Lehen hezkuntzako haurrentzat eskaintza, Aste Santurako

Ataria 2021eko martxoaren 24a

Alegiako Udalak, herriko eragileen laguntzarekin, futbol eta saskibaloi kanpusa antolatu du lehen hezkuntzako haurrentzat, eta, horrez gain, haurrek Titere tailerrean parte hartzeko aukera izango dute. Izena emateko epea gaurtik hasi eta ostirala, hilak 26, bitarte izango da.

Aste Santuko oporrei begira, Alegiako Udalak jarduera ezberdinak eskainiko ditu Lehen Hezkuntzako haurrentzat. Apirilaren 6tik 9ra, lau egunetan, bi jarduera izango dituzte aukeran. Alde batetik, futbola eta saskibaloia uztartuko dituen kanpus bat eskainiko da, eta bestetik, Itzal Titere Laborategiaren tailerra.

Izena emateko epea gaurtik hasi eta ostirala bitartean izango da zabalik Inaxio Begiristain Kirol eta Kultur Etxean. Hori bai, ordutegia jarri dute apuntatu ahal izateko: gaur eta bihar, 18:30etik 20:00etara, eta ostiralean, 10:00etatik 11:30era.

Plaza mugatuak eskainiko dira osasun egoera medio, eta izena ematerako orduan egin beharko dela ordainketa aurreratu dute, "tokia ziurtatuta izateko". Haurrek bi jardueretako batean eman ahal izango dute izena. Hori, ahalik eta parte hartzerik zabalena bermatzeko helburuarekin egin dute. 

Futbol eta saskibaloi kanpusean bi txanda izango dira. Bata 09:30etik 11:30era, eta beste 11:30etik 13:30era. Kasu honetan, haur bakoitzak 12 euro ordaindu beharko ditu. Txanda bakoitzean, ordubete futbolean ariko dira eta beste ordubetea saskibaloian. Futbol jarduerak, eguraldi txarra edo ona egin, futbol zelaian egingo dituzte. Txarra egiten duenerako, aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute udaletik, saskibaloian jokatzeko arropa lehorra izan dezaten.

Itzal Titere Laborategiaren tailerrean parte hartu nahi dutenek ere bi txanda izango dituzte aukeran. Lehena 10:00etatik 11:30era eta bigarrena 12:00etatik 13:30era. Tailer honen kostua ere 12 eurokoa da, eta zineman egingo dute. 

Informazio gehiago behar izanez gero, kultur etxeko 943 65 46 98 telefono zenbakira deitu daiteke edo kultura@alegia.eus helbidera idatzi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!