gertatu da, baina hiruok hor elkartuta ikustea, buruz burukoaren podiumean, hainbat urtetan elkarren aurka jokatu, entrenatu eta abar egin eta gero, oso polita izan da.
«Ziur nago indartuta aterako naizela guzti honetatik»
Ezin izan du azkenean desiratutako finala jokatu Iñaki Artolak (Alegia, 1994), finalerdian izan zuen lesioa eta gero. Buruz Buruko Txapelketaren antolakuntzak hirugarren postua eman dio, eta atzo Bilboko Bizkaia frontoian izan zen, bere garaikurra jaso eta podiumean izateko.
Behin erabaki zenuenean finala ez zenuela jokatuko, zer moduz sentitu zinen?
Ondo. Finalerdietako egun hartatik niretzako ez zen egun erraza izan. Alde batetik poz handia irabazi izanagatik, baina bestalde konturatu nintzen lesio handi samarra neukala. Pentsatzen nuen finala jokatzeko aukerarik izango ote nuen, eta aukera izan arren, hurrengo egunetik bertatik mediku kontuekin-eta hasi beharko nukeela. Hor egun batzuk behar izan nituen zegoena eta tokatzen zena irensteko eta onartzeko, baina fase hori pasa nuen eta azken egunetan lasaiago egon naiz erabakia hartu ondoren, nahiz eta ez izan nahi nuen emaitza. Lasaiago eta gozatzen ere bai, eskertu nahian egunotan lagundu didan jendeari. Esango nuke gazi-gozoa dela, ez bakarrik gazitik, gozotik ere izaten ari da.
Lehen aldiz iritsi final handi batera, eta jokatu gabe geratzeak kolpe handia izan behar du.
Egia esan, bai. Gehiago edo gutxiago, aspaldi samarretik ari naiz esaten nire helburua momentu honetan pilotan nire onena ematea dela, urte askotan maila ona ematea. Hori lortzen badut gero ikusiko da emaitzak etortzen diren edo ez, baina helburu bezala hori daukat jarrita. Eta horrela izaten jarraitzen du, baina esango banu finalak berdin didala gezurra izango litzateke. Niretzat amets bat betetzea bezala zen. Finalerdiaren astean nahigabe ere pixka bat amestu egiten duzu egun horrekin. Imajinatu egiten duzu irabaziz gero hurrengo asteko entrenamenduetan zer motibaziorekin biziko zenukeen.
Gero iristen da momentua, baina ez espero bezala, dena ezberdin. Partida bukaeratik bertatik hasita, izan ere, partidan atzeman nuen zer edo zer egin nuela, eta irabaziko banu ere komeriak izango nituela. Aurreneko egunetan irentsi behar izan dut hori, baina, aldi berean, txapelketa ona egin dudanaren sentsazioarekin nago. Gerora ere, egun hauetan niretzat garrantzitsua zen gauzak ondo eginaren sentsazioarekin geratzea, dena saiatu garenaren sentsazioarekin, eta alde horretatik, oso lasai nago, oso eskertuta; behin eta berriro esaten ari naiz, baina horrela da: laguntzen ari zaidan jende guztiari, animatu nauen jende guztiari... Ez dut era horretako arantzarik. Uste dut gauzak ondo egin ditugula, gertatu egin dela gertatu behar zuelako, eta alde horretatik, ahal den drama gutxien egin nahian.
Nola bizitu zenituen finalerdiaren azkeneko tantoak, konturatu zinenean min hartu zenuela?
Kuriosoa izan zen. Alde batetik, zorteaz hitz egin badaiteke, esan daiteke zorte txarra izan nuela eten hori izatearekin 17. tantoan; uste dut orduan izan zela, baina bestalde zorte ona izan nuen partida nola joan zen hortik aurrera ikusita. Momentu horretan pentsatu nuena izan zen, medikuarena joanda ere, atzematen nuenez haustura kontua izan zitekeela, ezingo zuela milagrorik egin. Gainera, hoztu egingo zitzaidan alde hori, eta aurkaria konturatu egingo zen. Eta erabaki nuen, ikusita ez zitzaidala asko falta, kale edo bale egin eta jokatzeko modua aldatzea. Sakea nuen eta ea zer gertatzen zen. Eta zortea izan nuen. Beñatek [Rezusta] une batean akats bat izan zuen, eta ez nuen eskuinarekin jo beharrik izan eta, txiripaz esan daiteke, irabaztea lortu nuen. Alde horretatik ezin zitekeen hobeto atera.
