Astelehenean zabalduko dute udalekuetan izena emateko epea

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 21a, 13:56

Alegiako Udalak maiatzaren 24tik 28ra egingo du udako udaleku irekietarako izen ematea. Kultur etxean pilaketarik ez sortzeko, aurten, webgunearen bidez eman beharko da izena, galdetegia betez.

Uztailean Alegiako Udalak haurrentzako jarduera ezberdinak eskainiko ditu, eta astelehenean interesatuak izena ematen hasi daitezke. Ostirala bitarte egongo da apuntatzeko aukera, eta plaza mugatuak izango dira. 

Alde batetik, HH4tik LH2ra bitartekoek udaleku irekiez gozatzeko aukera izango dute, eta bestetik, LH3tik LH6ra bitartekoek, kirol udalekuak izango dituzte. "Bizi dugun egoera kontuan izanda, udalak prest ditu jarduera horiek segurtasunez gauzatu ahal izateko protokoloak", esan dute. Hala ere, unean uneko osasun neurri berriek, funtzionamendua baldintzatu edo aldatu dezaketela argitu dute.

Bi jardueretako txandek iraupen bera izango dute. Lehen txanda uztailaren 1etik 15era luzatuko da, eta bigarrena uztailaren 19tik 30era. Bietan apuntatzeko aukera izango da. Txanda baten parte hartzeak 48 euroko prezioa izango du eta bietan jarduteak 83 eurokoa. Astelehenetik ostiralera izango dira, eta 10:00etatik 13:00erako ordutegian.

Webguneko galdetegia betez, izen ematea

Udalak kultur etxean sortu litezkeen pilaketak ekidin nahi ditu, eta horregatik, interesatuek webgunearen bidez eman beharko dute izena.

www.alegia.eus webgunean Udalekuak atalean sartu eta bertan topatuko dute bete beharreko galdetegira bideratzeko lotura, izena eman botoia sakatuz. Informazio gehiagorako kultur etxeko 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu edo kultura@alegia.eus helbide elektronikora idatzi daiteke.

Plaza mugatuak izango dira udalekuetan, eta izen ematearen hurrenkeraren arabera egokituko dituztela adierazi dute udaletik. Behin izen ematea amaituta, ekainaren erdi aldera, plaza dutenei mezu bat bidaliko diete tokia dutela konfirmatuz, eta udalekuen informazio orokorra zein ordainketaren inguruko xehetasunak emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!