«Herritarren oinarrizko beharrei» lotutako aurrekontua dute Alegian

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mar. 24a, 11:59

Alegiako Udalak 2.077.791 euroko aurrekontua du; sarreretan %5,17ko jaitsiera izanda «zuhurtzia handiz» osatu dute, eta gizarte zerbitzuetan eta langabezian jarria dute arreta.

Alegiako Udalak iazko urte amaieran onartu zuen 2021ari dagokion 2.077.791,56 euroko aurrekontua. Iazkoarekin alderatuta, %5,17ko jaitsiera izan dute, hau da, 113.243,13 euro gutxiago dituzte. «Diru sarrerei asko begiratu diegu eta zuhurtzia handiz jokatuko dugu, baina %5etik gorako jaitsiera daukagu sarreretan», dio Arantxa Irazusta alkateak. Horrek ekarri duena ere azaldu du: «Ezin orekaturik ibili gara. Sarrerak jaitsi orduko, gastu orokorrak eta betikoak diren batzuk gora egin dute».

Gizarte zerbitzuetako gastuak eta pandemiak ekarritako gastuak dira, besteak beste, igo direnak. COVID-19ak eskolako garbiketa lanetan errefortzua jartzea eskatu dio udalari, eta eskolak hartu dituen herriko beste esparru batzuk ere desinfektatu behar ditu. Horrez gain, PCRak egiteko kultur etxea ari dira erabiltzen goizetan, beraz, ez dute beste ezertarako erabiltzen: «Ez gara inongo kuotarik kobratzen ari, eta goizez barruan ez da ezer egiten, frontoia eskolak erabiltzen du... Nolabait hipotekatuta dugu, ez da asko, baina diru sarrerak murriztuta ditugu; hori ere falta zaigu, eta garbitasunean lan gehiago dugu», argitu du Irazustak.

Gizarte zerbitzuak lehentasun ditu Alegiako Udalak, eta horretan jarri dute arreta: «Hori da gehien kezkatzen gaituena, egoera gehiago okertuko dela aurreikusten baitugu». Era berean, kezkatuta agertu da herritarrak bizitzen ari diren egoerarekin: «Gure langabezia tasa latza da, beharra duen jende asko dugu eta gizarte zerbitzuetan eskaerak gorantz doaz».

Zaintza eta gizarte babes publikoa, enplegu sustapena eta krisiaren ondorioei aurre egiteko neurriak izan dira arreta bereziz landutakoak. «Gastuak murriztu nahian hasi ginen, baina azkenean zein dira kaltetuak? Non kentzen duzu? Bada, zenbait diru laguntzetan, hau da, herriko edozein talde eragileri dirua kentzen diogu. Eta sufritu egiten dugu».

Martxoan sartuta, momentuz, ez du argi askorik ikusten Alegiako alkateak: «Aurrekontu hau sei hilabetetarako ematen dugu ontzat. Ekainetik aurrera ikusiko dugu zer datorren. Iazko urte amaieran hori zen perspektiba. Ekainerako gaixotasun hau arintzen dela ikusiko bagenu, eta eskolak libratzen dituela eremuak... diru laguntzetara bideratzeko aukera izango genuke», esan du Irazustak.

Euskarari berari ere dirua kendu diotela onartu du, baina «baliteke hurrengo sei hilabeteetan beste banaketa bat egitea». «Eskolan karpa bat ere jarri dugu eremu estali gehiago izateko. Momentuz diru laguntza ez dugu jaso, baina hori ere beste gastu bat da. Laguntza badator oso ondo. %90eko laguntza da, baina ez badator gastu osoa ordaindu beharko dugu».

Guztia aldrebestu die COVID-19ak. «Legealdi hasieran genituen asmoak eta proiektuak, gure pozgarri zirenak, alde batera utzi behar izan ditugu. Ikusi dugu, dugun diru apurrarekin duguna mantendu eta eraberritu behar dugula. Arretaz jarraitu behar dugula aurrera», esan du alkateak. Pena dela aitortzen du, baina egoera ez du ondo ikusten. «Mediku etxe berri bat egitea aurreikusten zen, baina, azkenean ez da egingo. Duguna berritu beharko da, eta igogailu gabeko mediku etxea dugu», azaldu du. «Aurreproiektu txiki bat egina dugu beraiek eskatzen dituzten beharrak kontuan hartuta».

