Off

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2021ko api. 24a, 07:58

Rocio Carrascok senar-ohiak emandako tratu txarrak telebistaz aitortu zituen astean genero indarkeria salatzeko zerbitzuek gainezka egin zuten. Ministeriotik jakinarazitako datuek diote telefono bidezko kontsultak aurreko astean baino ehuneko ia berrogeita bi gehiago izan zirela, e-mailez jasotakoak ehuneko hirurehun eta laurogeita lau gehiago, eta waxapak ehuneko mila laurehun eta hirurogeita lau gehiago.

Hemendik aurrerako tartea zurian utziko nuke gustura. Hutsik. Norberak atera ditzan bere ondorioak. Esate baterako, ahazten ari zaigula hitz egitea? Galdu dugula ahotsez komunikatzeko gaitasuna? Waxaparen berehalakotasunak irentsi duela konbertsazio patxadatsuaren lekua? Ez lirateke albo-ondorio hutsalak. Ez dira.

Joan den udazkenean telesail bati buruz agertutako datuak gorde nituen. The Queen's Gambit izenekoa. Argitaratu zuten telesaila estreinatu ostean Ameriketako Estatu Batuetan xake estrategiako liburuen salmentak ehuneko sei hazi zirela, eta xake taulak ehuneko laurogeita zazpi gehiago saldu zirela. Sarean ere, bai nola jokatu irakasten duten orrietan, bai jokorakoetan harpidetzek gora egin zuten. Ez dakit xake-jokalarien furiak zenbat iraun ote duen. Telesailaren berriak isildu ziren, eta seguru aski xakean jokatzeko berehalako grina ere apaldu izango da.

Telebistaren boterea ukaezina da. Gure arduragabekeria ere bai.

Aldiro harrotzen dira bazterrak saio batengatik ez bada besteagatik. Zenbat eta gehiago harrotu, orduan eta urrutirago zipriztinak. Joan den astean orriotan Tentazioen irlaz ari zen Arantzazu Lizartza. Amaitu zuen: «Argi dago, irlak islatzen duenarekin zerbait egin beharra dagoela, eta azkar!». Irlak islatzen duenarekin. Hor dago gakoa, inon egotekotan.

Inork ez gaitu behartzen nahi ez dugun hura ikustera, edo? Hori bezain erraza. Off.

Rocio Carrascoren bizitza aletzen hasi direnek ez dute buruan ibili halako aitorpenak buruz ikasi arte hogeita lau orduz errepikatzeak ordura arte ausartu gabeko zenbat emakumeri emango ote dion adorea. Xake-jokalaria protagonista duen telesaileko arduradunek ez zituzten kontuak aterako xakerako afizioa -beno, ez dezagun esajeratu, utz dezagun jakin-minean- zenbatean haziko zen. Telebistek -denek, publikoek barne, zoritxarrez- helburu bakarra dute: ahalik eta ikusle gehien biltzea. Ez dago beste amarrurik. Jendetzak erakartzea, jendetza dirutzaren sinonimo delako.

Ez gara gizarte heldua. Orokorrean. Superman ikusi eta balkoitik salto egin zuen umearena ez zen asmatua. Pena. Hain erraza dirudi, ezta? Inork ez gaitu behartzen nahi ez dugun hura ikustera, edo? Hori bezain erraza. Off.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!