Alegiarrek ezin izan dute ezer egin oiartzuarren aurka

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko ekainaren 12a

Herriarteko Txapelketako finalerdietako lehen hiru partidak Alegiak galdu egin ditu etxean Oiartzunen aurka, eta ia ezinezkoa izango zaio finalerako bidea egitea.  Bigarren partidaren ostean, pilotalekuan bertan zen Iñaki Artola pilotariari animoak eman dizkiote kantxara pankarta eta guzti aterata.

Alegiak etxean jokatu ditu Herriarteko Txapelketako kanporaketako lehen hiru partidak Oiartzunen aurka, eta ezin izan dute partida bat bera ere irabazi. Gehiago izan dira oiartzuarrak. 

Elorri frontoian tentsio uneak bizitu dira, baina lehen partidan, kadeteen mailan, alegiarrak hutsean utzi dituzte oiartzuarrek. Jubenilen mailako partidan denbora guztian atzetik joan badira ere emozio puntu batzuk izan ditu partidak, baina 16-22 bukatu da partida. Nagusien mailan, berriz, bost tanto baino ez dituzte egin etxekoek. Honenbestez, eta hurrengo partidak Oiartzunen jokatu beharko badituzte ere, Herriarteko Txapelketako bidea ia amaitutzat dute Intxurreko pilotariek. 

Iñaki Artolari elkartasun keinua

Intxurre Pilota Elkarteko kideek finalaren bezperetan lesionatuta dagoen Iñaki Artola Alegiako pilotariari babesa agertu nahi izan diote, eta animoak emateko aukera aprobetxatu dute. Bigarren partida jokatu ostean, kantxara atera dira Aupa Iñaki, hikin gatxerek pankartarekin. Iñaki Artola bera harmailetan zen partidak ikusten eta kantxara jaitsi da, eta lagunartean egon da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!