Elkarrizketa

«Gu eskaintzen diguten guztirako prest gaude»

Asier Imaz - Eneritz Maiz 2021ko mai. 4a, 11:59
Eskuinetik hasi eta lehena da Jon Aranburu alegiarra. Argazkia: Mikel Buruaga / ALEA

Jon Aranburu alegiarra da Gasteizko Konpost taldeko kideetako bat; duela lau urte elkartzen hasi, eta pare bat hilabete da diskoa argitaratu dutela; Rock testuinguruan kokatu du taldea Aranburuk.

Konpost musika taldeak diskoa kaleratu du, eta taldeko kide da Jon Aranburu alegiarra. Aspaldian erabat gasteiztartuta badago ere, bere herrian kontzertu bat gustura emango lukeela aitortu du. Nahi baino gutxiago bisitatzen badu ere, herriak beti tiratzen duela dio.

Nolatan edo nondik sortu zenuten Konpost taldea?

Duela lau bat urte edo sortu genuen taldea. Ez ginen elkartu musikarengatik. Kaletik elkar ezagutzen genuen lagunak gara Ruben eta ni behintzat, eta Txerra eta Bingen bistaz ezagutzen nituen. Elkartu eta zerbait egitera animatu ninduten; ikusita Bingen Mendizabal musikari aski ezaguna eta Txerra Bolinaga beste hainbeste eta Ruben Sanchez saltseroa, animatu egin nintzen taldeko kide izatera. Beti izan gara geldirik ez egotekoak, pixkana hasi ginen lauron artean jotzen, eta hortik sortu zen konexio musikala eta hortik hasi ginen kantuak egiten. Eta, horrela, gaur arte.

Kantuek bueltaka denbora bat badaramate, ezta?

Gehiegi ez nuke esango, baina bai. Duela lau bat urte hasi ginen kantuak sortzen eta gauza asko pasatzen dira tartean. Ez diogu gure denbora guztia musikari eskaintzen. Tartean ere bestelako kontuak sartzen dira, eta gauza batzuk atzeratu egiten dira eta beste batzuk azkartu. Duela pare bat urte erabaki genuen grabatu egin behar genuela, eta azkenean gure lokalean erabaki genuen Joseba B. Lenoir-ekin egitea. Tartean istripu batzuk izan ziren, eta besteak beste, pandemia bat etorri zitzaigun eta horrek ere atzeratu egin zigun. Hala ere, aurrera egitea erabaki genuen eta diskoa atera dugu. Ez dakit momenturik onena den disko bat kaleratzeko, salmentari dagokionez eta batez ere kontzertuak emateko. Guri batez ere bigarrena axola zaigu, eta ez nahi hainbeste, baina ari gara zertxobait egiten.

Taldearen izenak Alegiara eramaten gaitu.

Alegiara edo gasteiztartutako beste alegiar batengana. Ideia gurea zen, eta ez genekien forma nola eman. Post izango zuela bagenekien mundu honetan bizi dugun egoeragatik. Musikan dena post da, gero post egia dago, dena post dugula ematen du, eta postureoa ere galanta, eta post Aiete ere bai. Aurretik mila gauzetan ibilitako jendea garenez, guk ere post behar genuen. Ez genekien zein buelta eman, eta anaiak esan zidan, zergatik ez diozue konpost jartzen? Gustatu zitzaigun, eta hortxe.

Post hori zer da nekearen seinale edo berrikuntzarako gogoa?

Dudarik gabe berrikuntzarako gogoa. Musika eta musikatik kanpo ere mila lekutan ibilitakoak gara. Egoera hau tokatu izan ez balitz, izan egoera politiko, dena gainditutakoa... agian ez ginateke elkartuko. Horrek bultzatu gintuen juntatzera, aldaketa gogo batek ere bai; bai musika eta baita beste mundu batzuetan ere, eta taldekide bakoitzak gure motibazio ezberdinak ditugu. Gu aurrekoaren ondorengoak gara, eta bistakoa da, eta beraz, post jarri dugu txiste txiki bat eginez.

Kantuekin txisteek ere badute lotura.

Taldeko abeslaria den Rubeni galdetzea hobe da, baina umorea beti da garrantzitsua guretzako eta baita ironia ere. Letretan Rubenen estiloa horrelakoa da. Denei bezala barre egitea asko gustatzen zaigu.

Zein da zuen musika estiloa?

Musikari bati galdetzen zaionean inoiz ez da erantzun garbirik jasoko. Oso zaila da esatea, eta guretzako are eta zailagoa. Kanpotik ematen da normalean etiketa, eta askotan musikaria ez da ados egoten horrekin. Gure kasuan rock testuinguruan mugitzen garela esango nuke, batez ere, gitarra elektrikoak eta distortsioak daudelako tartean, eta bateria bat dagoelako, baina ez dago baxurik. Biolin bat da jotzen duena, biolin berezi bat baxuaren soinuak egiten dituena. Horren inguruko zerbait dela esango nuke.

Kontzertuetarako prest?

Gu eskaintzen diguten guztirako gaude prest. Egoera da ia guretzako aldagairik txikiena. Mila esperimentu egin izan ditugu. Diskoa aurkeztu dugula ez dira bi hilabete, eta orain formatua erabat aldatuta eskainiko dugu kontzertu bat. Akustikoan ari gara probatzen eta hori ere guretzat beste esperimentu bat izan da. Hori bai izan da egoera honek bultzatutakoa.

Noiz izango da kontzertua?

Bilbon joko dugu hilaren 9an, igandean, Bilboko Biran. Aurrekoa, martxoan, Gasteizko Jimmy Jazzen egin genuen diskoaren aurkezpenean, eta orain kontzertuak atera zain gaude. Eta gustura joko genuke Tolosaldea inguruan ere. Nik oso maitea eta kuttuna dut Alegiako Gaztetxea, baina badakit egoera honetan ez dela erraza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!