Artolak Buruz Burukoa jokatzeko txartela lortu du

Ataria 2021eko maiatzaren 8a

Arteaga II.a 22-2 mendean hartuta, Iñaki Artolak Buruz Buruko Txapelketa jokatuko du. Baiko enpresatik, beraz, Jaka eta Peña II.arekin batera, hiru izango dira eskualdeko ordezkariak.

Artolak  Buruz Buruko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu du, Zallako Mimetiz pilotalekuan Axier Arteagari partida irabazita, 22-2ko emaitzarekin. Atzo jokatu zen aurrekanporaketako partida, beraz, dagoeneko erabaki dira Baiko enpresatik nortzuk arituko diren txapelketan. Alegiarrarekin batera, Erik Jaka eta Jon Ander Peña daude Baikotik. Horiez gain, Urrutikoetxea, Agirre eta Bengoetxea VI.a dira zerrendan daudenak.

Alegiarrak erraz hartu zuen mendean Axier Arteaga lasartearra. Sei tanto egin zizkion sakez, eta beste bederatzi tanto atzean. Arteaga II.ak ez zuen ezer egiteko aukerarik izan Artolaren aurrean.

Atzoko partida berrikuntza batekin jokatu zen: lehen aldiz botilleroak izan zituzten aholkulari pilotariek. Eta berrikuntza horrek Buruz Buruko Txapelketa osoan zehar iraungo du. Atzoko kasuan, Artolak bere anaia Mikel izan zuen laguntzaile.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!