Udala ez dagoela zorpetuta esan du alkateak, «altxortegi polita du udalak, baina ez behar guztiak asetzeko adinakoa». Eta galdera luzatu du: «Aurten gastatu altxortegi guztia, eta datorren urtea hobea izango al dugu? Eta hurrengoa?». Zuhurtziaz jokatu nahi izan dute Alegiako Udaleko udal ordezkariek: «Nik nahiago dut dugun altxortegia hiru-lau urtetan zatituta erabili».

Osasun etxe bat nahitaezkoa den zerbait da Irazustarentzat, eta horri erantzuteko moduan egongo liratekeela, eta dirua horretara bideratuko luketela dio, «baina, museo batean ez. Adinekoen etxea, eskolako aterpea... inguruko jendea biltzen duten tokiak dira, eta proiektu horiei ezin diegu ezetz esan». Hala eta guztiz ere, ez daude geldirik Alegiako Udalean eta ekimen txikiagoak ere badituztela esku artean azaldu du.

KULTURARI BULTZADA

Kulturan ere gutxitu egin dute diru kopurua, baina gauza txikiak badira ere ekitaldiak antolatzen ari dira herriari bizia emateko: «Zerbait eman behar diogu herriari, eta Aste Santurako eta batik bat, udara begira, gazteei zerbait eman beharko zaie. Aldiz, adinekoak ditugu baztertuta, eta pena da».

Diru sarrerak murrizteak denetik pixka bat kendu beharra ekarri diela azpimarratu du Irazustak. «Herriko festetarako aurreko urteetako aurrekontuaren erdia gorde da. Sanferminak eta Villabonako festak ere bertan behera utzi dituzte, eta gu erdian gaude. Ez dut uste txapeldunak izango garenik, eta akaso laurdena gastatuko dugu, baina beste gauza batzuei gehiago eskaintzeko aukera izango da; antzerki edo musika aldetik, esaterako, eta gauza txiki gehiago egiteko».

Martxoan egin duten moduan ekitaldiz osatu nahi dituzte hilabeteak: «Apirila Aste Santua tarteko arinagoa izango da, baina Aste Santuko egunetarako, herriko kirol taldeen laguntzarekin, seiko taldetan banatuta egingo dira jarduerak», azaldu du. Futbola, saskibaloia eta pilota praktikatzeko aukera izango dute. «Honelako gauza txikiak antolatzeko dirua jarri da», dio.

MERKATARIEI DEIA

Oraindik ez dute komertzioekin aurreko urtean egin zituzten bonuen salmentaren inguruko balorazio bilerarik egin. «Dena den, nahiago nuke ekimenak elkartu egin behar direla esateko balio izan balu».

Proposamenak eskatu nahi dizkie alkateak merkatariei, beraien eskaintza eta ideiak jasotzea gustatuko litzaioke: «Elkarrekin aztertu eta denentzat komenigarriena zaiguna egingo dugu». Iazkoari begira, aldiz, «bonuena ez zait berriz errepikatzeko modukoa iruditzen, baina hori da beraiekin landu nahiko nukeena, eta beste pauso bat eman beharko genukeela iruditzen zait».


ZENBAKITAN

SARRERAK                                                     EUROAK

  • Zuzeneko zergak                                        468.700
  • Zeharkako zergak                                        20.000
  • Tasak eta bestelako zergak                       198.960
  • Transferentzia arruntak                    1.388.931,56
  • Ondare sarrerak                                              1.200

GASTUAK                                                     EUROAK

  • Pertsonal gastuak                                           775.170,71
  • Ondasun arrunt eta zerbitzuetan               736.916,64
  • Finantza gastuak                                                7.862,41
  • Transferentzia arruntak                               408.921,92
  • Kreditu globala eta bestelako ustekabeak       50.000
  • Inbertsio errealak                                                    7.500
  • Finantza pasiboak                                             91.419,88

GUZTIRA                                                     2.077.791,56

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!