Alegiako erretirodunen egoitzako taberna lehiaketara atera dute

Ataria 2021eko ekainaren 3a

Argazkia: Alegiako Udala

Alegiako Erretirodunen Elkarteak tabernaren kudeaketa lehiaketara atera du, eta interesatuentzat hilaren 30a bitarte dago epea zabalik.

Alegiako erretirodunen egoitzako tabernaren kudeaketa lehiaketa publikora atera du Erretirodunen elkarteak. Taberna hartzeko interesa duen edonork ekainaren 30era bitartean eskatu ahal izango du informazioa, eta elkarteko kideak jarriko direla harremanetan aurreratu dute, baldintzen nondik norakoak azaltzeko.

Hala ere, informazioa jaso nahi duenak bi modutara egin dezake eskaera. Alde batetik, Alegiako udaletxeko ateko postontzian gutun bat bota dezake, bertan interesatuaren datu pertsonalekin eta informazioa jaso nahi duela adieraziz. Bestetik, datuak eta eskaera bera posta elektroniko bidez bidali daiteke komunikazioa@alegia.eus helbide elektronikora. Gaia atalean Erretirodunen tabernari buruzko informazioa zehaztu beharko da.

Eskaerak Erretirodunen elkarteak kudeatuko ditu, eta interesdunekin beraiek jarriko dira harremanetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!