268 kilo hondakin atera dituzte ibaitik eta erreketatik

Tolosaldeko Ataria 2021ko api. 19a, 11:59

Alegiako Udalak ezagutzera eman du Urzain taldeak egin duen lana, eta Oria ibaitik eta Aritzaga eta Txubiritxo erreken ibilguetatik 268 kilo hondakin solido atera dituzte. Errefusa, plastiko, lata eta eskuoihal higieniko kopuru handiak bildu direla esan du, eta "aurrerantzean datuak hobetzea da helburua".

Alegiako Udalak balioa eman nahi dio herrigunea zeharkatzen duen Oria ibaiari. Orain arte herritarrak arduratu direla ibaia auzolanean garbitzeaz adierazi du, baina, aurten, ibaiaren egoera ekologikoa hobetzeko asmoz, udalak ibaiaren ubide eta bazterretako hondakin solidoak biltzeko eta kentzeko zerbitzua eskainiko duela argitu du. Urtean bost garbiketa egingo dituztela esan du, eta "ez bakarrik Oria ibaiaren ibilguetan, baita Aritzaga eta Txubiritxo erreken ibilguetan ere".  

Lehen garbiketa apirileko lehen egunetan egin du Urzain taldeak. Alegiako ibai eta erreken ubide eta bazterretan aurkitutako hondakin solidoak biltzen eta kentzen aritu dira: "Lana kontu handiz egin da, bertako fauna eta flora une oro errespetatuz".

Behin garbitze lanak eginda, datuak aztertu dituzte Urzain taldeak eta Alegiako Udalak. Guztira 268 kilo hondakin solido baino gehiago atera dituztela ibaitik eta erreketatik eman dute ezagutzera. Batez ere, errefus-hondakinak direla esan dute, eta eremu natural horietan aurkitutako plastiko, freskagarri lata eta eskuoihal higieniko kopuruak handiak direla nabarmendu dute. Horiez gain, hamar telefono mugikor, zazpi kargagailu eta zenbait bizikleta gurpil ere bildu dituzte, eta baita beira, metalak eta arropak ere.

Ibaiak etengabe hondakinak ekartzen baditu ere, lanean jarraituko dutela argitu dute: "Gure ibaia eta herria garbi mantentzeko". Era berean, herritar guztientzat mezua luzatu dute: "Ez dugu ahaztu behar guztion ardura dela ibaia zaintzea eta errespetatzea, denok altxor honetaz gozatu ahal izateko". 

Babestutako gunea

Oria ibaia herritar guztien gozamenerako dela esan du Alegiako Udalak, baina "ibaira begiratzen dugunean askotan urak garraiatutako plastikoak zuhaitzen adarretan harrapatuta besterik ikusten ez baditugu ere, habitat honek altxor asko ezkutatzen ditu, gure begiradatik oharkabean pasatzen direnak".

Horrez gain, gogora ekarri nahi izan du udalak, Oria ibaiak duen natur balio handiagatik babestuta aurkitzen dela Alegia parean (Amezketa ibaiarekin bat egiten duen lekuraino). Hau da, Natura 2000 Sarearen barruan, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa dago babestuta. Izan ere, espazio horretan interes handiko fauna eta flora espeziek aurkitu daitezke: martin arrantzalea, ur-zozoa edo bisoi europarra. Azken hau, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan galtzeko arriskuan daudenen kategorian sailkatutako espeziea da, eta Europako ugaztunik mehatxatuenetariko bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!