ERREPORTAJEA

Esku eta buru lana

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 23a, 07:58
Euskal Herriaren historia bildu du Agirrek Lazkaoko beneditarren monasterioan. ENERITZ MAIZ

Juan Jose Agirre Begiristain alegiarra hamahiru urterekin joan zen Lazkaoko beneditarren monasteriora, eta bertan bizi da; autonomoak izanik, esku eta buru lanarekin bizimodua aurrera atera behar, eta liburuzain lana hartu eta aitzindaria izan da euskal artxiboa osatzen.

Memoria oso ona du Juan Jose Agirre Begiristainek (Alegia, 1930), eta ume garaiko «den-dena» oroitzen duela aitortu du. Alegian nondik nora ibiltzen zen, eskolara nola joan zen, 36ko gerra,... eta sorterria ez du ahazteko: «Hori ez da sekula ahazten».

Gogoan du udaletxean izan zutela eskola. Mutilak bakarrik eta adin tarte ezberdinekoak batera egoten ziren, maisu batekin. Euskararik ez zekien irakaslea, ikasle guztientzat: «Mutil zaharrenak txikienei erakusten jartzen zituen».

Bere amarentzat eskolan hainbeste umerekin fundamentu gutxi zegoela argitu du, eta partikularrera bidaltzen zuela. Eliza ondoan, Don Luzianorengana joaten ziren, eta hamabost bat laguneko taldea elkartzen ziren.

36ko gerra gertutik ezagutu zuen. Bost-sei urte izanagatik, ez ditu ahaztuta pasarteak. Nafarroatik, hau da, Altzo menditik sartu zirela karlistak Alegiara kontatu du, eta tiro hotsak entzuten zituztela: «Guretzat festa zen». Haurra izanik, astoekin soldaduak kalean ikustean ez zuen beldurrik pasa. Baina amaren Altzoko Borda baserrira ihes egin zuten kaletik. «Jan egin behar zen, eta baserrian beti zer edo zer izaten zen». Gerra ondoren, makien garaia ere aipatu du Agirrek: «Orduan idazkariek agintzen zuten, eta makiak gertu zebiltzala-eta, beldurrez, argi guztiak itzaltzeko eskatu zuten bando bidez, eta ohera lehenago joateko».

Tolosan Isaac Lopez Mendizabal Poxpolin haur komikia euskaraz argitaratzen hasia zela ekarri du gogora. Hilean behin argitaratzen zen, eta ale horietako bat esku artean izan zuen, eta zer zetorren ere gogoan du oraindik: «Mutil kozkor bat agertzen zen zigarroa erretzen mareatuta». Artxibozain «on» moduan, deia egin du, eta inork ale hori izango balu ikusi nahiko lukeela esan du. 

Hamahiru urterekin, Lazkaora

Garai hartan ohikoa zen erlijiosoak herrietako eskoletara bokazioaren bila joatea. Apaizgaiak behar zituzten. Alegiara lehenak frantziskotarrak iritsi zirela kontatu du, eta Agirre tartean, taldean askok baiezkoa eman zieten. Baina garaia iritsi zenean, Agirre atzera bota zen, eta berarekin batera beste lagun batzuk ere bai, eta iskanbila sortu zuten.

Juan Jose Agoirre Begiristain: «Autonomo gara eta gure eskulanarekin bizi behar dugu. Monjeak autonomoak gara, ez gaude inoren mende»

Akolito lanetan ibiltzen zen, hau da, meza laguntzen, eta hasieran, apaiz izateko, Gasteizko apaizgaitegira joan nahi zuela esan du. Azkenean, bi osaba Lazkaoko beneditarretan zituelako aukeratu zuen Lazkao. Frankismo garaian «eliz giro handia» zegoela adierazi du, «mundu guztia elizara joaten zen», dio. «Zenbat bokazio? Zenbat apaiz ziren lehen?» galdetzen du. «Garaian garaikoa. Orain ez da ulertzen, baina garai hartan hori zen giroa, eta horrela ulertu behar da». Hala ere, garbi zuen umetatik apaiz izan nahi zuela.

Hamahiru urterekin egin zuen Lazkaorako bidea, eta 91 urte betetzear dela, Lazkaon jarraitzen du lanean. «Eskulana edo buru-lana, behintzat, lana egin behar dugu», argitzen du. «Autonomo gara eta gure eskulanarekin bizi behar dugu. Monjeak autonomoak gara, ez gaude inoren mende. Bizimodua guk atera behar dugu aurrera», azpimarratzen du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!