ERREPORTAJEA

Elkartasunezko tapoiak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 19a, 19:59

Maite Davila alegiarrak eskualdeko herri ezberdinetan plastikozko tapoiak biltzen ditu 2016tik, gaixo dauden haurrei bizitza berri bat eman ahal izateko.

Sare sozial bidez jaso zuen mezu baten hariari tiraka iritsi zen Maite Davila alegiarra plastikozko tapoiak biltzen hastera. 2016. urtean izan zen. Harrezkero, Valeria, Andrea, Aiora, Yeray, Marcos, Alvaro, Marcos eta Albak bizitza berri bat izan dezaten bildu ditu tapoiak, eta egun, Angelarentzat ari dira tapoiak biltzen.

«Proiektu honetako lehen haurra izan zen Valeriaren argazkia iritsi zitzaidan, eta webgunean begira hasi eta mapa bat zuen plastikozko tapoiak jasotzeko puntuekin», azaldu du Davilak. Errenteria zegoela ikusi zuen herrien artean, eta berari bihotzera iritsi, eta Alegian jarri nahi izan zuen tapoiak biltzeko puntu bat.

Errenteriakoekin harremanetan jarri, eta ostean, MRWko garraiolariarekin hitz egin zuen proiektuaren berri izateko: «Irurako Sergio arduratzen zen gastuak bere gain hartuta tapoiak Caceresko Valeriaren Carcaboso herriraino eramateaz».

Honela, udaletxera jo zuen Davilak herrian ekimena martxan jartzeko asmoarekin. Unai Iraola alkatearekin hitz egin zuen, eta udalaren baietza jasota martxan jarri zuen plastikozko tapoiak biltzeko puntua. «Bere babesik gabe ezingo nuke aurrera eraman, eta berriz ere eskerrak eman nahi dizkiot», adierazi du. Kultur etxean jarri zuen plastikozko tapoiak biltzeko puntua.

Alegiaz gain, orain, toki askotan jasotzen ditu plastikozko tapoiak. Astero pasatzen da Tolosako denda eta taberna ezberdinetatik. Enpresetan ere biltzen dizkiote, edota Gipuzkoa mailako edozein herritatik deitzen diote tapoiak entregatu ahal izateko. Ekimenera batu den azken herria Amezketa izan da. Alegiako posta etxeko langilearen bidez zabaldu du Amezketan ekimena, eta herrian puntu ezberdinak jarri dituzte. «Anoetan ere pila bat biltzen dizkidate», esan du. Toki askotatik iristen zaizkio tapoiak. Eta ez da bakarrik ari, laguntzeko jendea badu inguruan, eta, adibidez, Tolosan, bi lagunek laguntzen diote tapoiak biltzen.



GAIXOTASUN ARRAROAK

Plastikozko tapoiak jasotzea elkartasunezko ekimena da. Gaixotasun arraroak dituzten haurrei bizitza hobeago bat izaten laguntzeko baliatzen dute bildutako dirua. Badira hemen egiten ez diren ebakuntzak, eta atzerrira joan behar izaten dute, edo Ameriketako Estatu Batuetatik iristen diren frogako tratamenduak edo terapiak jaso ahal izateko behar dute dirua.

Herri «solidarioa» dela gurea azpimarratu du: «Hasierako minututik egin du jendeak bat proiektuarekin, eta oso jende onarekin egin dut topo». Pixkana-pixkana jendearengana iristen joan zen proiektua eta ekimena zabaltzearekin batera, tapoi asko biltzen hasi zen.

Behin tapoiak jasota, sailkatu egiten ditu. Esan behar da, soilik, plastikozko tapoiak biltzen dituela: «Poltsetan denetarik iristen zait, eta garbi utzi behar da plastikozko tapoiak baino ez ditudala biltzen».

Behin sailkatuta, pila bat egiten duenean, Seurreko gidariekin jartzen da harremanetan. Seurrek Martutenen duen biltegira bideratzen ditu tapoi guztiak, eta handik Acteco enpresara eramaten dituzte birziklatzeko. Hitzarmena du sinatuta Seur Fundazioarekin, eta beraien bidez eramaten du aurrera proiektua. Gaixotasun arraroak dituzten haurrak zeintzuk izango diren ere beraiek zehazten dute. Orain, Angela izeneko bost urteko haurrari laguntzen ari dira. Buruko paralisia du, eta bere bizi kalitatea hobetu nahi dute. Haurrentzako munduko lehen exoeskeletoarekin errehabilitazio saioak egitea lortu nahi dute. Horretarako, 70 tona tapoi behar dituzte.

BIHOTZ BERRIA ALEGIAN

Pandemia egoerak bere egitekoak aldrebestu ditu, eta Alegiako kultur etxean zuen bilketa puntua kendu behar izan zuen. Orain, bihotz solidarioa jarria dute elizaren atzeko aldean.

Eskerrak eman nahi dizkie urte guzti hauetan proiektuan era batera edo bestera parte hartu duten guztiei: «Beraiek gabe ez litzateke posible izango».

Bestetik, Aurrera Alegiari ere eskerrak eman beharrean dela azaldu du: «Elkartasunezko bihotza beraiek lortu dute, eta honela Alegian tapoiak biltzeko arazoari irtenbidea eman zaio».

Bihotz horiek ere jende solidarioak egiten ditu, eta donazio bidez jaso dute Alegian.

Asko ematen dio ekimenak, eta gustura sentitzen da egiten duenarekin. Jende askok galdetzen diola eta, ekimena erabat boluntarioa dela nabarmendu du, eta bere denbora librea eskaintzen diola proiektuari. «Ekimena arazoak dituzten haurrei laguntzeko izanda, jendea parte hartzera animatu nahi dut», dio. «Ez da ezer kostatzen».

Dei asko jasotzen dituela argitu du, eta horietako batek ileak puntan jarri zizkiola kontatu du. Ez du izenik eman nahi izan, baina M.M.k deitu zion, dirua eman nahi zuela esateko: «Albari laguntzeko izan zen, eta nik bitartekari lanak baino ez nituen egin. Familiarekin zuzenean harremanetan jarri nuen M. dirua beraiei bideratzeko».

Inork ekimenarekin bat egin nahi izango balu 678 83 02 78 telefono zenbakia jarri du edonoren eskura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!