Hizkuntzen erabilera neurtzeko boluntarioak behar dituzte Alegian

Ataria 2021eko apirilaren 13a

Uemak hizkuntzen erabileraren neurtze lanak egin nahi ditu, eta boluntario lana egin nahi dutenek hilaren 15a, osteguna, bitarte eman beharko dute izena. Hilaren 19an, hau da, astelehenean, formakuntza jasoko lukete. 

Alegiako Udalak jakitera eman duenez, orain lau urte hasitako bideari jarraitu nahi dio Uemak, eta aurten hizkuntzen erabilera neurtuko dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren herrietan.

Aurten COVID-19a dela eta, moldaketa batzuk egin dituzte "jasotako datuen fidagarritasuna bermatze aldera". 3000 biztanletik behera dituzten udalerrietan neurketa kopurua handiagoa izatea aurreikusi du Uemak, baina denboran mugatua.

Neurketa hauek herritar boluntarioen bidez egiten dituzte, eta horregatik laguntza eskatu du Uemak. Neurtzaile izan nahi duten herritarrek apirilaren 15erako eman beharko dute izena Uemarekin harremanetan jarrita: "Komenigarria da 3-4 taldeko pertsonak osatzea neurketa egunak euren artean banatzeko".

Apirilaren 19an, astelehenean, 18:00etan, izango da neurtzaileentzat formazioa, online bidezko saio batekin. Neurtzaile ariko direnei bidaliko zaie online saioan parte hartzeko helbidearen lotura. "Norbaitek ezingo balu ordu horretan saiora joan, aurkezpenaren grabazioa bidaliko zaio", esan dute Uematik.

Kreditu bat, unibertsitateko ikasleentzat

Boluntario lanak egiteko lagun dezakeen hitzarmen baten berri ere eman nahi izan du Uemak. Izan ere, unibertsitateko ikasleen kasuan, EHUrekin hitzarmen bat sinatuko du. Honela, ikasleek aukera askeko kreditu bat lortuko dute Alegiako neurketan 25 orduko jarduna egiteagatik. Beraz, herrian interesa izan dezakeen ikasleren bat izanez gero, "beregain hartu dezake neurketa egiteko ardura egun guztietan, ordu horiek betetzeko", gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!