Finalerdiaren ondoren, fisioterapeutarekin egon zara lesioa osatzeko.
Bai, hurrengo egunetan probak egin genituen lehenbailehen jakiteko zer zen. Guk normalean horrelako gauzak Gasteizen egiten ditugu, Vithas ospitalean, eta behin diagnostikoa izan genuenean, ez genekien zehazki zenbatekoa zen, baina haustura bat zegoela ikusten zen, eta hurrengo egunetik atzerapena eskatu genuen. Bagenekien oso zaila zela, baina final bat zela, merezi zuela saiatzea, eta erabat egunero buru belarri aritu gara Beasaingo fisioarekin. Uste dut lan ona egin dugula, lesioa oso ondo doala esaten didate, eta nire sentsazioak ere onak dira. Baina, usaintzen genuen bezala, nahiz eta ez genuen ikusi nahi, hiru aste ez da denbora nahikoa izan jokatzeko moduan jartzeko. Behin finala ez jokatzea erabaki ondoren, orain lasaiago, datarik jarri gabe, helburua izango da azkar baino ondo jartzea. Horretarako gogoz nago, motibaziorekin, gainera esaten dute gerora ondo jarriko den lesio bat izango dela, arazorik eman behar ez liratekeena, ondo bidean behintzat, eta hori ere garrantzitsua da niretzat.
Entrenamenduren bat egiteko aukerarik izan duzu?
Ez. Hori zen asmoa, eta idealena izango zen azkeneko astean proba pare bat egin ahal izatea. Baina ikusi dugu probak berak akaso abantailarik ez lidakeela emango, eta geldirik uztea komeni zela. Lehen bi asteetan beste eskuarekin entrenatzen jarraitu nuen, finala jokatzeko itxaropen horrekin ahal nuen ondoen iristeko. Fisikoki ere ahal dudan guztia egin dut, baina azken astea iritsi zen, eta ez geunden eskuineko eskuarekin proba egiteko moduan. Beraz, lehenetsi genuen probak-eta egitea baino ondo sendatzea, lesioa ez berritzea, eta uste dut erabaki ona izan dela.
Lesioaren berri jakin zenetik, hainbatek galdetuko zizuten nola zeuden, jokatzeko aukera zenuen... Nola bizitu duzu hori?
Hasieran batik bat ez zen erraza izan. Aurretik eduki ditudan lesioekin alderatuta, oso ezberdina izan da hau, zentzu horretan, final baten atarian geundelako. Orain arte ezagutu ez dudan dimentsio bat izan da. Enpresak publiko egin arte, ez nuen esaterik izan, eta ez zen erraza izan erdi gordean eduki behar izatea. Albistea zabaldu zenean errazagoa izan zen, jendea jakinaren gainean zegoelako. Eta aurreko asteazkenean prentsaurrekoa eman eta gero, are gehiago. Nire aldetik lasaitua izan da, jendeak jakitea zer dagoen, erdi gordeta ibili gabe. Alde batetik zaila izan da, eta beste batetik, lehen esan bezala, oso polita, oso gauza hunkigarriak bizi izan ditut; deskuidatuz gero dena beste era batera izan balitz, biziko ez nituenak. Eta horretan ari naiz saiatzen, horietaz gozatzen, garrantzia ematen horiei ere. Esate baterako, inondik espero ez nuen jendea gogoratu da nirekin, ingurukoek sekulako babesa eman didate, eta herrian animo ekitaldi moduko batzuk ikaragarri politak egin dizkidate pilota eskolatik eta abar. Esan bezala, oso polita izaten ari da aldi berean.
Mezu bat zabaldu zenuen, esanez momentu txarretan jasotako babesak duela esanahi handiagoa.
