Festarik ez, baina ekitaldi ugari antolatu dituzte Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 3a, 07:59

Ikuskizunetako bat Gozategi taldearen kontzertua izango da.

Alegiako Udalak era guztietako ikuskizunak prestatu ditu, eta ekainaren 11n hasi eta uztailaren 21a bitarte luzatuko dira; gonbidapenak izatea nahitaezkoa izango da, eta, gaur, 12:00etatik aurrera jarriko dituzte eskuragarri.

Ohiko eran festarik ezin antolatu, baina Alegiako Udalak ahalegina egin du herritarrei kultur eskaintza zabala egiteko. Hamabi ekitaldi antolatu dituzte, eta hilaren 11n herriko Sutarri dantza taldearen emanaldiarekin hasi eta uztailaren 21a bitarte, herritarrek musika, antzerkia, bertsoa, zinema... aukeratu ahal izango dituzte.

Egitaraua eta kokalekuak aukeratzerakoan, osasun egoera «oso presente» izan duela antolakuntzak esan dute udaletik. Ekitaldi guztietan bermatuta egongo direla segurtasun eta osasun neurriak nabarmendu dute. Hori horrela, eta antolakuntza on bat izateko, ekitaldietara joan nahi dutenek aurrez erreserbatu beharko dituzte gonbidapenak.

Udaletxeko www.alegia.eus webgunearen bidez edo telefonoz egin beharko da erreserba, eta gaur 12:00etatik aurrera jarriko dituzte eskuragarri. Web orri bidez eginez gero, agenda sailean dauden ekitaldi bakoitzean sartu, eta bertan izango da gonbidapena lortzeko galdetegirako lotura. Aldiz, telefonoz, kultur etxeko 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu beharko da. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 14:00etarako ordutegian. Pertsona bakoitzak bi gonbidapen eskuratzeko aukera izango du, familia ugarien kasuan izan ezik.

HAMABOST MINUTU LEHENAGO

Ekitaldi bakoitzak, gehienez ere, 100 pertsonentzako edukiera izango du. Gonbidapena dutenek ekitaldia hasi baino 15 minutu lehenago dagokien lekuan eserita egon beharko dutela azpimarratu dute, eta horrela ez bada, «ekitaldira ez doazela ulertuko da, eta azken orduan beste norbaitek sartzeko aukera izango du».

Gonbidatuen izenak egiaztatuko dituzte ekitaldi bakoitzaren sarreretan, eta ordurako sartzen ez denak, nahiz eta gonbidapena eduki, ez duela lehentasunik izango argitu dute. Aldiz, edukiera betetzen ez bada, momentuan sartzeko aukera izango da.

Haurrei zuzendutako emanaldien kasuan, haurrek lehentasun osoa izango dute. LH 2tik beherakoek euren gurasoetako batekin sartu ahalko dira, beti ere, eserleku bat okupatuz.

Bukatzeko, gogorarazi dute lekuek, ordutegiek edo egunek aldaketak izan ditzaketela, unean uneko osasun neurrien arabera.

UDAKO KULTUR ESKAINTZA

Gaur, 12:00etatik aurrera, ekitaldietarako gonbidapenak erreserbatu beharko dira udaletxeko webgunearen bidez edo kultur etxera deituta.

Ekainak 11, ostirala

19:00. Sutarri dantza taldeak emanaldia eskainiko du, eskolako jolastokian.

Ekainak 17, osteguna

18:00. Irakurle taldearen saioa, kultur etxean. Annie Ernauxen Emakume bat liburua da irakurgaia, Itziar de Blasek euskarara itzulia.

Ekainak 18, ostirala

22:15. Kale zinema: Agur Etxebeste filma, Kalebeherako frontoian.

Ekainak 24, osteguna

19:30. Mugmus laborategiaren eskutik, Esku Harriak: Oteizaren (h)aria ikuskizuna, Kalebeherako frontoian.

Ekainak 28, astelehena

16:00 /17:00 /18:00. Diseinatu zure kamiseta feminista, Eztanda Talde Feministak antolatuta, eskolako jolastokian. (Izen ematea ekainaren 23a arte).

Ekainak 29, asteartea

19:00. Sarini Zirko taldearen Txoriak txori emanaldia, Kalebeherako frontoian.

Uztailak 1, osteguna

19:30. Kale gorrian, kale antzerkia Barsanti teatroa taldearen eskutik, plazan.

Uztailak 11, igandea

19:30. Bertso emanaldia Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Iker Zubeldia eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin, eskolako jolastokian.

Uztailak 15, osteguna

19:30. Gozategi taldearen kontzertua, eskolako jolastokian.

Uztailak 16, ostirala

12:15. Sutarri dantza taldearen emanaldia, eskolako jolastokian.

19:00. Haurrentzako Bertso-Jasa, Mikel Artola eta Maialen Akizu bertsolariekin, eskolako jolastokian.

Uztailak 21, asteazkena

19:30. The founes troup taldearen Aukerak ikuskizuna, Kalebeherako frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!