Artolak ez du jokatuko buruz buruko finala

Ataria 2021eko ekainaren 14a

Pilotari alegiarrak ezin izango du bere kirol ibilbideko partidarik garrantzitsuena jokatu, lesiotik ezin izan delako osatu.

Final handi bat jokatzea ez da batere erraza, eta Iñaki Artolari aurten iritsi zitzaion aukera hori. Baina, zortea ez du lagun aurrelari alegiarrak eta azkenean ez du jokatuko buruz buruko finala. Beñat Rezustaren aurka jokatutako finalerdian lesionatu zen Artola, neurketaren azken tantoetan. Lesio muskularra izan zuen dortsal zabalean eskuin sorbaldaren atzealdean, baina partida bukatu ahal izan zuen, neurketa irabaziz eta finalerako txartela lortuz.

Ondoren etorri ziren jakinarazpenak. Baiko enpresak azaldu zuen Artola lesionatuta zegoela eta finalaren atzerapena eskatu zuela. Txapelketaren epaile bakarrak baiezkoa erabaki zuen, eta ekainaren 13an izan behar zuen finala astebete atzeratu zen, ekainaren 20ra arte. Baina Artolari ez dio denborarik eman behar bezala osatzeko eta uko egin behar izan dio Jokin Altunaren aurkako partida jokatzeari. Hori horrela, igande honetan Rezusta izango du aurkari Altunak. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partidan Rezustak Zabaletari irabazi zion, eta, bide batez, Artolaren ordezko izatea ere bereganatu zuen. Buruz buruko lehen finala izango da Rezustarentzat.

Bigarren lesioa denbora gutxian

Artolak ez zuen nahi bezalako binakako txapelketa jokatu. Txapelketaren bigarren jardunaldian lesionatu egin zen hanka batean eta jokatu gabe egon zen ia lehiaketa guztian. Hamargarren jardunaldian itzuli zen baina dagoeneko ez zuen aurrera egiteko aukera handirik. Azken postuan bukatu zuen Arangurenekin osatzen zuen bikoteak.

Buruz burukora ez zihoan, beraz, sentsazio onenarekin alegiarra. Jokamolde horretarako dohain handiak ditu Artolak, baina finalerdietara ez zen behin ere iritsi. Agian, bere gaitasunaren jakitun izanik, presio horrek ez zion behar bezala lehiatzen uzten eta aurreko txapelketetan gehiago egiteko gai zela zirudien. Aurtengoan, presio hori gabe ekin zion lehiari eta gainera aurre kanporaketa jokatu behar izan zuen. Arteaga II.ari aise irabazi zion, baina final-zortzirenetan gogor borrokatu behar izan zuen Agirreri irabazteko. Partida horrek konfiantza eman zion, eta gainera binakakoan izan zuen lesioaren berririk ez zegoen.

Ondoren, final-laurdeneko partida garrantzitsua zuen aurrean: Urrutikoetxearen aurka, faboritoetako bat, eta irabaziz gero lehen aldiz finalerdia jokatzeko aukera. Aurkariak ez zuen bere ohiko mailan jokatu, eta Artolak markagailu eroso batekin orain arte egin gabeko pausoa eman zuen: buruz buruko finalerdi bat jokatuko zuen. Partida hori txapelketa bikain bat egiten ari zen Rezustaren aurka jokatzea egokitu zitzaion. Neurketa gogorra ezbairik gabe, eta irabaztea lortu zuena, finalerako txartela lortuz, hau ere, noski, lehen aldiz. Profesional izan aurretik erakutsitako gaitasun horiek azkenik kantxan erakusten ari zen, txapelketa garrantzitsuenean. Baina, oraingoz, patua ez dago bere alde, eta Artolak hurrengo txapelketaren zain geratu beharko du bere hautagaitza sendoa konfirmatzeko. Bitartean, txapelketa honetan lortutako konfiantza gorde dezala. Altxor ederra izango du etorriko diren erronkentzako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!