Badakit jendeak ez duela nik eskertzeagatik egiten, ezta gutxiago ere, baina nik gogo hori sentitu dut egunotan. Lesionatu nintzenetik oso aparte ibili naiz komunikabideetatik-eta; aurpegia eman behar izan denean medikuak eman du horrela erabaki genuelako, baina banuen gogoa neronek hitz egiteko aukera izateko; Batez ere, eskerrak emateko jendeari, nahiz eta saiatu ezin dudalako denengana iritsi, eta guztiek jakitea nahi dut. Ikaragarria izaten ari baita, ikaragarri laguntzen dit aurrera begira ere, eta ziur nago indartuta aterako naizela guzti honetatik. Gero ere izango dira aukerak, eta orain nabil esker mezu hori zabaldu nahian.
Herriarteko Pilota Txapelketako kanporaketan, herriko pilotariak pankarta eta guzti izan zenituen babesa ematen, eta argazkia atera zenuen beraiekin. Horrelako uneak bereziak izaten dira.
Ezin izan dut finala jokatu, horrela tokatu delako, baina aldi berean balio izan dit konturatzeko zer bizitzen ari garen ni eta beste batzuk azkeneko urteetan, hau da, gustatzen zaigun eta hainbeste maite dugun kirolarekin gozatzen ari garela, eta inguruan ere kirol honetaz gozatu arazteko pribilegioa dugula. Finala ez jokatuagatik ere, aurreko ibilbidea ere polita izan dela transmititu dit jendeak, beraiek ere gozatu egin dutela txapelketa honetaz. Horrekin geratu nahi nuke. Pilota eskolako festa oso polita izan zen; bakoitza bere mailan eta bere adinean, kirol beraren parte gara, toki beretik gatoz, eta pilota eskolan talde bat osatuta dugu, oso polita, gauza onak eta txarrak bizi ditugunak. Kasu honetan hala izan da, eta denetan politena hori izan zen; pilota eskolako ekitaldi hura niretzat oso hunkigarria izan zen.
Pilotarien babesa ere jaso duzu. Rezustak eta Zabaletak oso argi esan zuten, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidaren aurretik, finala zuk jokatzea nahi zutela.
Askotan espero dena esaten dugu guk ere, noski, elkarrizketetan, baina badakit justu Beñaten eta Joseren [Zabaleta] kasuan benetan egia izan dela hori. Ez telebistan-eta bakarrik, baizik niri ere pertsonalki horrela adierazi didatelako. Beste gainontzeko pilotariek ere, Jokinengandik [Altuna] hasita eta baita Beñat eta Joserengandik ere, babes guztia jaso dut, eta asko eskertzen diet.
Aurrera begira, noiz espero duzu berriro jokatzeko moduan izatea?
Ez naiz ausartzen epe konkreturik aipatzera. Beste lesioetan, batzuetan espero baino askoz azkarrago jarri naiz, bestetan beranduago. Esan didatenez, oraingoan itxura du abuztu hasieran, hor nonbait, bueltatzeko aukera izango dudala. Baina ez dakit zehazki. Garbi dudana da datari baino lesioa ondo sendatzeari emango diogula garrantzia. Behin final bat utzi eta gero ez du merezi edozein partidarengatik presaka ibiltzea, eta hemendik aurrera buru belarri izango gara horretan.
Finala ez baduzu jokatu ere, txapelketak bere alde positiboa ere izan duela esan daiteke. Hau da, erakutsi duzun jokoa, eta zure buruan irabazitako konfiantza.
Finala jokatzeko aukera ez izan arren, barruan badut halako harrotasun puntu bat, nire buruari erakutsi diodalako hor egon naitekeela. Ingurutik-eta askotan entzun izan dudan gauza bat da, baina ez dakit neronek erabat sinetsita nuen, eta nik uste dut honek lagundu didala horretan. Baneraman denbora bat esaten binaka ikusten nuela puntakoekin lehiatzen ari nintzela, maila nahiko egonkortua eta ona erakusten ari naizela, baina banakako modalitateetan falta zitzaidala koskatxo bat ematea edo nahi nuela behintzat. Eta uste dut saltotxo hori eman dudala. Datozen urteetarako esperientzi gehiagorekin, nire buruarekin gehiago sinetsita aterako naiz frontoira, eta iruditzen zait orokorrean aurtengo txapelketa positiboa izango dela aurrera begira, edo horrela nahiko nuke behintzat.